Irratia

Goizalde Landabaso: «Gizartea aldatu da eta aukera gehiago daude bi hizkuntzekin jolasteko»

Radio Euskadiko 'Pompas de papel' literatur saioa aurkezten eta zuzentzen du Landabasok. Euskarazko irrati-nobela bat sortu du programarako.

Goizalde Landabaso irrati esataria Radio Euskadin eta Pompas de papel saioa gidatzen hasi da
Goizalde Landabaso. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

35 urte daramatza irratigintzan Goizalde Landabasok (Bilbo, 1970). Lehen bost urteak Bizkaia Irratian egin zituen, eta aurten 30 urte beteko ditu EITBko irratietan lanean.

Urte asko dira irratian zabiltzala. Nola hartu duzu Pompas de papel saioa gidatzeko erronka?

Erantzukizun handiarekin. Uste dut emakumeoi askotan gertatzen zaigula: pentsatzen aritu ohi gara gai izango ote garen zerbait egiteko. Astean behin egiten da saioa, baina lan karga handia du. Asko irakurtzea eskatzen du. Baina ilusioa egin zidan gauza berri bat hasteak. Hedabideetan gure inguruan ez da askotan gertatzen horrelako erantzukizun bat ematea. Pozik hartu dut erronka, ilusioz.

Kolaboratzaile sare sendoa duzu. Zer nabarmenduko zenuke haiengandik?

Nabarmenduko nuke literaturazale amorratuak direla. Beti daude emateko prest, eta hori ez da oso ohikoa. Egin beharreko aldaketak egiteko prest daude, gainera.

Konpainia onean zaudela esan izan duzu.

Hor daude Txari Rodriguez, Iratxe Fresneda, Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Anari Alberdi, Yolanda Arrieta, Haizea Barcenilla, Hedoi Etxarte, Lutxo Egia... Lankideak ere bai: Bego Yebra, Iker Zabala, Itziar Benede, Iñaki Calvo, Maialen Arratibel, Eva Caballero... Gure erredakzioan liburuzale asko dago. Eurentzat ere aukera bat da zaletasunari bide emateko.

Lehen atalean, Maialen Arratibel euskaraz aritu zen. Bigarrenean, Yolanda Arrieta. Euskara tartekatzea modu naturalean sentitzen duzu?

Bai, Pompas de papel-en beti egon da euskararen presentzia, gehiago edo gutxiago. Radio Euskadiko leku gehiagotan izan beharko luke euskarak presentzia, kontuan izanik gizartea aldatu dela eta gero eta euskaldun gehiago daudela. Horrek ere aukera ematen du bi hizkuntzekin jolasteko. Saioan pertsona batzuek ezezkoa esango lidakete gaztelaniaz izanez gero, baina euskaraz arituko dira.

Irrati nobela bat ere sortu duzu saiorako, euskaraz: Hasier eta Amaia.

Zahar egiten ari naizen seinale izango da, baina uste dut belaunaldi arteko zubiak erdi apurtuta daudela. Irratigintzan nabarmen ikusten da hori. Gazteak erakartzeko zer egin pentsatzen hasi nintzen, eta gogoratu nintzen unibertsitateko kafetegian beti zegoela ikasleren bat liburu bat irakurtzen. Pentsatu nuen irrati-nobela izan zitekeela zubi bat eta lotura bat gazteek saioarekin bat egiteko, eta gu ere haiengana hurbiltzeko. Ahalegin bat egin behar dugu haiengana joateko. Irrati-nobela hau zubi bat da.

Saioa osorik entzun daiteke, baina zati askotan ari zarete sareratzen. Entzuleen kontsumo berriekin bat doa hori?

Batzuetan, jendeak entzuten du zati bat edo interesatzen zaion eduki bat. Agian, eduki horrenganako interesak erakarri egin dezake bestera. Kontua da topatzea gustatzen zaizuna, eta gustatzen zaizuna aurkitzen baduzu, pasa ditzakezu orduak zerbait entzuten. Bestetik, ohitura duenak entzuten du programa osoa. Ohiturarik ez daukanari zerbait eman behar diozu zuregana hurbiltzeko. Piezaka, posible da jendea etortzea. Entzule mota asko daude, eta guztiengana iritsi behar da.

Literatur programa bat egitea irrati publikoan... Baten batek esango du badaudela lan okerragoak.

Bai, baina literatura gustatzen baldin bazaizu. Bestela, infernu bat izan daiteke. Literatura eta kultura saioak irrati publikoan egitea erresistentzia modu bat da. Ziztu bizian bizi gara, eta gauzak beste patxada batean egitea erresistentzia modu bat da. Galga bat jartzen diogu abiadura handiko bizitza honi: jarri behar zaio, eraman ezina baita. Literatura eta kultura beste modu bat dira pentsatzeko, hausnartzeko, gelditzeko, egoteko, bestea ikusteko eta bestearekin egoteko.

Zutabegintzan ere egiten duzu literatura, ezta?

Bai, zutabegintza literaturaren beste atal bat da. Kontatzeko modu bat da, kontatzeko neurri bat. Ni gero eta erosoago sentitzen naiz zutabeak idazten, gauzak kontatzen, modu bat delako bestela esan ezin duzuna jasotzeko. Egunerokoaren lekuko bat da zutabegintza, eta gustatzen zait horregatik.

Euskal Herriaren lurraldetasun ikuspegiaz hitz egin izan duzu. Nolako ikuspegia eman beharko luke EITBk?

Duela urte pare bat, Iparraldeko euskaldun batek esan zidan bere familian Radio Euskadi entzuten zutela gaztelania praktikatzeko. Batzuetan, ematen du benetan ez dakigula zer den Euskal Herria, eta hori arazo bat da komunikazio publikoan bazaude. Edozein hedabidetan ere bai, hala da.

Podcast bat egiteko denbora izango bazenu, nolakoa egingo zenuke?

Podcast asko entzuten ditut, baina jabetzen naiz irratia dela. Irratia beste era batera. Kateatuta nago Criminopatia podcastarekin, krimenak azaltzen dituzte bertan. Eta hori irratsaio bat bezalakoa da, irrati erreportaje luze bat. Moda guztiak bezala, podcasten moda pasatuko da. Edonola, nik podcast bat egitekotan, kazetaritzari buruzkoa egingo nuke. Kazetaritzaren inguruko zerbait egiteko gogoa dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.