Gaztetasunez betetako telebista ikuskizun bat

ETB1ek 'Linbo' saioa estreinatuko du apirilaren 24an, 22:30ean. Aitziber Gradosek aurkeztuko du. «Umorezko 'late night' bat da», iragarri du Lander Arretxea saioko zuzendariak. Donostiako Gazteszenan ari dira grabatzen, publiko eta guzti.

Aiziber Grados 'Linbo' saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO
Aiziber Grados 'Linbo' saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO
urtzi urkizu
Donostia
2025eko apirilaren 14a
10:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Aitziber Grados aurkezleari erronka handia jarri diote Hiru Damatxo ekoiztetxekoek: late night show bat aurkeztea, jendaurrean. BERRIA bi atalen grabaketan izan da, Donostiako Gazteszenan, eta erronkari graziaz eta zirikatzaile erantzun diola esan daiteke. ETB1 kateak hilaren 24an estreinatuko du Linbo, eta ostegun gauetan emango du telebista ikuskizuna. Gaztetasunez eta umorez betetako saioa da, grabaketetan ikusi denez. ETB1entzat Hiru Damatxok egin duen lehen ekoizpena da, eta telebista konbentzionalerako lehen aldiz ariko den jende asko azalduko da. «Ausardia eta naturaltasuna eskatu digute, eta horretan ari gara, arduraz, baina jolasteko eta gure marko mentalen mugak zabaltzeko gogoz», esan du Lander Arretxea saioko zuzendariak.

Badira ezustekoak Linbo-n. Esaterako, Olaia Inziarte azaldu da oholtza gainean, baina ez kantatzeko edo gonbidatu gisa, baizik eta bere tarte propioa aurkezteko. Bibotedun gizonen inguruan egin duen tarteak makina bat barre algara eragin ditu publikoan.

Arretxeak iragarri du lau oinarri nagusi dituela saioak: «Lantalde gaztea, askotariko kolaboratzaileak, ezohiko bideetatik garatzen diren elkarrizketak, eta publikoa. Hain zuzen ere, zuzeneko ikuskizun bat da, telebista saio bat bezainbeste». Funtsean, umorezko late night bat.

Primeran plataformaren 'Linbo' saioa

'Linbo' saioko kolaboratzaileetako batzuk eta Aitziber Grados aurkezlea. HIRU DAMATXO

Saioko zuzendariaren arabera, gidoien lanketa dago oinarrian. «Baina publikoaren erreakzioek edo parte hartzeek beste norabide batzuk zabaltzen dituzte, eta protagonistek asmatzen dute hori probesten». Kasurako, Jon Plazaola aktoreari egindako elkarrizketa berezian, bingoan jokatzen aritu dira Gazteszenako ikus-entzuleak —Plazaolak erantzuten zituen zenbakiak baliatu behar zituzten jokalariek zenbakiak ezabatzeko—. Arretxeak aitortu duenez, horrek guztiak, noski, zaildu egiten du zer gertatuko den aurreikusi edo zuzentzea. «Tresnak ematea da gure lana, gero oholtzan eta publikoarekin gertatuko denak ahalik eta norabide dibertigarriena har dezan». Pozgarritzat jo du, bestalde, saioaren grabaketetara joan diren hainbatek gero berriz joan nahi izatea.

Kolaboratzaileei dagokienez, Inziartez aparte, beste hainbat ere badaude, hala nola Maialen Sorzabalbere, Danel Galdaera, Maria Blanco eta Julen Goldarazena Flako. «Kolaboratzaile bakoitzak bere begirada eta estiloa dakartza, eta zeharka, publiko mota jakin bat ere bai», gaineratu du Arretxeak.

«Telebistara itzultzeko aitzakia»

Saio berriaren zuzendariaren arabera, euskaldunak late night gisako formatuen zaleak dira. «Hori bai, gaztelaniaz ikusi ditugu orain arte. Baliabide eta esperientziari dagokionez, zaila izango da gu haiekin lehiatzea, baina beste gauza batzuk eskain ditzakegu: aurpegi berriak, gertutasuna, identifikazioa...». Arretxeari gustatuko litzaioke ETB1eko ikusleak harritzea, eta horrek interesa sortzea. «Aldi berean, publiko gazteagoak euren kodeetan egiten den eta beren begiradatik gertu dagoen eduki bat topatzea nahiko genuke: telebistara itzultzeko aitzakia emango diona».

«Atal gehiago egiteko gogoz gaude, denok ere hobetzen eta gauza berriak probatzen jarrai dezagun. Uste dut ETBk ere luzerako begirada batekin egin duela apustu hau»

LANDER ARRETXEA'Linbo' saioko zuzendaria

Gradosek Linbo-n egiten dituen elkarrizketetan, gonbidatuak ohiko formalismoetatik ateratzen dira. Nerea Ibarzabal bertsolariak, adibidez, Antton Telleriari ohartarazten dio kontuz ibiltzeko, zeren «bertsolariak umorezko bakarrizketak egiten hasten badira...». Elkarrizketa horietan, Grados aurkezlea trufari ageri da —Primeran plataformarentzat Argizaiola saioa aurkeztu du Mikel Pagadizabalekin batera—. Arretxearen arabera, aurkezleak badu aurpegi zirikatzaile bat, «umore beltzerako joera barne», eta ahalegindu dira saioan ere hori islatzen. Gradosek lehen egunetik bigarrenera ikasi egin duen moduan, saioko lantalde osoak ere hala egin duela iruditzen zaio Arretxeari: «Aspaldi ez da halako formaturik egonkortu euskaraz, eta umore molde batzuek ez dute apenas garatzeko tokirik izan. Saioz saio gabiltza, bai Grados, bai beste denak, tonu eta giro horren bila, gauzak probatzen».

Danel Galdaera eta Aitziber Grados 'Linbo' saioan
Danel Galdaera eta Aitziber Grados 'Linbo' saioan. Publikoa bertan dela grabatzen dute saioa. HIRU DAMATXO

Linbo-ren aurreneko denboraldiak hamar atal izango ditu. «Gehiago egiteko gogoz gaude, denok ere hobetzen eta gauza berriak probatzen jarrai dezagun. Eta uste dut ETBk ere luzerako begirada batekin egin duela apustu hau». Ordubete inguru iraungo du atal bakoitzak.

Itzali dira kamerak. Eta Gazteszenako barran, garagardo lata batzuk, poltsako patatak eta fruitu lehor batzuk atera dituzte. Linbo-ra itzultzeko gogoz gelditu dira asko, ez zerura, ez infernura.

Aiziber Grados 'Linbo' saioko aurkezlea. Primeran plataforma
Aiziber Grados 'Linbo' saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.