Gazteentzat, euskaraz eta bertikalean

Zut aplikazioa eta 'Ixa' serie aplikazioa sortu dituzte. Nagusiki, edukia gazteentzat da: euskaraz eta formatu bertikalean

Ixa eta Zut formatu berritzaileen aurkezpen ekitaldia, atzo, Tabakalerako 2deo laborategian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Kasualitatez. Horrela elkartu ziren Zut aplikazioaren eta Ixa serie aplikazioaren sortzaileak. Biak aurkeztu zituzten Donostiako Tabakalera zentroko 2deo ikus-entzunezkoen laborategiaren deialdira. Proiektu berritzaile bat garatzeko ideia bidali zuten, hori gauzatzeko diru laguntza zein aholkularitza jasotzeko asmotan; bi proiektuek lortu zuten baietza.

Ikus-entzunezkoa oinarri duen produktu multimedia bat da Zut aplikazioa, eta jende gaztearentzat da. Elkarlanean egin dute Gaztezulo aldizkariaren eta ADM hedabide taldearen artean. Ttap aldizkari digitala eta etorkizuneko antzeko komunikazio proiektuak argitaratzeko sortu zen talde hori: Goiena, Anboto, Baleike, Tokikom, Esguard eta Euskalerria Irratia hedabideek osatzen dute. Atzo aurkeztu zuten aplikazioa, Tabakaleran, Ixa proiektuaren sortzaileekin batera. Gaztezulo aldizkariko zuzendaria da Gaizka Izagirre, baita Zut aplikazioaren sortzaileetako bat ere. Adierazi duenez, «herren sentitzen ginen ikus-entzunezkoen aldetik, eta, batik bat, teknologia aldetik». Hutsune hori betetzeko asmoz otu zitzaien Zut sortzea: gazteak protagonistatzat dituen aplikazioa, eta edukiak atalez atal aurkeztuko dituena.

«Ikus-entzunezkoen aldeko hautua egin dugu, testurik apenas egongo den, behar dena soilik: bideoa izango da nagusi», esan du. Gainera, eduki horiek guztiak bertikalki egingo dituzte.

Zortzi atal izango ditu. Lehena, Ixa serie aplikazioa izango da; izan ere, elkarlana izan da nagusi Zut aplikazioaren sortzaileen eta haien artean; Izagirreren arabera, «bakoitzaren gabeziak bestearen alderdi sendoena bilakatu dira». Bertikaltasunak batu ditu, baita euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko nahiak ere.

Unai Portillak, Egoitz Diaz de Ibargoitiak eta Gorka Alvarez de Arkaiak sortu dute Ixa. Ikus-entzunezko komunikazio gradua ikasten ari zirela sortu zitzaien seriea egiteko ideia, beste bi ikaslerekin batera. Unai Portillaren esanetan, «etorkizuneko ikus-entzunezko zein teknologia berrien erronken inguruan» gogoeta egin ostean sortu zen Ixa sortzeko asmoa. «Denboraren gaia abiapuntu hartuta, gogoeta sakona egin, eta pentsatu genuen serie interaktibo bat sortu behar genuela; eta hori egiteko, egokia izan zitekeela aplikazio bat sortzea ».

«Etengabeko esperimentua» izan da lan prozesua, baina pozik daude emaitzarekin, argitara eman eta proiektuaren harrera zein den jakiteko «gogotsu». Portillak iragarri duenez, «gaur-gaurko gaien inguruan hitz egiten du serieak, eta gazteon ikuspegi batetik landu ditugu». Hala ere, publiko guztiarentzat da. Sei atal ditu, bost eta hamar minutu artean dituzte, eta guztiek denbora dute gogoetagai. Istorio independenteak dira, horiek ere bertikalki grabatuak, eta atal bakoitzak elementu multimedia esklusibo bat izango du: «Atal arruntez aparte, atal multimedia bat egin dugu istorio bakoitzeko: ikusleek edukiarekin interakzioa izateko eta baliabide bisualetatik harago bestelako erreferentziak izateko».

Elkarlana, ezinbesteko

«Elkarlanaren garrantzia» nabarmendu du Izagirrek: «Uste dut Euskal Herrian ikasi beharko genukeela elkarlanen aldeko apustu gehiago egiten». Elkarlan horren erakusle da bi taldeek izan duten harreman estua. Fikzioaz gain, baina, atal gehiago izango ditu Zut aplikazioak: elkarrizketa nagusia, euskal abestien bertsio eta kantu zerrendak proposatuko dituen musika atala, gogoetagai ugariren inguruko youtuberren txokoa, telesailen gomendioak, modari loturiko atala, sexologia esketx formatuan landuko duen gunea, eta, azkenik, lehiaketa zein erronken atala.

Aplikazioaren erabilera ardatz dute, eta Izagirrek esan du «telefonoak eskaintzen dituen tresna guztiak garrantzitsuak» izango direla. Kontsumitzeko ere «erraza» izango da funtzionamendua, hots: «Intuitiboa izango da, botoi moduko batzuk egongo dira: handiak, ikusteko errazak».

Bi formatuen kasuan, «zaila eta luzea» izan da lan prozesua, baina «aberasgarria». Portillak adierazi duenez, ikasi egin dute bidean, eta hasieran ezarri zituzten xedeak betetzen hasteko gogoz daude: euskara sustatzea eta gazteak erakartzea. Bide horretan, beste erronka zenbait ere jarri dituzte: «Ateak ireki nahiko genizkioke euskal fikzioari,Ixa-ren moduko proiektu txoro eta berritzaile gehiagori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.