Iritsi da Euskal Herriko neska-mutiko askok kutuna duten telesailaren denboraldi berria. Azaroaren 15ean, Makusi plataforman estreinatuko dute Go!azen telesailaren 11. denboraldiko lehen atala. Ondotik, ETB1 kateak hilaren 22tik aurrera emango ditu fikzioaren atalak, hau da, Makusin baino astebete geroago.
Berritasunez beteta iritsiko da Basakabiko gazteen abenturak biltzen dituen telesaila. ETBk iragarri duenez, lagunen arteko harremanak, amodiozko istorioak, misterioak eta umorea izango dira saioan.
Itziar Gomez telesaileko zuzendariak azaldu du denboraldi bakoitza «erronka bat» dela. «Aurten ere denetariko gertaerak izango ditugu. Gaur egun kezkatzen gaituzten gaiak ere azalduko dira telesailean: pornoaren arazoa, harreman toxikoak...». Euskal musikaren presentziak ez du inoiz huts egiten telesailean. Gomezek iragarri duenez, Itoiz, Izaro, Esti Markez, Skakeitan eta Bulego taldeen kanten bertsioak egingo dituzte, besteak beste.
Denboraldi honetan, aktore berrien artean Sara Cozar, Garazi Urkola, Julen Taboada, Irati Marin, Adriana Sanchez eta Ander Murillo izango dira. Aurreko denboraldian aritu ziren beste aktore hauek jarraituko dute: Nerea Elizaldek, Kimetz Etxabek, Ander Lacallek, Xabier Elizaldek, Ander Aierzak, Mikele Arizkorretak eta Nerea Arriolak.
Aurrestreinaldiak eta kontzertuak
Datozen egunetan eta asteetan Go!azen-en makina bat aurrestreinaldi eta kontzertu egingo dituzte herriz herri eta hiriz hiri. Telesaileko zuzendariak azaldu duenez, kontzertuen biran aktore gazteek «lan polita» egiten dute. «Herri sortzailea da gurea, eta, maiz esaten dugun arren, ez dezagun ahaztu; saioaren zaleek ere egiten dute Go!azen. Oso eskertuta gaude Euskal Herriko txoko guztietan egiten zaion harrera beroarekin». Gomezen desioa litzateke Euskal Herriko gaztetxoek luzaroan izatea fikzio horrekin gozatzeko aukera.
Hilaren 15ean, Go!azen-en aurrestreinaldi berezia egingo dute Iruñeko Baluarte jauregian; sarrerak salgai daude Baluarte jauregiaren webgunean. Jasotako dirua EITBren maratoirako jarriko dute; aurten, gaixotasun kardiobaskularretan jarriko dute arreta. Gasteizen ere egingo dute aurrestreinaldi bat.
UEMAk eta ETBk egin duten akordioari esker, bestalde, hilaren 15etik 17rako asteburuan makina bat herritan proiektatuko dute denboraldiko lehen atala. Gipuzkoan, honako herri hauetan: Adunan, Aizarnazabalen, Alegian, Alkizan, Amezketan, Anoetan, Antzuolan, Asteasun, Ataunen, Azkoitian, Baliarrainen, Berastegin, Berrobin, Bidania-Goiatzen, Deban, Elduainen, Elgetan, Ezkion, Gaztelun, Getarian, Idiazabalen, Ikaztegietan, Iruran, Leaburu-Txaraman, Legorretan, Lezon, Mendaron, Mutrikun, Oiartzunen, Oñatin, Seguran, Tolosan, Usurbilen, Zaldibian, Zarautzen, Zegaman, Zestoan, Zizurkilen eta Zumaian. Bizkaian: Bermeon, Ean, Diman, Gatikan, Gizaburuagan, Igorren, Larrabetzun, Lekeition, Mallabian, Mañarian, Markina-Xemeinen, Ondarroan, Otxandion, Zeanurin eta Ziortza-Bolibarren. Nafarroan, berriz, honako herri hauetan: Araitzen, Arantzan, Arbizun, Areson, Bakaikun, Donezteben, Etxalarren, Etxarri-Aranatzen, Igantzin, Iturenen, Lakuntzan, Leitzan eta Lesakan.
Kontzertu birari dagokionez, abenduaren 1etik maiatzaren 24ra bitartean, data ugari dituzte dagoeneko hitzartuak. Abenduan, adibidez, Azpeitian (Gipuzkoa), Donostian, Leioan (Bizkaia), Sestaon (Bizkaia), Burlatan (Nafarroa), Oñatin (Gipuzkoa) eta Mungian (Bizkaia) egingo dituzte kontzertuak.
Telesailaren 11. denboraldiko bideoklipak Bizitza zukutu du izenburutzat.
Go!azen telesailaren atal bakoitzak 135.000 euro inguruko kostua du. Datu hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eman du berriki, EH Bilduren galdera batzuei erantzunez.
Pausoka ekoiztetxeak egiten ditu Go!azen eta Irabazi arte telesailak. Hain zuzen ere, otsail partean amaituko da Go!azen-en 11. denboraldia, eta ondotik, ostiral gauean ETB1ek Irabazi arte-ren laugarren denboraldia emateari ekingo dio. Orain, Pausoka Desagertuta telesaila ere ari da grabatzen, beste ekoiztetxe batzuekin batera.