Gaur hasi eta bihar bukatuko dira aurtengo Gaztea sariak, Bilboko Euskalduna jauregiko Urban Hall gunean. 2023ak emandako euskal musika eta ikus-entzunezkoak saritzeaz gain, Gorka Urbizuk eta ETSk zuzenekoak egingo dituzte.
Gorka Urbizuk irekiko dio atea Gaztearen garaikur banaketari, gaur, bakarlari gisa emango duen bigarren kontzertuan. Hala ere, gaur ez da saririk banatuko. Gazteako ikus-entzuleen botoak zenbatuta, biharko ekitaldian banatuko dituzte iazko artista edo bakarlaririk onenaren, abestirik onenaren, diskorik onenaren, bideoklipik onenaren eta zuzenekorik onenaren sariak. ETS taldeak emanaldi horretan joko du; ikusminaren erakusgarri, 2025ean BECen emango dituen bi kontzertuetarako sarrera guztiak saldu dira dagoeneko.
Otsailaren 12an ireki zuten Gaztea sarietan izendatutako hautagaien bozketa, eta hilaren 19an amaitu zen. Egunean behin bozkatzeko aukera izan dute entzuleek, urteko bideoklip, zuzeneko, disko, abesti eta abeslari onenak aukeratzeko.
Bideoklipik onenaren kategorian, Izaroren Cerodenero bideoklipazo, Merina Gris eta Delaporteren Almar, Bulegoren Zure begi horiek, Amoranteren Habanera eta Sara Zozaiaren Caravan dira aurtengo hautagaiak.
Zuzenekorik onenaren sarirako bost hautatuak, bestalde, hauek dira: Huntza, ETS, Belako, Janus Lester eta TOC. Azken urtean jendaurrean egindako ikuskizunei esker lortu dute izendapena.
Urteko diskoaren kategorian, berriz, Zetak taldearen Aaztiyen, Izaroren Cerodenero, Nogenen Åben Cirkel, Ibil Bediren Goldea eta Verde Pratoren Adoretua albumak lehiatuko dira.
Abestirik onenari dagokionez, Bulegoren Zure begi horiek, Leihotikan eta Gorka Urbizuren Etorkizuna ginenean, Nogen eta David Ruizen Abendua, Tatta eta Malakiasen Zure atzetik eta Dupla eta Julietaren Gau zoro bat Bartzelonan dira bost hautagaiak.
Azkenik, Zetak, Merina Gris, Ibil Bedi, Neomak eta Ben Yart dira 2024ko Gaztea sarietako talde edo bakarlari onenaren kategoriako bost izendatuak.
Ainhoa Vitoriak eta Ibon Fernandezek aurkeztuko dituzte bi saioak, eta ETBko Biba Zuek programan iragarri dute «sorpresak» izango direla. «Esan genezake beste emanaldi batzuk ere izango direla sari banaketaren barruan, ETSrenaz eta Gorka Urbizurenaz gain», adierazi du Fernandezek. Gainera, eduki guztien balorazio orokorra egin zuten, eta Vitoriak, esate baterako, abestien eta bideoklipen kalitatea nabarmendu zuen. «Abesti on asko jaso ditugu, estilo askotakoak. Esango nuke bideoklipak egiteko garaian sekulako talentua dagoela Euskal Herrian».
Sarrerak, bukatuta
Otsailaren 2an jarri zituzten sarrerak eskuragai Euskalduna jauregiaren webgunean, doan, eta pertsonako bi txartel erosteko aukera zegoen. Hiru minutu eskasean bukatu ziren denak. Ondoren, otsailaren 23an, txartel gutxi batzuk jarri zituzten salgai, baina horiek ere ziztu bizian bukatu ziren. Hala ere, sarrerarik gabe geratu direnek aukera izango dute kontzertuak eta ekitaldia streaming bidez ikusteko, Gaztearen Youtube kanalean eta webgunean.