'Geuria' sortu dute, Hego Uribe eskualdeko komunikabide berria

Basaurin aurkeztu dute euskarazko hedabidea.Hilabetekaria eta webgunea izango ditu

Geuria euskarazko komunikabide berria aurkeztu zuten atzo Basauriko Ibaigane kultur etxean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
urtzi urkizu
2014ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Komunikabideak tantaka desagertzen ari diren garaiotan, ezustekotzat jo daiteke komunikabide berri bat sortzea. Basaurin (Bizkaia), ordea, talde txiki batek euskarazko komunikabide berri bat martxan jartzea lortu du: Geuria. Basauriko euskara aholku batzordetik sortu dute egitasmoa, udalak diruz babestuta.

Paperezko hilabetekaria izango du, batetik. Eta webgunea, bestetik (www.geuria.net); Twitterren eta Facebooken kontuak ere baditu jada. Basaurin, Galdakaon, Arrigorriagan, Etxebarrin eta Zaratamon banatuko dute aldizkaria, eta herri horien guztien gaiak landuko dituzte. 10.000 ale banatuko dituzte hilero. Aipatutako herrietako udaletxeetan izango da eskuragarri, baita Basauriko kultur etxe, eskola eta euskaltegietan.

Basauriko Ibaigane kultur etxean aurkeztu zuten atzo Geuria. Jon Villapun zuzendariak iragarri zuen proiektu «sendo» eta «iraunkorra» sortzeko helburua dutela, eta gogorarazi zuen eskualdea gero eta euskaldunagoa dela. «Proiektu berri bati ekiteko beharrezkoa da aurretik ibilbide berdina egin dutenen lorpenak eta akatsak ezagutzea. Horiek ezagutzen saiatu gara, eta orain bidea egitea dagokigu. Langileon esku dago egunerokoan jardutea, baina guztion laguntza beharrezkoa izango da urteetan luze irauteko», adierazi zuen Villapunek.

Aldizkariaren lehen zenbakiaren eta webgunearen nondik norakoak azaltzearekin batera, hedabide berriaren zuzendariak honakoa nabarmendu zuen: «Euskaldunentzat gertuko tresna izan behar du komunikabideak. Auzotarrek erabili behar dute, eta, horretarako, erakargarria eta kalitatezkoa izan behar duela uste dugu». Geuria Basaurin jaio da, baina eskualde izaera du egitasmoak. «Eta hurrengo hilabeteetan hedatzea izango dugu helburu, baita jendearen parte hartzea handitzea ere».

Bi langilek osatuko dute egitasmoaren enborra, baina hilero erredakzio bilerak deituko dituzte. «Langileen lana funtsezkoa da hedabideari jarraitutasuna eta sendotasuna emateko, baina erredakzio bileretatik sortzen diren gai zerrendek izan behar dute komunikabidearen arima», esan zuen Villapunek.

Eskualdeko euskaldunengana zuzenean jo nahi du Geuria-k, eta helburu hori lortzeko Hego Uribeko euskaldunen datu basea sortuko dute. Izena ematen dutenei etxera zuzenean bidaliko diete aldizkaria hilero. Interesa dutenek izen-abizenak, etxeko helbidea eta telefono zenbakia bidali beharko dituzte honako helbide elektronikora: [email protected].

Geuria-k jendearen parte hartzea sustatu nahi du. «Askotariko iritzi eta ekarpenekin hedabide aberatsagoa izango dugu esku artean», nabarmendu zuen Villapunek. Aurreneko bileretara herritar dezente gerturatu dira, kolaboratzaileekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.