Eusko Jaurlaritzaren prentsaurrekoetan ordubetez azalpenak gazteleraz ematea, eta gero euskaraz esaldi bat —gainera, askotan, trabatuta— botatzea ere hizkuntz eskubideen urraketa izango da, ezta? Euskal hiztunok ez al daukagu gure hizkuntzan informatzeko eskubiderik, ETB?». Herritar batek Hizkuntza Eskubideen Behatokira bidalitako kexuetako bat da. Azkeneko asteetan halako ugari jaso dituzte. «Gehien errepikatu dena izan da bai ETB1en, bai Euskadi Irratian, agintariak eta bestelako norbanakoak gaztelaniaz hitz egiten azaltzen zirenean, EITBk irizpidetzat hartu duela bere horretan ematea, gaztelaniaz», azaldu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. Atzo, adibidez, Sonia Perez Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak gaztelania hutsean eman zituen argibideak. ETB1ek bere horretan eman zuen.
Kexu horiekin gutun bat bidali zion Behatokiak EITBri. Eta euskal irrati-telebista publikoaren erantzuna hau izan da: «Lidergoa duten agintariak direnak dira, eta haien hitzak bitartekaritzarik gabe eskaintzea ezinbestekoa izan da».
Larrialdi krisi honetan mezu hori nahiko orokorra izaten ari dela uste du Gaubekak: «Norbere erantzukizuna hartu nahi ez eta besteen gainean jarri nahi izatea orokortu da. Erantzukizunak agintarienak dira, baina baita komunikabide batenak ere. Helburu orokorra informatzea da, baina informazioa helarazteko moduak berebiziko garrantzia dauka».
Izan ere, Behatokiak oroitarazi du EITBren xedeetako bat euskararen normalizazioa dela. Horren kontrako irizpideak hartu dituela salatu du. «Horrek kezkatzen gaitu. Aitzakia gisa jarri direlako presa edo informazioaren garrantzia, informazio hori gaztelaniaz zabaltzeko». EITBk esan du agintarien hitzak gaztelaniaz bitartekaritzarik gabe ematea ezinbestekoa dela. Larria iruditzen zaio hori Behatokiari. «Zer gertatzen da nazioarteko agintariak ingelesez ari direnean? EITBk hori ez digu bitartekaritzarik gabe ematen. Kasu honetan, gaztelaniaz, zergatik bai?».
EITBk, era berean, erantzun du kexuak aintzat hartu dituztela, eta zenbait neurri hartu. Maiatzaren 5ean ohar bat bidali zieten kazetariei Gaur egun-erako adierazpenak euskaraz jasotzeko ahalegina egiteko esanez. Behatokiaren ustez, ordea, neurriak ez dira praktikan ikusten ari. «Jartzen duzu ETB1, eta eguerdian agintariek gaztelaniaz egiten dituzten agerraldiak gaztelaniaz daude oraindik, bere horretan. ETB1en agintariak gaztelaniaz ari direnean, ez dago azpidatzirik, ezta bestelako euskarazko ahotsik ere».
Europako Kontseilura jo du
EITBren arrazoiak ikusita, Gaubekari iruditzen zaio komunikabideari badagokiola euskarazko adierazpenak «aktiboki» eskatzea. «Kazetari batzuek esan digute euskarazko adierazpenak eskatzen dituztenean beti berandu pasatzen dizkietela. Erantzukizunak partekatuak direla ikusten dugu. Lan gehigarria da eduki batzuk euskaratzea, eta kasu askotan, erraztasunagatik edo presagatik, gaztelaniaz bildu izan dituzte hainbat jenderen hitzak».
Behatokiko zuzendariaren iritziz, ez zaio garrantzirik ematen informazioa zein hizkuntzatan eta nola zabaltzen den, eta hori inoiz baino garrantzitsuagoa dela ohartarazi du. «Honelako garaietan agintariek ez badute euskara erabiltzen, gero herritarrei nola eskatuko zaie euskaraz aritzeko? Adierazten ari dira garai garrantzitsuetan euskara ez dela beharrezkoa». EITBren kasuan, Behatokia kezkatuta dago. «EITBren gisako komunikabide talde garrantzitsu eta publiko batek egiten duenak eta esaten duenak garrantzi berezia du gizartean; ondorio bereziak izan ditzake».
Behatokiak txosten bat bidali du Europako Kontseilura, larrialdi egoeran egin diren hizkuntza urraketekin. Europako Kontseiluak berak ohartarazi die estatuei tokiko hizkuntzak aintzat hartu behar direla helarazten diren informazio eta mezuetan, herritarren ongizatea bermatzeko. «Hori garrantzitsua izan daiteke administrazioak presionatze aldera».
Gaztelaniaren leihoa ETB1en
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gutun bat igorri dio EITBri, zenbait herritarren kexuekin, erabiltzen ari diren irizpideengatik. EITBk erantzun du informazioa dela lehentasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu