'Gure Arbasoak' bideo sortaren egilea

Galder Gonzalez: «Gu ez gara eboluzioaren amaiera, ez gara izakirik eboluzionatuena»

Ikusgela plataforman eboluzioari buruzko bideo sorta bat argitaratuko du Gonzalezek; hemendik eta ekainera arte, hamasei bideo guztira. Urtarrilaren 21ean estreinatuko du lehena.

Galder Gonzalez, ostiralean, Zarauzko hondartzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Galder Gonzalez, ostiralean, Zarauzko hondartzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Garai berriek ezaugarri anitz dituzte; horietako bat, ideia zaharkituei proposamen berriak ekartzen dizkietela. Horixe gertatu da eboluzioaren teoriarekin ere, Galder Gonzalezek (Barakaldo, Bizkaia, 1982) bertze ikuspegi bat eman diola uste orokorrari. 

Zer da eskala naturala?

Eboluzioaren teorian erabiltzen da scala naturae terminoa, baina teoria hori sortu aurretik ere erabiltzen zen. Eskala bat da: behean daude harriak, gero landareak, animalia sinpleak, eta azken pisuan-edo, Jainkoarengandik gertu, gizakia. Askotan azaltzen dute horrela eboluzioa, txinpantzearen bilakaera, adibidez. Pentsamendu horren oinarria da gizakia dela izakirik eboluzionatuena, eta horixe dela, gainera, helburua: gizakia. Oraindik oso txertatua dago eskala horren kontzeptua. 

Arazoa da kontzeptu hori erabiltzea?  

Bai, arazoa da, batik bat ez delako egia. Gu ez gara eboluzioaren amaiera, ez gara izakirik eboluzionatuena. Izaki guztiak gaude eboluzionatuta gure bizimodurako; alegia, txinpantzeak ere oraindik bizi dira, eta landareak ere bai. Bakoitza bere bizimoduan, denok eboluzionatu dugu berdin. Hizkuntzarekin ere hori gertatzen da. Denak gatoz enbor beretik, beraz, denok dugu adin bera alde horretatik. Horixe da ‘Gure Arbasoak’ sortaren zentzua: gizakia bukaera gisa ikusi ordez hasiera gisa ulertzea, eta hortik atzera bidea egitea gure ahaideen bila. 

Eboluzioaren teoriari buelta, beraz: iraganetik hasi beharrean, orainetik. 

Biak dira egokiak, edo izan daitezke, behintzat. Pentsa dezakezu eboluzioa aurrera begirako zerbait dela, baina zilegi da pentsatzea iraganera ere begiratu behar dela. Azken batean, iraganera begiratzerakoan orainetik ari zara begiratzen, eta horrek ezinbestean ekartzen zaitu aurrera. Gaur egun bizirik dauden ahaideez ari bagara, ezin da iraganera soilik begiratu. ‘Gure Arbasoak’ sailak iragana aitzakia gisan hartzen du eboluzioa lantzeko eta kontzeptuak ulertzen laguntzeko. 

Noiz arte da oraina?

Gu eboluzionatzen ari gara oraindik; eboluzioa ez da inoiz gelditzen. Gertatzen dena da kulturak denbora hori gelditu egiten duela. Baina errealitatean ikusten da gaixotasunei aurre egiteko, adibidez, eboluzioak asko eragiten duela: batzuk sendatzen dira eta beste batzuk ez. Guztiok egiten dugu: nik ordena bat asmatuko badut, neure burua jarriko dut goren-gorenean. Ikuspegi aldaketak behar dira, eta horixe da bideoak planteatzen duena: guztiok garela zuhaitz beraren parte. 

Zergatik jarri duzu zuhaitza erdigunean? 

Eboluzioaren zuhaitzarena Darwinen [Charles] lanetatik dator. Zuhaitzak esan nahi du bakoitza hostotxo bat garela, eta hor ez da ikusten zein hosto dagoen eboluzionatuen. Denak ari dira une berean funtzionatzen. Hostoak adaxkei lotuak daude, adaxkak adar handiago bati, eta, adarrak, azkenik, enbor bakar bati: bizitzari. Adar batzuk beste batzuk baino beherago hazten dira, baina denak daude enbor berari lotuak. Gure hostotik izaki bizidun guztien adarretara egin nahi dugu bidea bideo sortaren bidez. 

Zer helburu ditu bideo sortak?

Ikusgelan sail asko ditugu, eta horietako asko letren eta humanitatearen ingurukoak dira. Horiek ikusita, sentitu genuen biologiaren eta geologiaren gaietan hutsunea eta beharra zegoela. Eboluzioari heltzea egingarria ikusi genuen, eta helburu zehatza du: zientziaren ezagutza hobetzea eta euskarazko baliabideak eskaintzea. Ez dago eboluzioaren gaineko informazio askorik euskaraz eta libre, eta hori elikatu nahi izan dugu. Primate guztiak azaltzeko denboraldi oso bat egin dugu; ea gehiago ere egiteko aukera dugun. 

Nolakoa izan da dokumentazio prozesua?

Gidoiak nik egin ditut, baina batzuetan beste zenbait dibulgazio lan hartu ditut oinarri. Informazio asko bilatu eta landu dut gidoia osatzeko, baita adituekin batu ere: Biogipuzkoako langile batekin, EHUko kultura zientifikoko katedradunekin, irakasleekin… Hanka sartzeko arriskua zegoen, eta gauzak ondo egin nahi izan ditugu. Wikilarien elkarteko jendearekin ere aritu gara zuzenketak eta aldaketak egiten, fintzen, ez baita gauza bera aditu bati galdetzea edo gaia menderatzen ez duen norbaiti galdetzea. 

Zeren arabera antolatu dituzu bideoak?

Bideo bakoitza nahita zatituta dago. Lehena gizakiari buruzkoa da, eta, hortik, atzera. Adar bakoitzarekin bideo bat egin dugu: txinpantzea, gorila, orangutana… atzeraka joan gara primate guztiak batu arte. Baina lehena gizakiaren arbasoen ingurukoa da. Espezie bat beste batekin nahasten den bakoitzean, alegia, beste espezie batera iritsitakoan, beste bideo bat sortu dugu. Talde handia bada, bi bideo ere egon daitezke. 

Zer harreman duzu zuhaitzekin eguneroko bizitzan? 

Ez dut harreman handirik, egia esan. Paleontologia ikasi nuen, eta giza eboluzioan egin nuen masterra, baina botanikan ez dut esperientzia handirik. 

Zer mito eraitsi nahi dituzu bideoen bidez?  

Badago bat niretzat berezia dena: jendeak pentsatzen duela gizakia txinpantzetik datorrela. Hori ez da zuzena; txinpantzeak eta guk arbaso bera daukagu. Gure arbaso batzuek eta beste animalia baten arbasoek ez dute antzik beste animalia horrekin, antzekotasunak dituzte beste animalia guztiz desberdin batekin. Hori da lantzen saiatuko garena. 

Ikus-entzuleek parte hartu dezakete?

Nahiko balute bai. Iruzkinak utz daitezke, eta ni ahaleginduko naiz horiei erantzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.