Komunikazioa

'GoiBerri' astekaria, 'Goierritarra'-k eta 'Otamotz'-ek bat egitearen fruitua

'Goierriko Hitza'-rekin elkarlanean, euskarazko aldizkari berriak eskualdeko 22 herrien informazioa emango du

Loinaz Agirre Goierritarra-ko zuzendaria eta Asier Zaldua Otamotz-ekoa elkarrekin ariko dira. ARKAITZ APALATEGI.
Beasain
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Goierrik eskualde osora begira egindako komunikazio proiektu berri bat izango du ostiral honetatik aurrera. Hogei urtetik gorako ibilbidea duten bi herri aldizkarik, Goierritarra hamabostekariak eta Otamotz hilabetekariak, bat egin dute, eta Goierriko Hitza-rekin elkarlanean, GoiBerri astekaria sortuko dute.

Astekaria izanda, aldizkariaren izaera, egitura eta atalak ere ez dira lehengoak izango. Loinaz Agirre Goierritarra-ren zuzendariak azaldu duenez, «Goierri ulertzeko ikuspuntu berri bat eskaini nahi du aldizkariak; gaurkotasunari garrantzi handiagoa eman nahi diogu, eta jendearen intereseko gaiak joarratzen saiatuko gara, betiere Goierri osoko ikuspegitik landuta». Hain justu, Agirrek hartuko du GoiBerri zuzentzeko ardura ere. Uste berekoa da Asier Zaldua Otamotz-en zuzendaria ere: «izaera berritzailea izango du; aldizkari biziagoa egingo dugu, atal gehiagorekin».

Izan ere, elkarrizketez eta erreportajeez gain, aldizkariak hainbat atal berri izango ditu. Agirreren hitzetan, «gazteei begira atal bat egin nahi dugu, gazteek eurek egindako lanen eta antolatutako ekintzen berri emateko». Historiaren atala eta ibilbideen saila ere izango ditu, besteak beste; baita atzerrian bizi diren goierritarrak eta eskualdera bizitzera etorritako atzerritarrak bilduko dituena ere. Iritziak ere garrantzi handia izango du, eta eskualdean ezagunak diren kolaboratzaile sorta batekin lan egingo dute. Dena ez da, ordea, aldaketa izango: «Bi aldizkarietan ondo funtzionatzen zuten atal batzuk mantentzea erabaki dugu, irakurleen gustukoak direlako», azaldu du Agirrek.

Aldizkariaren itxura eta eduki berriez gain, beste aldaketa bat ere ekarriko du proiektuak. Izan ere, astekariarekin Goierriko behealdearen eta goialdearen arteko mugak hautsi nahi dituzte, hogeita bi herriak kontuan hartuz. Orain arte Goierritarra aldizkariak Goierri beheko hemezortzi herrietako informazioa lantzen zuen, eta Otamotz-ek, Zumarraga eta Urretxukoa. Alde horretatik, Goierriko Hitza-k duela zortzi urte hasitako bideari helduko diote, eskualde osoa kontuan hartuko duen proiektu komunikatiboa landuz. «Aldaketa naturala da; Hitza-k 22 herrietako informazioa ematen du, eta jendea horretara ohitu da; gu ere proiektu bereko parte garenez, logikoa da filosofia berarekin lan egitea», adierazi du Agirrek. Aldaketa horrek beste ondorio bat ere izango du: orain arte, herri aldizkaririk ez zuen Legazpik, baina hango gaiak ere landuko ditu GoiBerri astekariak.

Bi aldizkariek ez dute kasualitatez bat egin. Duela urtebete, Otamotz Goierriko Hedabideak proiektuan sartu zenean, gogoeta fase bati ekin zioten, esku artean zituzten proiektuen etorkizuna eta norabidea aztertzeko. Azterketa horretan, irakurleen, kazetarien eta iragarleen iritziak jaso zituzten, eta ondorio nagusi bat atera zuten: eskualde osoa kontuan hartuko zuen aldizkari bakar bat behar zela.

Elkarlanak indarrak batzea esan nahi duenez gero, aldizkari berriak zabalkunde eta harpidedun kopuru handiagoa izatea espero dute proiektuaren sustatzaileek. Hala, aurreneko helburua Goierriko 10.000 etxetara iristea izango da. Horretarako, datozen asteetarako marketin kanpaina bat antolatu dute, GoiBerri astekariari ahalik eta zabalkunderik handiena eman eta astekaria ahalik eta toki gehienetara irits dadin. Asmo horrekin, aldizkariaren sorrera iragartzeko bideo bat ere prestatzen ari dira.

Orain arte bi aldizkarietako harpidedun izan direnei lasaitasun mezua helarazi nahi izan diete. «Aldizkari berria jasoko dute, harpidetzari dagokionez aldaketarik egin gabe», iragarri du Agirrek. Orain arte jaso ez dutenek, berriz, harpidetza egiteko aukera izango dute otsailetik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.