«Twitter zenak eta X deitzera ohitu ere ez garen sare sozialak jo du bazterra». Goiena taldearen hitzak dira, ostiralean jakinarazi baitzuen X ez duela gehiago erabiliko ezer argitaratzeko, ez zabaltzeko. «Erabaki dugu ezin dugula egun bat ere gehiago jardun munstroa elikatzen». Goiena taldea eta Ulua hedabide digitala —Ulu Media ekoiztetxeak egiten du— izan dira X sarean gehiago ez argitaratzea erabaki duten euskarazko lehen komunikabideak. Joan den astean, The Guardian egunkari britainiarrak eman zuen lehen pausoa; handik ordu gutxira, Kataluniako La Vanguardia egunkariak bide bera hartu zuen. Beste komunikabide batzuek, berriz, X sare sozialean segitzea erabaki dute. Asko egoera aztertzen ari dira.
The Guardian egunkariak irakurleei jakinarazi zienez, Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeetan X sare sozialak izan duen jarrera izan da erabakia hartzeko azkeneko kolpea. «Sare horrek sustatzen dituen eduki asaldatzaileen artean, konspirazioaren teoriak, eskuin muturrekoak eta eduki arrazistak daude», gaineratu du egunkariak. Aintzat hartu behar da AEBetako PBS telebista publikoak eta NPR irrati publikoak ere aurretik hartu zutela X uzteko erabakia.
La Vanguardia egunkariaren arabera, X sare sozialean giza eskubideen aurkako ideiak zabaltzen dira. «Gutxiengo etnikoen aurkako gorrotoa, misoginia eta arrazakeria X-ko eduki biralen parte dira». Egunkari horrek, erabakitzeko garaian, Yuval Noah Harari historialari eta filosofoaren elkarrizketa bat berreskuratu zuen. Izan ere, bertan Hararik esaten zuen X-ko edukien %20 bot-ek erabakitzen dituztela: «Algoritmoek erabakitzen dute zein ahots isilarazi eta zein anplifikatu».
Iban Arantzabal Goiena taldeko zuzendari nagusiari iruditzen zaio komunikabide gehienak dabiltzala zalantzan. «Denok dauzkagu zalantzak. Gure zalantzak aspaldikoak dira, baina ez bakarrik X sare sozialarekin. Funanbulistak gara soka gainean bezala ibiltzen». Baina X sare sozialaren jokabidea oso muturrekoa bilakatu izana deitoratu du: «Xake taula gidatua bihurtu da X, oso manipulatua». Hori elikatzen jarraitu ala ez: hori zen Goienak hartu beharreko lehen erabakia. «Erredakzio kontseiluan hitz egin genuen, eta adostasun osoz hartu dugu erabakia».
Mirari Altube Goienako sare sozialen arduraduna da. Nabarmendu du urtarrilean hasi zirela tokiko beste komunikabide batzuekin gaiaz hausnartzen. Instagram, Tiktok eta beste sare batzuez ere aritu ziren. Nabarmendu du Goienak hamabi kontu dituela X-n —horietatik bederatzi dira Goienarenak berarenak, eta besteak Danbaka, Guraso eta Ttap dira—. «Badakigu hor komunitate bat sortua genuela, ia 20.000 jarraitzailerekin. Baina argi esan dugu beste bide batzuetatik topatuko gaituztela irakurle horiek», gaineratu du Goienako sareen arduradunak.
«Badakigu hor komunitate bat sortua genuela, ia 20.000 jarraitzailerekin. Baina argi esan dugu beste bide batzuetatik topatuko gaituztela irakurle horiek»
MIRARI ALTUBEGoienako sare sozialen arduraduna
Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeei berri ematen aritu den kazetari baten adibidea eman du Arantzabalek: «Estatu batetik bestera pasatzen zenean, X-k Donald Trumpekin lotutako mezuak bidaltzen zizkion algoritmoaren bidez, eta diru eskaerak ere bai. Kazetariek jakin behar dute hori dela joko zelaia, hau da, algoritmoak manipulatutako joko zelai bat».
Oier Aranzabal Ulua hedabide digitaleko zuzendariak salatu du X «zabortegi» bilakatu dela: «Elon Muskek erosi zuenetik bereziki, eta azken boladan are eta nabarmenago, algoritmoa hor dago gorrotoa sustatzeko, indarkeria zabaltzeko eta ultraeskuinari bidea errazteko». AEBetako hauteskundeek eragin dute hainbat hedabidek X uztea. «Domino efektua eragin du horrek, eta domino efektu horren partaide izatea erabaki dugu, gure xumetik». Erabaki politikoa izan dela nabarmendu du Aranzabalek. «Ez dugu bat egiten X-k duen ildoarekin, bere algoritmoak duen ezarpenarekin».
Guk ulu egiten dugu, ez txio... #AgurXpic.twitter.com/50HHuwobuJ
— ULUA (@ulua_eus) November 15, 2024
Beste alternatiba batzuk
X sare sozialean gelditzeko argudioak eman dituzte beste hedabide batzuek. Vilaweb katalanezko egunkariak, Vicent Partalen editorial baten bitartez, X ez uzteko arrazoiak zein diren azaldu du. «Eskuin muturreko jende asko dagoelako espazio publiko bat eskuin muturraren esku uztea ez dirudi eskuin muturraren eraginari aurre egiteko modu eraginkorra denik», dio Partalek. «Adi egongo gara fenomeno horri guztiari, eta zorrozki erreparatuko diogu haren bilakaerari, baina, oraingoz, Vilaweb-ek X erabiltzen jarraituko du».
Egunotan, nazioarteko hainbat hedabidetan artikuluak argitaratu dituzte, nabarmenduz kazetari, politikari eta sortzaile askok X sare soziala utzi eta Bluesky sare sozialera jo dutela —Twitter sortu zutenak dira jabeak, eta sarea oso antzekoa da—. Hain zuzen ere, egunotan komunikabide indartsu askok sortu dute kontua Bluesky sare sozialean: The New York Times, Bloomberg, Financial Times, The Washington Post, ProPublica, Le Monde, El País, Mediapart, Guardian Australia, Newsweek, The Wall Street Journal, Eldiario.es eta abar. Baina horrek ez du esan nahi X sareko kontua itxi dutenik. Euskaldun batzuek ere sortu dute kontua Blueskyn, eta beste batzuek Mastodon sare sozialera jo dute —Twitterren ibiltzen ziren hainbat euskaldun hara joan ziren aspaldi—. Meta taldearen Threads ere beste alternatiba bat da, Twitterren funtzionamendu oso antzekoa duena.
«Bluesky erreferentzia bihurtzen ari da kazetaritzaren ikuspegitik. Erabaki dugu Blueskyren kopia bat egitea Mastodonen. Baina jendea Mastodonen baldin badago, planteatuko dugu bertan modu zuzenagoan aritzea»
OIER ARANZABAL'Ulua' hedabide digitalaren zuzendaria
Ulua Media ekoiztetxekoek kontua zabaldu dute Blueskyn. Arantzabalek adi ibiliko direla azaldu du: «Ikusi dugu kazetaritzaren ikuspegitik Bluesky erreferentzia bihurtzen ari dela. Mastodon ere aukera bat da; oraingoz, erabaki dugu Blueskyren kopia bat egitea Mastodonen [automatikoki bidaltzen ditu mezuak batetik bestera]. Baina jendea Mastodonen baldin badago, planteatuko dugu bertan modu zuzenagoan aritzea».