Gaztetasunaren ispilu 20 urtez

'Gaztezulo' aldizkariak 20 urte bete ditu. Urteurreneko ospakizunak datorren urtera atzeratu ditu

BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Nahiz eta urteurrena ezin izan duten nahi moduan ospatu, Gaztezulo komunikazio proiektua osatzen dutenek ezustekoz betetako aldizkaria prestatu dute hilabete honetarako, 20 urte bete dituztela ozen aldarrikatzeko. Urriko zenbakia datorren ostiralean argitaratuko dute: batetik, Gaztetxulo garaiko —horrela zuen izena hastapenetan aldizkariak— diseinua berreskuratu dute, Oihana Egañaren ilustrazioekin eta Gartxot Unsainek egindako bertso batekin. Aldizkariari buelta eman, eta beste azaleko protagonista Aitziber Garmendia aktorea da.

Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendariak azaldu duenez, Garmendia urte luzez izan da euskal umorearen aurpegia, eta ez zegoen urteurrenerako gonbidatu hoberik. «Gure proiektua, modu batean edo bestean, beti saiatu da umore eta urratze puntua mantentzen, ahalik eta modu freskoenean gazteei interesatzen zaizkien gaiak eurengana hurbilduz». Saiakera horretan irmo jarraituko dutela nabarmendu du. «Umorea baita kritikarako arma boteretsuena, eta egun, baita zentsuratuena ere».

Nahiz eta aldizkariak bidean zailtasunak izan dituen, «harro» dago lantaldea egindako bidearekin. «Uste dugu gai izan garela garaiarekin batera itxuraz aldatzeko eta edukiek behar zuten garapena ere islatzeko», adierazi du aldizkariko zuzendariak. «Paperezko aldizkarian sinisten dugu, eta horren alde borrokatuko gara indar guztiarekin».

Paperean ez ezik, sare sozialetan ahalegin berezia egiten ari da Gaztezulo. Horren erakusgarri da konfinamenduko hilabeteetan egin zuten #Zulotik elkarrizketa sorta. «Horren arrakastari esker, Instagram bidezko jarraitzaile ugarik jo dute gugana, eta gure edukiekiko interesa erakutsi digute».

Urteurrena ospatzeko, aurten Gaztezulo 20 Bira egitasmoa antolatzeko asmoa zuten. Hainbat euskal musika talderekin kontzertu txikiak egitekotan ziren,baita argazki erakusketa bat eta mahai inguruak ere. «Horiek 2021erako utziko ditugu, momentuz. Gaztezulo 20+1 ospatuko dugu, beraz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.