Goizetan Gaztean irrati esatari eta gauetan ETB1en aurkezle aritzen da Julen Telleria (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). Gu ta gutarrak-ekin hiru hilabeterako hasi, eta hiru urte daramatza.
Zergatik jarri diozue izena aldi berriari GTG 3x2 Onenak?
Aurreneko ikasturtean ere egin genuen hori: lehen bi aldietako lehiakide arrakastatsuenak nahastuta egin genuen edizio bat. Ondo funtzionatu zuen, eta orain aurreko bi faseetatik pasatu diren lehiakide arrakastatsuenak bildu ditugu.
Saioko fitxaje berria Aritz Castro da. EITBk berak esana da Gran Hermano 16 saioan hautsak harrotu zituela Castrok. Tele5 kateko saioetatik aldentzeko Gu ta gutarrak-ek egin dezakeen egokiena al da?
Ez dakit aldentzeko nahirik ere ba ote dagoen. Aurretik ez nuen ezagutzen Castro. Joan den astean egin genituen aurreneko grabaketak harekin, eta harrituta gelditu naiz mutil honek duen izaerarekin. Telebista asko kontrolatzen du, eta harekin lehen grabaketak zoragarriak izan dira. Programari beste ukitu bat emango dio, bere garaian HolaJulen youtuberrak eman zion bezala.
EITBk azaldu du Castro gutarrei egurra emateko iritsi dela. Zer motatako egurra?
Figura berri bat sortu da: Gutartekoa, gutar arartekoa. Aritzek nahi duenean nahi duena esateko aukera izango du. Egurra ematearena kasu honetan esan nahi du pilak jarriko dizkiela lehiakideei. Iritzi emaile bat izango da, teorian gutarren eskubideen alde ariko den arartekoa.
Beste berritasunik eta ezustekorik izango al duzue?
Platoa pixka bat aldatu dute, eta asko gustatu zait. Kuxkuxeroen sofa platoaren erdira ekarri dute, eta askoz gertuago ditut. Denok gaude elkarren artetik gertuago. Lehiakideen artean ere badaude berritasun batzuk. Orain arte ezagutu gabeko hiru lehiakide berri daude. Aurreko aldian, bikoteka parte hartzen zuten. Orain, hasierako formulara itzuliko da, bi kuadrillena. Bi kuadrilletako batek irabaziko du.
Saioak txosten bat landu du, eta han nabarmendu du Gu ta gutarrak-ek azkeneko hilabeteetan harreman homosexualak normaltasunez tratatu dituela, maitasun erromantikoaren apurtzea landu duela, baita familia eredu desberdinak ere. Alor horietan zer ekarpen egin dezake saioak?
Saioa gaztetxoengana eta gazteengana iristen da. Entretenimendua da gure ardatz nagusia, eta horretara jo behar dugu. Baina behin gaztetxo horiek pantaila aurrean dituzula, aprobetxatu behar da zerbitzu publikoa eskaintzeko eta lanketa bat egiteko gai horiekin. Gazteen gorabeherez aparte, azkeneko hilabeteetangaztetxoek kontzientziazioa behar duten gai batzuei buruz hitz egin da. Transexualitateaz hitz egiteko Josebe Iturrioz egon zen saioan, euskaraz Kike Amonarriz aritu zen, minbiziaz mediku bat, bullying-a jasan duen batek lekukotza eman zuen... Trafiko istripu baten erruz elbarri gelditu den pertsona bat ere etorri zen.
Sare sozialetan kritikak izan dira saioan gaztelania asko entzuten dela esanez. Zer diozu?
Errealitate oso desberdinetatik datoz saioko gazteak. Batzuena ez da besteena bezain errealitate euskalduna. Lehiakide batzuek traketsago egiten dute euskaraz, eta errazago jotzen dute gaztelaniara. Baina saioan bertan aldiroko jarduna euskaraz da. Gerta daiteke gurasoetako bat telefonoz sartzea, eta halabeharrez gaztelaniaz egiten dugu labur-labur. Ez nau kezkatzen.
Udazkenean, ETB1ek Izan Invictus realitya estreinatuko du. Mintzagai ona zuentzat?
Gure saioan izandako batzuek horretan eman dute izena. Ziur nago hizketagai bakarrik ez, egon daitezkeela hautaprobak gure saioan Izan Invictus-en parte hartzeko. Pentsatzen dut ETBn aprobetxatu nahiko dutela, eta loturarik izango dela.
Adin tarte batzuetako ikusleak agian ez daude gustura zuen saioarekin. Hala ere, programak jarraituko duela uste duzu?
Espero dut baietz. Helduentzako saio batzuekin gaztetxoak ez daude gustura. Programaziotik kendu behar al dira? Ez. Gaztetxoekin funtzionatzen badu, ez dut ikusten zertan kendu. Helduentzako makina bat saio bada, bestela ere.
Julen Telleria. 'Gu ta gutarrak 3x2 Onenak' saioko aurkezlea
«Gaztetxoekin funtzionatzen du; saioa ez dago zertan kendu»
'GTG 3x2 Onenak' estreinatu zuen atzo ETB1ek, gaueko saioaren aldi berria. Telleriak nabarmendu du gazteentzako saioa dela eta haiengana iristea dela xede nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu