Cristina Ureta. 'Arteria' aldizkari digitaleko koordinatzailea

«Gure artea erantsiko diogu artisten lanari»

Sortzaileen lana janzkera egokiarekin plazaratzeko, 'Arteria' magazin digitala estreinatu dute asteon. Uretak diseinatu du weba, eta proiektua gidatzen du Alvaro Ledesmarekin eta Gregorio Miragayarekin batera.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Web diseinatzailea da Cristina Ureta (Aranda de Duero, Espainia, 1975). Gipuzkoako artisauak biltzeko plataforma digital batean ari da lanean azkenaldian.

Nola sortu da Arteria magazine aldizkari digital elebiduna egiteko ideia?

Alvaro Ledesma artistak eta biok askotan hitz egin izan dugu sortzaileen lana ezagutarazteko dauden zailtasunen inguruan. Horri konponbide moduko bat eman nahi genion, eta pentsatu genuen geure burua erakustea izan zitekeela aukera bat. Jende askorengana iristea, eta beste inoren menpe ez egotea zen gure ideiaren ardatza.

Ez da ohiko aldizkari bat. Sormenezko bideoak daude, olerkien audioak, ilustrazioak... Sormen lana ikusten da.

Aldizkaria sortzeko orduan, bi gauza argi genituen: jende askorengana iritsi behar zuen, eta hori webak eskaintzen zigun, eta, bestalde, artisten lana modu ezberdin batean erakutsi nahi genuen. Sortzaileen lanari balioa jarri behar geniola pentsatu genuen. Orduan erabaki genuen gure arte propioa eranstea, artisten artean oinarrituta. Magazin digitalak paperezko aldizkariaren formatua ematen digu. Edukietan, halaber, sortzaileen lana gurearekin jantzi nahi dugu.

Hiru hilean behin argitaratuko duzue zenbaki bakoitza. Nolako gaiak agertuko dira?

Diziplina artistiko guztiak landuko ditugu: antzerkia, dantza, zinema, arte plastikoak, musika, literatura, diseinua... Artearekin lotutako edozer. Zenbakietan aniztasuna egotea nahiko genuke.

Nola finantzatuko duzue proiektua?

Lehen aurrekontua finantza kolektiboko kanpaina baten bidez osatu dugu. Kanpaina hori Gipuzkoako Diputazioaren bitartez eraman genuen aurrera. Bestalde, Errenteriako Udalaren (Gipuzkoa) Kultura Sailaren laguntza izan dugu. Ledesma, Gregorio Miragaya eta hirurok elkarte bat sortu dugu Errenterian, eta horri esker lortu dugu hango udalaren laguntza. Etorkizunean ere laguntza publikoak lortzen saiatuko gara, baina babesle pribatuak eta publizitatea ere bai.

Zergatik aukeratu duzue zuri-beltza argazkietarako eta sormen bideoetarako?

Ledesmak ia beti zuri-beltzean egiten du lan, eta lehen zenbakian haren irudiak erabili ditugu. Zuri-beltzak elegantzia apur bat ematen dio webari. Niri, bisualki, asko gustatzen zait.

David Aguilar zinemagileari buruzko bideo dokumental bat ikus daiteke lehen zenbakian. Artisten sormen prozesuan sakontzeko asmoa duzue?

Zenbaki bakoitzean gai nagusi bat egongo da, eta aurrenekoan bideo dokumental hori sortu dugu. Artisten lana erakusteaz gain, interesgarria iruditzen zaigu haiek kontatzea nola ikusten duten sormen prozesua barrutik. Zer pentsatzen duten eta zer gertatzen zaien, sortzen dutenean. Hori erakusteak lana hobeto ulertzea ekar dezake. Polita da entzutea zer gertatzen zaien sortzaileei, sortzen dutenean.

Beste aldizkari digitalen batean inspiratu al zarete Arteria sortzeko?

Ez. Gure inspiraziorik handiena paperezko aldizkariak izan dira. Badirudi weba funtzionala izatera kondenatuta dagoela, baina ez da hala. Webean oso gauza politak egin daitezke.

Edukiak Interneten edukiak kontsumitzean beste esperientzia bat eskain dezakezuela uste duzu?

Bi munduak uztartu ditugu. Ikusteko atsegina den zerbait egiten saiatu gara. Diseinua zaindu dugu, webean nabigatzea gozamena izan dadin. Garai bateko paperezko aldizkariak hain ondo zeuden maketatuta, orriz orri ibiltzen zinela zertaz ari ziren jakin beharrik gabe. Gustu hori da eskaini nahi duguna. Ikus-entzunezko edukiak egin ahal izateak ere aukera infinituak ematen ditu.

Etorkizunean kolaboratzaile berriak izango dituzue?

Hala nahiko genuke. Hori da gure helburuetako bat, baina dirua beharko dugu. Edonola ere, hainbeste dago erakusteko, aldizkaria hil arte egingo nuke, pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.