Sariz eta aitortzaz betea du kazetaritza ibilbidea Rosa Maria Calafek (Bartzelona, 1945). Aitzindaria izan zen TVEko kazetari gisa, eta gaur Donostian izango da bere bizitzari buruzko dokumentala aurkezten, Arrupe aretoan, 19:00etan. Han izango da Victor Lopez dokumentalaren egilea, eta Maite Artolak egingo ditu moderatzaile lanak. Kazetarien Euskal Elkargoak eta Deustuko Unibertsitateak antolatu dute ekitaldia.
Sentsibilitatea, arreta, errespetua, zorroztasuna eta bokazioa. Hitz horiek entzuten dira zure kazetaritza lana definitzeko La Calaf. Intermediaria de guardia dokumentalean. Ez dira hitz makalak.
Kazetari batek egin behar duenaren esentzia dago hitz horietan. Dokumentalaren izenburuak dioen moduan, bitartekari bat baino ez naiz izan ni. Kazetariak errealitate eta pertsona desberdinengana gerturatu behar du, eta ikusten duena transmititu behar du ahalik eta modu independenteenean eta egiazkotasunez. Umiltasunez eta errespetuz baino ezin da egin hori. Konpromisoak beti zorroztasuna izan behar du lagun.
Nolako harrera izan du dokumentalak orain arte?
Ona. TVEko Imprescindibles saioan oso harrituta gelditu ziren oso ikusle datu onak izan zituelako. Programak eman dituen dokumentalen artean gehien ikusi diren hiruren artean dagoela esan didate. Jendeak ontzat jotzen du kazetaritza zintzoa egitea. Donostiako aurkezpenaren ostean, dokumentalak bere bidea egingo du: kazetaritza biltzar batzuetan eta unibertsitateetan aurkeztuko dugu. Interesa pizten ari da. Hezkuntza arloan proiektatzen badute, kazetaritza bokazioa zer den ere erakutsi dezake.
Dokumentalean ageri da aitzindaria izan zinela hainbat arlotan; adibidez, kalean herritarrei galdetzen.
Hori orain normalena da. Baina garai hartan frankismoan geunden, diktadura batean, eta jendea ez zegoen ohituta inork ezer galdetzera. Teknologia oso pisutsua zen: unitate ibiltariak hasi ziren, eta kalean mugitzeko aukera eman zuten. Baina kableetara lotuta geunden, eta mugikortasuna txikia zen. Uste dut garai hartan jendeak lotura afektibo bat sortu zuela nirekin.
«Askatasuna eta eskubideak defendatzeko, zer gertatzen den jakin behar da. Horregatik daude interesak jendeak jakin ez dezan».
TVE milioika herritarrek ikusten zuten, ez baitzegoen besterik.
Hala da, milioika eta milioika pertsona aritzen ziren gauza bera ikusten. Atzerriko berriemailea nintzenean, esaterako, herritar askok hura zuten mundura begiratzeko leiho bakarra. Adin bateko jendeak kalean gelditzen nau gaur egun, eta esaten didate mundua niri esker ezagutu zutela. Emakume askok ere esan didate nahi dutena izateko ametsa izan dutela niri esker. Harrotasunez betetzen nau horrek. Kontuan izan behar da askatasuna eta eskubideak defendatzeko zer gertatzen den jakin behar dela. Horregatik daude interesak jendeak jakin ez dezan.
TV3 katalanezko katearen sorreran parte hartu zenuen. Zer izan zen zuretzat une hura?
Beste opari bat izan zen niretzat. Telebista proiektu baten sorreran parte hartu ahal izatea ederra izan zen. Batzuen artean bidali genuen proiektu bat, eta programazioaren partea egokitu zitzaidan niri. Programazio dinamikoa eta arina egiteko egitasmoa bidali nien, baita gertukoa ere. Telebista handiek zituzten bizioak saihestea ere gomendatu nuen. TV3ek, hasieratik, albistegi indartsu batzuen aldeko apustua egin du, eta kultur arloa eta tokiko informazioa ondo landu ditu.
Hiri askotan izan zinen berriemaile: New York, Mosku, Buenos Aires, Erroma... AEBetako urteak nola gogoratzen dituzu?
Kazetaritza ikasteko toki ona dira AEBak. Hango prentsak kazetaritzaren gauzarik onenak eta txarrenak ditu. Gainera, punta-puntako teknologia zuen telebista bat ezagutu ahal izan nuen. Baliabide teknologikorik berrienak ondo eta gaizki nola aprobetxatzen ziren ere ikusi nuen. New Yorken asko ikasi nuen.
Balkanetako gerra nola bizi izan zenuen?
Gerra amaieran zela iritsi nintzen, negoziatzen ari ziren garaian. Une oso interesgarria izan zen. Gerra batailetan hildakoak daude, baina gerra ostean biziraun dutenak daude... eta horiek gerraren traumari aurre egin behar diote. Biktimek eta borreroek elkarrekin bizi behar dute, gainera. Prozesu gogorra izan zen gizaki bezala, eta bakearen aldeko kulturan kokatu ninduen.
«Herritarrek informazio zorrotza eta egiazkoa jasotzeko eskubidea dute. Alderdi politikoek ez dute tartean sartu behar».
Zein da emozio handienarekin gogoratzen duzun elkarrizketa?
Pertsonalitate ospetsuen artean, bakar bat ere ez. Batez ere politikariek badakizu zer esango dizuten. Pertsona anonimoak interesatu zaizkit gehiago. Ikusi dut nolako kemena izan duten emakume batzuek komunitateak aurrera egin dezan. Horiek hunkitu naute gehien: zailtasun erraldoiei aurre egiten dieten andreek.
Nola ikusten duzu TVEren gaur egungo egoera?
Etapa hobeak eta txarragoak daude. Gaur egun, gauza batzuk ondo egiten ditu telebista publikoak. Baina joera da maila apaltzea, kate pribatuekin lehiatzeko, eta hain justu egin behar ez diren gauzekin. Ikusten dut TVE borrokan dabilela izan behar duen horren bila. Gizartearekin konpromisoa izan beharko luke TVEk. Baina programazioaren parte bat banalizatu egiten da, eta oreka zaila da. Espero dezagun telebista arrunkerian ez aritzea ikusle datuak lortzeko.
Alderdi politikoek zer egin beharko lukete TVErekin?
Alderdi politikoek informazio independentea errespetatu beharko lukete. Herritarrek informazio zorrotza eta egiazkoa jasotzeko eskubidea dute. Alderdiek ez dute tartean sartu behar. Alderdien eta politikaren xedeak behar luke informazioaren kalitatea babestea, eta ez nahieran esku sartzea. Kazetaritza gizarte demokratiko guztien nerbio sentsiblea da. Eta botereak mehatxupean baldin badauka kazetaritza libreki egitea, egoera hori oso larria da. Herritarrok kazetaritza independentea defendatu behar dugu, horrek eragina baitu daukagun jakintzan, hau da, gure askatasuna eta eskubideak defendatzeko jakintzan.
La Calaf. Intermediaria de guardia dokumentala osorik ikus daiteke RTVE Play plataforman.