'Gorabeherak' websaila 'Ttap' berrituan ikusgai, bihartik aurrera

Lurralde edizioak edizio bakar batean batuko dituzte. Diseinu berria ere estreinatuko dute

Nerea Arriola eta Kepa Errasti dira Gorabeherak websailaren aktore protagonistak. TTAP.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Orain arte, Ttap aldizkari digitalak Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan edizio propioak zituen. Bihartik aurrera, berriz, edizio bakarrean bilduko dituzte guztiak. Edizio bateratuak atal eta kolaboratzaile berriak izango ditu. Berrikuntzen artean, nabarmenena Gorabeherak fikziozko websaila izango da. Umorezko atal laburrek osatuko dute, eta aldizkari digitalak bi astean behin emango du, etzi hasita.

Monika Belastegi aldizkariko zuzendariak websailaren nondik norakoak azaldu ditu: «Gorabeherak-en planteamendua sinplea da: igogailu bat egongo da, hildakoak zerura eta infernura eramango dituena». Igogailu horren arduraduna Ramon da, igogailuzaina, eta egoera xelebreak bizi izango ditu igogailuan gora eta behera ibiliko diren pertsonaiekin. Pertsonaia horietako batzuk Euskal Herrikoak izango dira, eta beste batzuk, atzerrikoak.

Ttap aldizkariko lantaldea fikzioarekin «ilusioz beteta» dagoela azaldu du Belastegik: «Mimo handiz egin dugu, eta uste dugu emaitza dibertigarria eta txukuna dela. Gogo handia dugu ikusleei erakusteko eta iritziak jasotzeko». Tabakalerako 2deo laborategiaren eta Bertako Igogailuak enpresaren babesa jaso du websailak.

Sormen lanari dagokionez, Belastegik Kepa Errasti eta Nerea Arriola aktoreen inplikazioa goraipatu ditu. Errastirenak dira atalen gidoiak eta zuzendaritza. «Arriolak ere sekulako lana egin du, atal bakoitzean guztiz desberdina den pertsonaia antzeztuz».

Kolaboratzaile berriak

Ostiral honetatik aurrera, horrenbestez, Ttap bakarra izango da Euskal Herri osoarentzat. «Aldizkaria sortu zenetik beretik, baimena eman diogu geure buruari formatuekin eta edukiarekin jolasteko eta esperimentatzeko. Berrikuntza hori da esperimentuen ondorioetako bat; azken finean, forman ere, dinamikoa eta bizia da Ttap, aldatzen eta eboluzionatuz doana», azaldu du Belastegik.

Edizio bateratuak atal eta kolaboratzaile berriak izango ditu. «Lurraldekako planteamendua gainditu eta euskal herritar guztientzako interesgarria den produktua sortu nahi dugu, edizio ezberdinak deskargatzera behartzen ibili gabe». Kolaboratzaileen artean, honako hauek egongo dira: Anabel Arraiza, Izaro Andres, Aitzol Atutxa, Ion Celestino, Aingeru Epaltza, Angel Erro, June Fernandez, Ander Izagirre, Ane Labaka, Bea Server, Arantza Urretabizkaia, Oier Zuñiga, Janire Azkueta, Jokin Aierragarai, Naia Ibrain eta Aitor Abaroa.

Belastegik esan duenez, aldizkariak inbertsio handia egin du diseinua eta maketazioa eraberritzen, «garbiagoa» eta «erabiltzen errazagoa» izan dadin. Gainera, azalean ageri den pertsonaia elkarrizketatuak irakurlea agurtu ondoren, aldizkariak dioen moduan, ttap egingo du pantailaren «beste aldetik», eta orduan agertuko da pantailan aldizkariaren azala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.