Guardia Zibilak isuna jarri dio Aldatu Gidoia egitasmoari

Apirilaren 25ean Altsasun eginiko agerraldi batengatik zigortu dute mugimendua, elkarretaratze batean aurrez baimena eskatu gabe bil daitekeen pertsona kopurua gainditzeagatik. 22 lagun bildu ziren.

Aldatu Gidoia mugimenduko ordezkariak, Altsasun (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU
Apirilaren 25ean Altsasun egindako agerraldian legeak onartu baino bi lagun gehiago biltzeagatik jarri diete isuna. Irudia egun hartakoa da. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko ekainaren 29a
10:44
Entzun

Aldatu Gidoia mugimenduak jakinarazi du Guardia Zibilak isuna jarri diela mozal legea aplikatuta. Zehazki, egitasmoak ohar batean esplikatu duenez, apirilaren 25ean egindako agerraldi baten harira jarri diete zigorra poliziek. Prentsaurreko bat egin zuten Altsasun (Nafarroa), iragartzeko maiatzaren 18an protesta eginen zutela Gasteizen, euskararen aldeko politikak eskatzeko ikus-entzunezkoen arloan. Manifestazioan parte hartzera deitu zuten agerraldi horretan, eta leloa zabaldu: Aldatu gidoia euskararen alde.

Berriki, mugimenduko kide bati abisu bat ailegatu zaio, zera dioena: Guardia Zibila aritu dela egun hartan X sare sozialean zabaldutako irudiak arakatzen, ikusi dutela 22 lagun zirela bilduta, eta isuna jarri dietela horregatik. Legeak dioenez, elkarretaratzeak egin asmo direnean, ez da premiazkoa baimenik eskatzea baldin eta hogei lagun edo gutxiago batzartuko badira. Hori horrela, Guardia Zibilak argudiatu du agerraldia egin zutenek ez dutela baimenik eskatu, eta legeak onartzen duen gehienezko lagun kopurua gainditu egin zutela, bi gehiago zeudelako. 

Aldatu Gidoia mugimenduak isuna kritikatu eta salatu du, eta nabarmendu mozal legearen helburua dela herritarrei eragoztea politikan parte hartzea. «Guk euskaran ardaztutako politikak aldarrikatzen segituko dugu», adierazi dute oharrean. 

Euskara erdigunean 

Joan den apirilaren 25ean eginiko agerraldian, «euskarazko telebistaren sorrerako ilusioa eta asmoa» berreskuratzeko deia egin zuen mugimenduak, eta euskaran ardazturiko Euskal Irrati Telebistaren beharraren kontzientzia piztera animatu. Hala, maiatzaren 18an Gasteizen egindako manifestazioan ehunka lagun irten ziren kalera  Eusko Jaurlaritzari exijitzeko kultura politiketan, EITBn, zineman eta plataformetan, «euskara erdigunean jartzeko». Dozenaka eragilek bat egin zuten mobilizazioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.