«6 urte edo gutxiagorekin hasten direnak ere badaude», azaldu du kezkatuta Jose Luis Garcia psikologo eta sexologoak, hitza hartu bezain laster. Errealitate gordina, baina, errealitatea, finean. «Gazteak geroz eta goizago hasten dira pornoa kontsumitzen; eta, kezkagarriena da porno hori geroz eta bortitzagoa bilakatzen ari dela. Gainera, haurrek bi klik besterik ez dute eman behar indarkeriazko bideo horiek ikusteko». Arazo horrek «motibatuta» bezain «kezkatuta», ETBk eta TV3ek, Shine Iberia ekoiztetxearekin elkarlanean, Generación porno dokumental saila ekoitzi dute. Dokumentalak lau familiari egindako elkarrizketak ditu oinarri; baina, horiez gain, abeslarien, pornoaren industriako aktoreen eta gaiari buruzko adituen lekukotzak jaso dituzte.
ETB2k gazteleraz emitituko du dokumental saioa, hilaren 18tik aurrera, lau ataletan. TV3ek nagusiki katalanez emango du, hilaren 26tik aurrera, hiru saiotan.
Dokumentalaren aurkezpenaatzo egin zuten, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, FesTVal jaialdian. Ekoizleekin batera, Garcia psikologoa, Marina Marroqui gizarte hezitzailea, eta dokumentalean parte hartu duten ama-seme batzuk ziren. Aurrerapen txiki bat eskaini ostean, ikus-entzunezkoan lantzen diren gai ezberdinei buruzko solasaldiarekin hasi ziren. Sexu heziketa, teknologia, indarkeria eta gaiarekiko ezjakintasuna izan ziren mintzagai nagusiak.
Pornografia, «droga bat»
Gaur egun, 12 eta 14 urte bitarteko gazteek dituzten sexu harremanak «erabat basatiak» direla azaldu zuen Marroquik, eta ikusten duten guztia errepikatzeko joera dutela: «12 urteko haur bat negarrez etorri zitzaidan behin, aitak salatu zuelako, arrebaren aurrean ukitzeagatik». Umeak gazki eta ondo dagoenaren arteko muga guztiz ezabatuta zeukan, «pornoaren erruz».
Hala ere, Marroquik argi du errudun bakarra ez dela pornoa. Sexu heziketa garaikide baten beharra nabarmendu zuen, gazteen kezkak entzun eta irtenbideak bilatzen lagundu diezaiekeena. «Eta ez platano bati kondoi bat jartzean datzana». Ama batek eta haren semeak sexuari buruz hitz egiteko etxean giro osasuntsu eta seguru bat sortu beharra dagoela azaldu zuten. Amak «irekia» zela pentsatzen zuen dokumentala grabatu aurretik, baina espero ez zituen gauza asko ikusi eta entzun ditu. «Harrituta geratu nintzen, hunkituta, eta, zeharo kezkatuta».
«Etxe guztietan» gertatzen den errealitate bat dela jakinarazi nahi diete ama-semeak dokumentalaren ikusleei, hain zuzen ere.Garcia psikologoak pornografia «droga bat» dela gehitu zuen, soilik ez kontsumitzearekin desagertu daitekeena: «Bien bitartean XXI. mendeko kokaina izaten jarraituko du».
FesTValeko aurkezpenaz gain, dokumentalaren aurrestreinaldia egin zuten atzo arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan.
'Generación porno' dokumental saioa egin dute ETBk eta TV3ek
Pornoak gazteengan duen eragina azalduko du, taburik gabe. Hilaren 18an estreinatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu