'Goierriko Hitza'-ren 20. urteurrena ospatuko dute larunbatean

Ekitaldiz betetako jaialdia egingo dute Lazkaon (Gipuzkoa). Musikaz beteko dira herriko kaleak, eta afari berezia egingo dute.

'Goierriko Hitza'-ren festa bat. BERRIA
'Goierriko Hitza'-ren festa bat. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko urriaren 2a
11:00
Entzun

2004ko urriaren 5a egun berezia da Gipuzkoako Goierri eskualdeko euskalgintzarentzat. Egun horretan argitaratu zuten lehen aldiz Goierriko Hitza euskarazko komunikabidea; Goierritarrak kultur elkarteak, Otamotz euskal elkarteak, BERRIA Taldeak eta eskualdeko hainbat gizarte eragilek bultzatuta argitaratu zuten lehen zenbaki hura, eta hogei urte pasatu dira orduz geroztik. Esker modura, euskarazko komunikabidearen lantaldeak festa bat antolatu du larunbaterako, Lazkaon (Gipuzkoa).

Goizetik gauera iraungo du larunbateko jaialdiak. 11:30ean hasita, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira, dultzaina jotzaileekin batera; 17:00etan, Bakuntza taldea ariko da plaza inguruko kaleak alaitzen; 18:00etan, herri kirolak izango dira: zazpi herriren arteko lehia egingo dute: Urretxu-Zumarraga, Idiazabal, Lazkao, Gabiria, Ataun, Beasain eta Olaberria; 19:30etik 21:00etara, trikitilariak ibiliko dira kalez kale; eta 21:00etan, herri afaria egingo dute.

Afarira joateko txartelak honako toki hauetan daude salgai: Ordiziako Mujika liburu dendan, Goierriko Hitza-ren Beasaingo bulegoan, Lazkaoko Gerriko liburu dendan eta Urretxuko Kotoi paper dendan. Jaialdiak bailarako hainbat laguntzaile eta babesle izan ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.