EITBko zuzendaritza talde berriaren erronka nagusia ETB1 euskarazko katea indartzea zela iragarri zuen Maite Iturbek, kargua hartu berritan. Bada, bide horretan lehen urratsak egiten hasi dira: Egun On, Euskadi saioa ETB2tik kendu, eta euskarazko katean emango dute, astelehenetik aurrera. Estepan Aldamiz eta Olaia Urtiaga izango diraeuskarazko albistegiaren, solasaldiaren eta elkarrizketen gidariak. Lehen aldiz, euskal telebista publikoaren goizeko lehen albistegia euskaraz emango dute. ETB1eko programazioa normaltzeko bidean hartutako lehen erabakia da Egun On, Euskadi euskarazko katera aldatzea.
ETB2ko goizeko informazio saioa ordezkatzeko, eguerdi partean antzeko egitura —albisteak, elkarrizketak eta solasaldiak— izango duen beste saio bat emango dute hilaren 15etik aurrera. Donostiako Miramongo egoitzan ekoitziko dute saio hori.
Iragan martxoaren 22an eman zuten azken aldiz ETB2n Egun On, Euskadi saioa, Vanessa Sanchez aurkezle zuela. Elkarrizketez gain, eguneko albisteen gainbegiratu bat eta eguraldiaren iragarpena ere egiten zuten saioan. Gaztelaniazko bertsioak bi ordu inguru irauten zuen: 08:30etik 11:00etara.
Bilboko egoitzan ekoitziko dute euskarazko saioa, eta gaztelaniazkoaren antzeko egitura izango du. Goizeko zortziak emateko bi minuturen faltan hasiko dute saioa. Lehenengo orduan, 09:00etara bitartean, informazioari egingo diote tartea. Olaia Urtiagak gidatuko du eguneko lehenengo albistegia. Eguraldiaren iragarpenak eta zirkulazioaren azken ordukoak ere bere lekua izango dute albistegian. Apirilaren 15etik aurrera, Urko Aristi aurkezleak berak emango du eguraldiaren iragarpena, zuzenean.
Solasaldia eta elkarrizketa
Ondoren, 09:00etatik aurrera, solasaldiaren txanda izango da. Hiru gonbidatu izango dituzte egunero, eta mahai inguruan albisteen analisiak eta iruzkinak egingo dituzte, 09:00etatik 09:30era. Estepan Aldamizek gidatuko du saioaren atal hori. ETB2ko Egun On, Euskadi saioan aritzen ziren euskal hiztunak izango dira solaskideetako batzuk.
Amaitzeko, 09:30etik 10:00etara, gaur-gaurko gaiekin lotutako elkarrizketa bat egingo dute, gehienetan politikari lotutakoa. Estepan Aldamizek egingo dizkio galderak elkarrizketatuari. Elkarrizketa ordu horretan egitea erabaki dute, Euskadi Irratiko goizeko elkarrizketarekin bat egin ez dezan.
Euskal kate publikoko lehen albistegia euskaraz egitea ez da izango ETB1eko programazioa normaltzeko urrats bakarra.Donostiako Miramongo egoitzan magazin bat ekoitzi nahi du zuzendaritzak, 15:30etik aurrera emateko asmoz. Litekeena da irailetik aurrera, denboraldi berriarekin batera, hastea saio berri hori. Ekainerako lantaldea erabakita izatea espero du zuzendaritzak. Estitxu Fernandezek eta Oihan Vegak aurkeztu zuten ETB1eko azken arratsaldeko magazina: Arratsaldero. Ikusle datu txikien ondorioz, baina, saioa bertan behera utzi zuten iragan urteko otsailean.
Komunikazioa
Goizeko lehen albistegia euskaraz emango dute ETBn, aurrenekoz
'Egun on, Euskadi' ETB1en emango dute astelehenetik aurrera, Estepan Aldamiz aurkezle duela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu