Komunikazioa

Gipuzkoako euskarazko telebistek albistegi bateratu bat aurkeztu dute

'Gurean gaur' albistegia martxan da; hizkuntz normalizazioa lortzeko aurrerapauso gisa aurkeztu dute

Goiena, Goierri eta Hamaika telebistetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, agerraldian. G. GARAIALDE / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Txikiak elkartu, hain txiki ez izateko. Hori da Gipuzkoako euskarazko tokiko telebisten xedea Gurean Gaur egitasmoarekin:euskararen normalizazio prozesuaren barnean kalitate oneko albistegi bateratu bat eskaintzea. Bost dira Gipuzkoan euskaraz egiten duten tokiko telebistak, eta guztiek bat egin dute bakarka egiten zituzten albistegiak hobetze aldera: Hamaika, Goiena—Debagoienako telebista—, Goierri, Erlo —Urola Kostakoa— eta 28 Kanala —Tolosaldekoa—. Proiektu berria aurrera eramateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza izango dute: 207.000 euro.

Bost telebistak ordezkatu zituzten atzo Hamaika telebistako Naroa Iturri eta Nagore Uriartek, Goienako zuzendari Oihane Agirrek eta Goierri telebistako zuzendari Jon Aldanondok. Zigor Etxeburua Aldundiko Euskara zuzendariak ere hitz egin zuen. Txiki hitza askotan errepikatu zuten tokiko telebistetako ordezkariek prentsaurrekoan: «Askotan txikia hitza erabiltzen dugu, eta askotan ez gara ohartzen behar bada ez garela horren txikiak».

Aurrerapauso eta salto kualitatibo berbak ere maiz azaldu ziren haien mezuan. Izan ere, tokiko telebisten apaltasuna kontuan edukita, egin beharreko urrats gisa azaldu zuten albistegi bateratua eskaintzea. Gipuzkoako tokiko telebisten sarean, behin baino gehiagotan aritu dira elkarlanean, baina ez oraingoan bezala. Orain arte, kolaborazioak unean unekoak izan dira, eta orain, egunerokoa izango da.

Bost kateek albistegiaren alde hartutako «konpromisoa» nabarmendu zuen agerraldian Aldanondok: «Benetan sinesten dugu beharrezkoak garela». Konpromiso hori, telebistena soilik ez, aldundiarena ere badela azpimarratu zuen, eta Etxeburuak bat egin zen Goierri telebistako buruaren mezuarekin: «Tokiko telebistak beharrezkoak iruditzen zaizkigu euskararen normalizazioan».

ETB1en itzalpean bizi dira euskarazko gainerako telebista kateak. Euskal Telebistako lehenengo katea erreferentea da nolabait, eta tokiko telebistek baino ahalmen ekonomiko handiagoa du. Dena den, aaldundiko Euskara zuzendariaren irudiko, telebista horiek «lehia eraikitzailea» egin dezakete; hartara, pluraltasuna bermatu, sorkuntza handitu, eta, azken finean, «produktu hobeak, mota askotakoak eta berritzaileak» sortzea dakarrelako.

Albistegia, 'prime time'-an

Gurean gaur albistegia atzo aurkeztu zuten, baina hasiak dira hura ematen. Tokiko telebistek apustu garbia egin dute albistegiaren alde, eta guztiek prime-time-an emango dute. Hots, 20:00etatik 23:00etara arteko tartean —kate bakoitzak ordu batean ematen du albistegia, tarte horren barruan beti—. Saioak ordu erdiko iraupena du gutxi gorabehera, eta hiru zatitan banaturik dago. Lehen zatia, albistegia bera da, albiste multzoa. Gero, Onein atala dator, normalean arlo sozialekoa den erreportaje bat, landuagoa. Azkenik, elkarrizketa nagusi bat ematen dute. Arlo politikoko, sozialeko edo kulturaleko eragileak gonbidatzen dituzte.

Gehienbat, Gipuzkoako gaiak jorratzen dituzte, baina ez diote uko egiten albistegiaren nazio ikuspuntuari. Telebista sarearen «xumetasunean» ikuspegi orokorra izaten «saiatzen» direla azaldu zuen Iturrik. Ikuspegi horren barnean, Oizmendi telebista (Busturialdea eta Lea Artibai, Bizkaia) eta Xaloa (Baztan, Nafarroa) aipatu zituzten etorkizunera begira tokiko telebisten sarea hedatzeko bi aukera gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.