Egiaz eta begiaz

Gonzalez de Alaizaren 1933ko omenezkoa'Euzkadi' egunkarian

Aipu eta sona handieneko eguna izan zen 1933ko ekainaren 16koa Musitun, Abdon Gonzalez de Alaizaren omenaldia kausa. Arabar mendialdeko herri txikiko ospakizuna Euskal Herrian lau ertzetara hedatu zen 'Euzkadi' egunkariak argitaratu zuen kronika jakingarriaren bidez. Kronikan abiatu gara, orduko kronika haren baitatik.

Musitu herria, Arabar Mendialdean. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Musitu
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Hil artean gogoan izan zuten jakile izan ziren musituarrek. Egun gogoangarria bizi izan ez zutenek, berriz, orduko kronika irakurriz gozatzen dira oraingo egunean: 1933ko ekainaren 16 hura Musitun. Iraganak ziren zazpi urte Musitu bereko Abdon Gonzalez de Alaiza Azazeta hila zela, baina haren lagunek ez zuten ahantzia, omenaldian etorri zitzaizkion hilerriraino eta, zinez eta minez, mundua bildu zen Arabako herri ttiki mendian galdura. Mundu hartan, bestalde, bazen aipu eta sona handikorik. Jeltzaleak ziren, ororen gainetik.

 
Egun berean, Euskal Poesiaren IV. eguna ospatu zen Urretxun, baina, halarik ere, Iparragirreren habiara gabe Gonzalez de Alaizarenera jo zuten garaiko buruzagi abertzale handienek, Euzkadi egunkariaren kronika trinkoak, kronistaren sinadurarik ez duenak, zehatz kontatzen digunez: «Alaizaren memoriari egindako omenaldia». Izenburu nagusiaren azpian, argazkia, oin hauxe ageri: «Alaiza abertzale handiaren aberkide eta lagunak, haren hilobiaren oinetan lehengo igandeko omenezko ekitaldian». Eta hor dira Frantzisko Xabier Landaburu, Ramon Bikuña, Doroteo Ziaurriz eta Manuel Iruxo politikariak mintzo, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren izenean, hurrenez hurren. Haiekin batean da Mario Galarza ere, Euzko Ikasbatzaren ordezkari.

Heiagoraka ari da haste beretik kronista anonimoa, omenaldiaren heina azpimarratuz eta irakurleari egunaren hezurra eta azala erakutsiz. Izango du mamira heltzeko astia gero ere: «Lehengo igandean Musitun, arabar mendialdeko herrian, omenaldi soil, barnekoi, emozioz eta iradokizunez betea egin zitzaion abertzale intsigne Alaiza'tar Aton-i, gaitasun handiko gizona bera, zeinari abertzaletasunaren oraingo eguneko loratze zoragarriak asko baino gehiago zor baitio». Ehun jarraikile ere bildu ziren egun hartan Musituko, eta kronistaren, «herritxo galdura», eta ezin jakin harrezkero inoiz hainbeste arimak bat egin ote duen bertan, joan deneko hogei urtean hamalau bizilagun behin ere izan ez dituen Musitun.

Laminoriatik gora

Herritarrak harriturik, miretsirik, berriz, erbestekoak: «Ibiltariak liluraturik zeuden, hala festagatik nola lekuaren ederragatik, herri txiki bat, beste inondik baino zerutik hurrago dagoena. Han egiaz maite dute aberria; han are beroago sentitzen da gure kausaren aldeko justizia». Eta haraxe, Musitura, jendetza.

Oraingo eguneko ibilgailurik gabe, tren berezia antolatu zuen Euzko Ikasbatzak Gasteiztik, goizeko hamarretan. Bergara eta Lizarra arabar hiriburutik barna lotzen zituen Anglo-Vasco-Navarro bultziak Laminoria Errege Haraneko geltokiraino eraman zituen bidaiariak. Han, Abdon Gonzalez de Alaizaren anaia txikien Domiziano zuten zain. Harexek gidatu zituen erbestekoak Musitu guneraino. «Harainoko bidea ez da oso luzea, eta pagoz jositako mendietan barnako ibilia harrigarria eta atsegina da, nahiz tarteka soilgune mingarririk ere ikusi». Kronistaren begi zoliak argi, orduan ere.

Abdon Gonzalez de Alaizaren jarraikileak laster heldu ziren Laminoriatik Musitura. Tarte batean atsedendu zirenean, hamabietako mezatara bildu ziren Koikili Agirre apaizaren esanetara. Donostiako Aieteko elizan zen apaiz, baina ezin, bada, Musituko hitzorduari huts egin, zazpi urte lehenago berak lagundu baitzion Gonzalez de Alaizari heriotzako orduan. Eta Donemartie eliza «txiki-txikia, eta garbi-garbia, mukuru bete zen». Elizkizun zirraragarria, kronistaren hitzetan ageri denez. «Erroetako apaizak, Gantxegi'tar Saturninok, euskaraz kantatu zituen Poz-ekarle, Nik agurtzen eta angelusa!». Mezerdikoan, bestalde, Aguraingo txistulariek jo zuten eta mezak iraun zueno, hantxe egon ziren zaintzan presbiteroan, aldare nagusiaren aurrean, Gasteizko Euzko-Gaztedijako sei ezpatadantzari.

Hango apaiz haiek

On izango da parentesi bat ireki eta arestian aipatu Saturnino Gantxegiz hitz bi esatea. Soraluzen jaioa, 23 urtetsuko apaiz gaztea zen, 1933ko hartan, Musitu ondoko Erroetan (Araba). Handik Eibarrera destinatu zuten, non harrapatu baitzuen gerrak. Eibarreko eta Loiola itxarkundiako kapilau, Duesoko espetxean sartu zuten 1937ko abuztuaren 28an. Azaroaren 9an epaitu zuten, eta 20 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Kondena berrikusi ziotelarik, 6 urtekoa eman zioten zigorra. Baldintzapean libre zen 1940ko ekainaren 19an, eta aske, berriz, uztailaren 29an… Libre, baina Ciudad Realera (Espainia) erbesteratua. Handik zazpi urtera itzuli zen Eibarrera kapilau. Gantxegik bazuen adorerik. Dueson, kideen aurrean arrosarioa errezatzeko garaian, otoitz bat egin zuen egun batzuk lehenago fusilatuak zituzten hamalau presoren alde. Presoak hunkiturik eta, aldiz, haserre eta urduri zaindariak. Arrosarioa burutzean, senetik aterarik komandantea, Gantxegiri hots egin eta hilabeteko ziega agindu zion, bakarturik.

Kronistari jarraikiz, jakingo dugu egun hartan Musitun hiru apaiz ere bazirela. Arestian aipatu Koikili Agirre eta Saturnino Gantxegirekin batera, Martin Lekuona, Manuelen anaia gaztea, 1932an apaiztua, Errenteria baino lehen Musitu lehen destinu izan zuena, 1937an Hernanin fusilatu zutenetakoa.

Hilerrira eta Abdonen etxera

Meza eta gero, eliza ondoko hilerrira egin zuen jendeak eta, han, errespontsua egin zuten hiru apaizek «Abdonen hilobiaren aurrean, Isaac Diaz Ibarrondo artista abertzale gasteiztarraren hilarri diskoidalaren ondoan eta hilobiaren oinetan sartutako haritz gazte baten itzalean». Eta, hain zuzen, une horrexetakoa da Euzkadi egunkariaren kronika aberatsa janzten duen argazkia. Hortxe dira erbestetik etorritakoekin batera, musituarrak. Handik, «Abdonek azken hatsa eman zuten lekura, bere jaiotetxera» zuzendu ziren, oroimenezko idazkuna estalgabetzera. Oraingo egunean ere bertan da plaka, Madrileko eusko ikasleen elkarteak 1933ko ekainaren 16 hartan txairo jarria. “Etxe ontan jaio ta ill zan Alaiza'tar Aton euzko abertzale gurena. Madrid'eko Euzko Ikasbatza'k—. Idazten ari zelarik, kronistak ezin jakin plaka horrek gerra ondokoan ibiliko zituen bideak, Gonzalez de Alaizaren etxeko fatxadatik kendu eta trenean lehenengo, eta alaizatar gazte baten saman gero, senideek Gasteizko etxe batean ezkutatu zutela luzaro.

Idazkuna erakutsi baino lehen, alabaina, mintzaldiak egin zituzten Musitura egindako buruzagiek. Hasteko, Mario Galarzak jardun zuen, Euzko Ikasbatzaren izenean, omenduaren oroimenez eta gorazarretan. «Abdon Gonzalez de Alaizak (Goian Bego) bizian egindakoen artean dira, gauza guztien gainetik, Madrilen bizi ziren euskaldunak batzea, haiek euskal pizkundearen bidean jartzea, eta euskal pizkunde horretan ikasleak nabarmentzea, Alaiza estudianteekin inorekin baino gogotikago saiatu baitzen». Gonzalez de Alaiza kartsuak erein zuen Madrileko Euzko Kulturaren Elkartearen hazia, eginahalak eta bi eginez «euskal kultura garatzera bideratutako aldizkari, egunkari eta organoak adiskide zituenen artean zabaltzeko eta banatzeko. Lan horrexen ondorioz hazi zen Euzko Ikaskuntzak Madrilen zuen bazkideen kopurua, eta, gisa berean, sortu zen Euzko Ikaskuntzaren ordezkaritza». Merezimendu gehiago ere bildu zituen, ordea, Gonzalez de Alaizak espainiar hiriburuan egindako lan nekeak. «Berak sartu zuen Argia astekaria Madrilen, berak egin zuen lan euskal haurrak eskolatzeko aldizkaria, Txistu, argitara zedin». Eta Gonzalez de Alaiza izan zen Madrilen Uztaritzeko apaizgaitegiaren aldeko harpidetzen zabaltzailerik gogorrena.

Ramon Bikuña

Gorago iragarri dugunez, Ziaurriz Iruxo, Landaburu eta Bikuña ere hizlari izan ziren egun hartako Musitun.

Alabaina, hizlari horietan guztietan nabarmen zen «Abdonen lagun handienetako bat», zeina baitzen Bikuña, omenduaren adiskide mami. Berak egin zituen hitzik sentitu min hunkituenak, kronista anonimoarenetik dakikegunez. Bikuñak, lehenik, Musituko ama-lurraren araztasuna goretsi zuen, «kontaktu eta kutsadura modernotik libre, ez errepiderik ez kaminorik duena». Hori, haatik, «arrazaren santutegi hobea eta Abdon de Alaiza euzkeldun gorenaren hondakinen gordailu sakratua izateko» abantaila luke Musituk. Gonzalez de Alaizaren etxe atarian, Igoroin errekari lagun egiten dion oihan zoragarria begien aurrean zuela ari zen Bikuña, suhar, gezurrik gabe. «Hauxe da Alaizak Madrileko erbestealdiko denboran begi-ninietan iltzaturik eduki zuen toki zoragarria, berdinik gabea. Orain hobeto ulertzen dugu erbestetik ihes egiteko egin zuen mugimendu isila, bere tokira, bere auzo goxo zokora etortzeko, jaio zen lurrera betiko atsedetera, exodo tragiko bezain bikaina eginez. Bide makabro horretaz pentsatu eta haurtzaroko auzokideen harridura irudikatzen dut, ikusiz txikitan bere herritik eta bere arabar lurretik irten zen hura, behinola urruti joan zena, berriz hona, mendi hauetara etortzen ikusi zuenean, zabuka, beharbada, gaixorik, harkaitz eta malkar hauetatik barrena, kanpoan luzaro egon eta gero, bere herriari azken omena eskaintzera: bizitzaren omena; heriotzarena, agian, argieginen moduan».

Abdon Gonzalez de Alaizaren anaia Domizianok Musitura bildu munduari eskerrak eman «eta zorion betea opa zien guztiei, izan dadin lurrean edo zeruan».

Azkenaz beste, idazkuna estalgabetu zuten une horretan, Aguraingo txistulariek Agur Jaunak jotzen zuten bitartean. Eta Iruxok azken hitza bere, kronistak dioskunez: «Urretxun bardo ibiltariaren memoria ohoratzen ari zirenekin sentimenduzko lotura eginez, “Gernikako—-a kantatuko zela esan zuen Iruxok». Eta halaxe egin zuten denek, kantatu, Iruxoren musika sen onari jarraikiz.

Harrezkero, gora da Abdon Gonzalez de Alaiza Azazetaren irudia han eta hemen eta euskarazko komiki-aldizkarien historian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.