Telegramen Euskal Herriko erabiltzaileek nabarituko dute, eta zer esanik ez aplikazioan BERRIAren kanala erabiltzen dutenek: mezularitza aplikazioa bertan behera geratzekoa da datozen orduetan. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek telekomunikaziorako eta Interneterako sarbidea ematen duten operadoreei agindu die Telegram aplikazioari lotutako baliabideak bertan behera uzteko, komunikazioa jasotzen dutenetik hiru orduko epean. Auzitegi Nazionalak gaur arratsaldeko hiruretan eman du ebazpenaren berri.
Telegramek jabetza intelektualari lotutako eskubideak urratu dituelakoan eman du ebazpena Pedraz epaileak, badaezpadako neurri gisa, eta argudiatuta erabaki hori «beharrezkoa, egokia eta proportzionala» dela eskubide horien urraketa denboran luzatu ez dadin. Izan ere, Pedrazek erantsi du Birjina Uharteetako agintariei zenbait datu tekniko eskatu zizkiela, baina autoritate horiek ez dutela kolaboratu ikerketan, eta, beraz, ezin duela aurrera egin instrukzio aldiarekin. Hori horrela, azaldu du ez dagoela neurri alternatiborik eskubide urraketa eten ahal izateko.
Mediaset, Atresmedia eta Movistar Plus enpresek jarri zuten salaketa Telegramen aurka, leporatuta aplikazioak baimenik gabe zituela jabetza eskubideak zeuzkaten edukiak. Telegram 2013an sortu zuten Nikolai eta Pavel Durov anaiek, Whatsapp mezularitza aplikazioaren alternatiba gisa, eta haren segurtasun irizpideek-eta eragin zuten zabalkunde handia izatea munduan: 900 milioi erabiltzaile ditu.
Hala ere, kritikak eta haren aurkako neurri judizialak ere jaso ditu: 2021ean, adibidez, Herbehereek bi kontu blokeatu zituzten, eduki batzuen inguruan konspirazioaren teoriak zabaltzeagatik, eta, 2022ko urrian, Alemaniak 5.125 milioi euroko isuna jarri zion enpresari, informazioari buruzko legeak urratzeagatik.
Baina, kanal batzuez gain, Errusia izan zen Telegram osorik blokeatu zuen lehen herrialdea, argudiatuta ez zituela betetzen informazioaren hedapenerako betebeharrak. Protesta handiak eragin zituen horrek, eta 2020ko ekainean kendu zioten blokeoa. 2018an, berriz, Iranek blokeatu zuen, protesten deialdiak zabaltzeko erabili zelako. Argudio bera erabili zuen Thailandiako Gobernuak aplikazioaren kontra egiteko, 2020ko urrian. Neurri bera hartu zuten Brasilen 2022an, eta Somalian iazko abuztuan.