ETB1eko Go!azen telesailaren seigarren denboraldia bihar amaituko da, eta, telebistako emanaldiaren aurretik, proiekzio berezi bat egingo dute gaur, Seaskaren eskutik, Hendaiako (Lapurdi) Antoine Abbadie gelan. 18:30ean izango da emanaldia, eta bertan izango dira telesaileko zenbait aktore. Sarrerak www.herriurrats.eus webgunean eros daitezke. Donostiako Tabakaleran, 2deo laborategian, proiekzio berezi bat ere egingo dute bihar, 18:00etan.
Telesailaren azkeneko atalean ezusteko ugari izango dira. Korapilo dezente askatuko dira, gainera: Maddi ez da kikilduko Igorrek egindako mehatxuen aurrean, eta aitortuko du bien artean erabaki zutela zuzendariaren autoa lapurtzea. Igorrek, orduan, Maddi Matxalentsu txiseti bideo biralaren protagonista dela jakinaraziko du. Bestalde, Telmo kudeatzaileak galai gisa jokatuko du Desiren aurrean, itxura berriarekin. Erle batek zizta egingo dio Telmori, eta alergia eragingo dio. Dantza emanaldiaren azken entseguetan dabilela, Enekok aitaren bat-bateko bisita izango du. Enekoren eta Igorren arteko adiskidetasuna, bestetik, hautsi egingo da, Gaboren kartel bat dela eta.
Maria Redondo (Zuri) izan ezik, gainerako aktore gazte guztiak berriak izan dira denboraldi honetan. Mutil transexual bat eta neska musulman bat egon dira pertsonaien artean. Era berean, musika talde askoren abestien bertsioak entzun ahal izan dira.
ETB1en kuota bikoizten du
Nahiz eta aurreko denboraldietako aktore gazteak ez diren azaldu, telesailak eutsi egin die ikusle datuei: batez beste %3,9ko ikusle kuota bereganatu du, aurreko denboraldiaren pare. 4-12 urte arteko neska-mutikoen artean, berriz, %34,6koa izan da ikusle kuota —joan den ostiralean, %54koa—. Xabi Zabaleta telesaileko ekoizle eragilea «oso pozik» dago jasotako erantzunarekin: «Hainbeste aktore berrirekin, erronka zaila genuen aurretik. Pozik gaude emaitzekin. Datorren denboraldia prestatzen ari gara jada». Gainera, Zabaletak aitortu du ikusle datu okerragoen beldur zirela, «egin duen eguraldi onaren eraginez».
Gainera, gailu eramangarrietarako Go!azen-en aplikazioak gorakada nabarmena izan duela nabarmendu du Zabaletak: «Iazko denboraldian 28.000 erabiltzaile aktibo izan zituen aplikazioak, eta urtarrilean kopurua 32.500era igo da. Ea otsailean 33.000 lortzen ditugun».
Baieztatu daitekeena da datorren udazkenean Euskal Herriko neska-mutikoek Go!azen-en atal berriak ikusteko aukera izango dutela.
'Go!azen'-ek ikusle datuei eutsi die, aktore gazteak aldatu dituen arren
Bihar amaituko da ETBko telesailaren denboraldia. Haurren artean %34,6ko ikusle kuota du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu