Gizartearen kezkak aztergai

Bihar amaituko da 'Abiapuntua' saioaren bigarren denboraldia, eta datorren astean hasiko da 'Ur handitan'. Saioaren «esentziara itzultzea» da denboraldi berriaren helburua.

Xabier Madariaga, Abiapuntua eta Ur handitan saioen aurkezlea, artxiboko irudi batean. EITB.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Martxoaren 16an hasi zen Abiapuntua saioaren bigarren denboraldia, hainbat berrikuntzarekin. Astero, sei gazte ezberdinek inguruko hainbat errealitate ezagutzen dituzte, eta, ondoren, eztabaida txiki bat izaten dute bizitakoaren inguruan. Xabier Madariagak aurkezten du saioa. Bihar emango dute azken atala, 22:30ean, ETB1 katean.

Madariagak «ontzat» jo du saioaren bigarren denboraldia: «Gure asmoa izan da gazteei errealitate ezberdinak erakustea, eta gazteek eta gazteak ez direnek ere askotariko gaien inguruan ikastea». Saio bakoitzean agertu diren protagonistak oso ausartak izan dira, aurkezlearen esanetan, ez dutelako beldurrik izan zer sentitzen eta pentsatzen zuten erakusteko: «filtrorik gabe» aritu direla dio. «Hain zintzoak izatea eskertu behar zaie, horrela jende askok gazteen egoera berean ikusi baitu bere burua», gehitu du.

Gazteen belaunaldia kameren aurrean egotera ohituagoa dagoen arren, Madariagak azpimarratu du bigarren denboraldia dinamikoagoa izan dela. Oraindik ere ez dakite Abiapuntua saioak beste denboraldirik izango duen ala ez.

Gaur egun, gazteak erakartzea da telebista kateen erronketako bat, eta horren jakitun da aurkezlea bera ere: «EITB saiakerak egiten ari da gazteengana iristeko, eta komunikatzeko modu berritzaileak bilatzeko». Europako beste herrialde batzuetan egiten ari direnari erreparatzen diotela kontatu du Madariagak —Alemanian, Frantzian edo Finlandian, esaterako—.

Aurkezleak nabarmendu du egiten dituen produktuetan sinesten duela, eta horregatik «harrapatu» nahi dituela gazteak produktu horietan: «Ez dugu nahi haien komunikazio esperientzia soilik sare sozialetan izatea».

Gaietarako proposamenak

Datorren astean hasiko da Ur handitan saioaren denboraldi berria. Zortzi saio izango dira guztira, bakoitza gai baten ingurukoa. Jada zabaldu dute denboraldi berriaren inguruko iragarkia, eta hartan azaltzen dute erreportajeetarako gaien proposamenak sare sozialen bidez jaso dituztela. Duela pare bat hilabete ireki zuten proposamenak bidaltzeko deialdia sareetan, eta «proposamen pila bat eta askotarikoak» jaso dituztela aipatu du Madariagak.

«Aurtengo denboraldiaren helburua Ur handitan-en esentziara itzultzea da, eta herritarren interesa edo kezka pizten duten gaiak lantzea», gehitu du saioaren gidariak.

Landuko diren gaietako bat pornografia eredu berrien ingurukoa izango da, aurkezlearentzat «guztiz ezezaguna»: Onlyfans plataformaren eta bestelakoen inguruan izango da. «Gure artean ere badauzkagu plataforma horretako eduki sortzaileak».

Gai horren inguruan eztabaida handiak sortzen direla kontatu du Madariagak: prostituzioa al da? Pornografiaren industriarekin zerikusirik ba al du? Jendea guztiz askea al da Onlyfansen?

Etxebizitza legearekin zuzeneko lotura du beste atal baten gaiak: emantzipazioarenak, hain zuzen ere. «Oso errealitate zailak ikusi ditugu, duela hogei urte zegoenarekin inongo zerikusirik ez dutenak», azaldu du aurkezleak. Gaur egungo demografia arazoen atzean «emantzipazio berantiarra» dagoela iruditzen zaio Madariagari, gurasoen etxetik hain berandu alde egiteak norbere bizitzako proiektuak atzeratzen dituelako.

Buru osasunaren inguruan ere hitz egingo dute denboraldi berrian, baina gaiari ikuspuntu berritzaile batetik helduz. Bere garaian diagnostikorik jaso ez, eta heldutasunera iristean diagnostiko bat jaso dutenak izango dituzte aztergai. Diagnostiko horrek euren bizitzan gertatu zaizkien arazo askoren arrazoia aurkitzen lagundu die, baita lortu ezingo zutela uste zuten ametsen bat betetzen ere. «Gaur egun jendeak 6 bat urterekin jasotzen du diagnostikoa, medikuek badakitelako horrek heldu osasuntsuak izaten lagunduko duela», esan du saioaren gidariak.

Gaiak askotarikoak izango dira. Madariagak aipatu du ikusleei gai mardulagoen inguruan gehiago ikasten eta jakiten lagundu nahi dietela, esperientzia jakinetatik abiatuta betiere, «iritzi osatuago bat» eduki dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.