Denetik izan da Basakabin azken asteetan, eta gaur gauean jakingo da tramen korapiloa nola askatzen den. ETB1eko Go!azen telesailaren 10. denboraldia gaur amaituko da (21:00). Dena den, ziurtzat jo daiteke hurrengo denboraldian telesailak jarraituko duela. Pausoka ekoizpen etxean hasi dira atal berrietarako gidoiak idazten —aurten hamar atal izango dira, eta hurrengo denboraldian, hamabi—.
Xabier Zabaleta Go!azen-eko gidoilari eta ekoizle eragileak nabarmendu du aurten oso emaitza onak izan dituela telesailak. «Oso pozik gaude». ETB1eko emankizunaren ondorengo zazpi egunetan izaniko ikustaldiak batuz gero, %4-6,2ko kuota artean ibili da fikzioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Aste batzuetan diferituan izan ditugu emankizun linealean bezainbeste ikusle». Aintzat hartzekoa da, gainera, egun Go!azen modu askotan ikus daitekeela: ETB1en, Primeran plataforman, Youtuben eta telesailaren gailu eramangarrietarako aplikazioan. Youtuben, lehen atalak 48.000 ikustaldi baino gehiago izan zituen. «Bederatzi atalak batuz gero, 200.000 ikustaldi baino gehiago dira. Iazko datuak baino apur bat hobeak dira».
Berrikuntza aurten telesaila Primeran-en jartzea izan da. Eta deigarria da datua: Go!azen-en sei denboraldi daude Primeran plataformako gehien ikusitakoen Top10ean.
Denboraldi honetako gaitegiari dagokionez, pertsonaietako batek esklerosi anizkoitza du. Beste pertsonaia bat aberatsen mundu batean bizi da, eta gauza materialek hainbesteko garrantzia ez dutela ikasiz joan da Basakabin. Ezetz esaten ikasi behar izan du beste batek. «Nabarmenduko nuke harreman homosexualak naturaltasunez bizi dituztela telesaileko pertsonaiek», azaldu du Zabaletak.
Telesaileko bi pertsonaia denboraldi honetan hika aritu dira haien artean: Saioa (Mikele Arizkorreta) eta Gontzal (Kimetz Etxabe). «Bizitza errealean haien artean hika egiten dute, eta haien proposamena izan zen pertsonaiek hika egitea bakarrik daudenean». Saiakerarekin oso gustura gelditu dira Pausokan. «Proposamen oso polita iruditu zitzaigun. Ikusle askok esan digute gustatu zaiela, eta saiakera horrekin jarraituko dugu hurrengo urtean».
Atzo arratsaldean Go!azen-en denboraldiko azken atala Donibane Lohizunen (Lapurdi) proiektatu zuten, eta jasotako dirua Seaskaren alde izan zen. Gaurko ETBko emankizunaren ostean, datorren ostiralean telesailaren hamar urteak laburbiltzen dituen dokumentala emango dute —Primeran-en dago ikusgai—.
Ekoizpenaren arduradunen asmoa da, iaz bezala, aurten ere Donostiako Zinemaldian egitea aurrestreinaldia, belodromoan. «Zinemaldikoak oso pozik gelditu ziren. Gainera, ez ziren inoiz belodromoko sarrera guztiak hain bizkor saldu».
Bide luzea du egiteko oraindik Go!azen-ek. Euskal Herriko mugak ere gainditu ditu formatuak: Kataluniako TV3 kateak katalanezko bertsioa egin du, euskarazkoan oinarrituta. Astelehen gauean estreinatu zuten Jo mai mai telesaila, eta harrera beroa izan zuen. %16,1eko ikusle kuota lortu zuen —319.000 ikus-entzule eta liderra prime time-an—.
Badator 'Irabazi arte'
Nahiz eta Go!azen gaur amaituko den, Euskal Herriko neska-mutikoek ETBko beste fikzio batekin gozatu ahalko dute datozen asteetan. Irabazi arte telesailaren hirugarren denboraldia laster iritsiko da: otsailaren 2an, Primeran plataforman sareratuko dute aurreneko atala. Lehen atal hori otsailaren 9an emango du ETB1ek. Bigarren astetik aurrera, gau berean zabalduko dituzte atalak: ETB1en eta Primeran-en.
Irabazi arte-ren denboraldiko lehen atalaren aurrestreinaldiak arrakastatsuak izan dira Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Etzi Bilboko Euskalduna jauregian egingo dute azken aurrestreinaldia, 12:00etan.
Beste fikzio bat ere datorren astean helduko da Primeran plataformara: Toure detektibea otsailaren 1ean estreinatuko dute, euskaraz, plataforman. Jon Arretxeren eleberrietako pertsonaian oinarrituta dago.