Navarra Television eta TVPI kateetan egin zituen Iciar Mikelperizenak (Bera, Nafarroa, 1975) telebistako lehen kolaborazioak, baina Xaloa telebistakoa du aurreneko saioa aurkezle gisa. Sunbillan (Nafarroa) bizi da, eta pintura eskolak ematen ditu. Nekazaritza arloko REDR sareak, beste alde batetik, kanpaina baterako aukeratu dituen 32 emakume esanguratsuen artean dago.
Nola sortu duzue Esku begi sormen bizi saioa?
Duela urte eta erdi inguru, Xaloari proiektu bat bidali nion. Duela bi hilabete erantzun zidaten esanez has gintezkeela zerbait egiten. COVID-19aren eraginez, buruan nuena apur bat aldatu egin da. Azken finean, oinarria da artelan bat edo eskulan bat egitea, eta bitartean elkarrizketa bat egitea. Horretan gaude. Lehen hiru atalak eman dituzte, eta Youtuben ere ikusgai daude.
Saioaren izena berezia da. Nola bururatu zaizu?
Duela urte batzuk istripu larri bat izan nuen, eta eskuineko hatzak galdu nituen. Ezkerreko eskuarekin ikasi behar izan nuen idazten, margotzen... Eskuek badute niretzat garrantzia. Nola ez, zerbait begiekin ikusten duzunean, bururatzen zaizu zerbait egitea. Hortaz, Esku begi sormen bizi otu zitzaidan, eta horrela gelditu da.
Telebistan sormen bizia egin al daiteke?
Bai, hori da. Adibidez, Javier Igoa margolariaren etxera joan ginen, eta ez genuen ezer berezia aurretik prestatua. Elkartu ginen estilo desberdinetako bi margolari, eta Sunbillako zubia margotu genuen. Gozatu genuen zerbait egiten, eta, bitartean, elkarrizketa izan genuen. Elkarrizketatuen sentimenduetan sartzen saiatzen naiz. Probatzen joango gara, jendeak ikus dezan sortzaileek zer gauza desberdin egiten dituzten.
Javier Igoaren elkarrizketan margotzen azaltzen zara. Ez da ohikoena telebistan aurkezle bat margotzen ikustea.
Kasu horretan, saioaren bukaeran eskatu nion tronpeta jotzeko. Gidoi txiki bat idazten dugu beti, baina inprobisaziotik asko du saioak. Bestetik, artea niretzat ogibidea da, eta emozioz bizitzen dut. Horretan ari naizen bitartean hitz egiten aritzea ez zait zaila egiten, biak batera egiten ondo pasatzen dut.
Saioan esan duzu arteak bizipoza ematen dizula.
Bai, niri bai, ikaragarria.
Iruditzen zaizu Xaloako ikus-entzuleei bizipoz hori transmititzen diezuela saioarekin?
Hori da gure asmoa. Jendeak sentitzea edonork egin ditzakeela eskulanak eta artelanak. Kozinatzen ere arituko gara beste atal batzuetan. Dena solasaldi goxo bat partekatzen dugu bitartean.
Formula Nafarroatik Euskal Herri osora zabalduko al zenuke?
Nafarroatik atera gara atal batean, Gipuzkoako herri batera. Eta jendeari gustatzen bazaio, nola ez, zabalduko dugu formatua herrialde guztietara.
Atzerriko beste saioren batetik edan al duzu Esku begi sormen bizi sortzeko?
Ez, formatu propioa da. Dena den, nire kasuan berdin zait gonbidatuak margotzen badu, eskulanak egiten baditu edo kozinatzen aritzen bada. Bi haurrekin ere aritu naiz eskulan bat egiten: eguzki lore bat. Hainbeste hitz egin daitezke herritarrek egiten dituzten gauzen inguruan... Opari bat bezala hartzen ari naiz saioa. Protagonistek haien bizitzak kontatzen dizkidate, eta asko hunkitzen naute. Askotan, kameratik kanpo kontatzen dizkidatenak sekulakoak izaten dira, oso hunkigarriak.
Iciar Mikelperizena. Margolaria
«Gidoi txiki bat dugu beti, baina inprobisaziotik asko du saioak»
Nafarroako Xaloa telebistan 'Esku begi sormen bizi' saioa aurkezten du astero Mikelperizenak. Artelan bat edo eskulan bat egin bitartean, «solasaldi goxo» bat izaten du gonbidatuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu