Duela astebete ikusi zuen argia Primeran plataforma berriak. Eta euskarazko edukiz beteta dagoen zerbitzu hori aurkezteko ekitaldi ofiziala egin zuten atzo, Donostian. «Egun berezia da», esan zuen ETBko zuzendari Unai Iparragirrek. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren arabera, «egun garrantzitsuaETBren historian».
Eta egun berezi horren ekitaldian izan ziren, besteak beste, alderdi politikoetako eta erakundeetako hainbat ordezkari. Han izan ziren Galiziako eta Kataluniako irrati-telebista publikoetako arduradunak eta Mediapro taldeko presidente Jaume Roures —Mediaprok Primeran-en lanketa teknologikoan parte hartu du, eta eskerrak eman zizkion Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak—. Ekitaldian izan ziren Euskal Herriko ekoiztetxeetako ordezkariak eta euskarazko hainbat hedabidetako arduradunak ere, tartean BERRIAko zuzendari Amagoia Mujika. EITBko administrazio kontseiluko kideek ere ez zuten Primeran-en aurkezpena huts egin. Guztira, 270 gonbidatu baino gehiago bertaratu ziren ekitaldira.
Aldekoak zera nabarmendu zuen: «EITBrentzat euskara estrategiaren erdigunean dago. Baina gakoa ez da plataforma, baizik eta kalitatezko euskarazko eduki interesgarriak eskaintzea».
Iparragirrek azaldu zuen duela bi urte ikusi zutela oso txikia zela haur eta gazteen euskarazko kontsumo digitala. «Horren erantzuna da Primeran». Edonola ere, zera ohartarazi zuen: «Abiatzea gauza bat da, baina gero plataforma elikatu egin behar da». Horregatik, propio plataformarako ekoitziko dituzten edukiak sareratuko dituzte.
Zupiriaren arabera, Primeran-ek «urrats kualitatibo bat» egiten lagunduko du. «Ingurune digitalean leku bat nahi dugu euskaldunok. Ez dugu ikusezin izan nahi».
Edurne Azkaratek eta Julen Hernandezek aurkeztu zuten ekitaldia, eta azken horrek azaldu zuen Primeran plataforma Primeran.eus webgunean dagoela eta Google Play eta Apple App denda digitaletan aplikazioa deskargatuta ikus daitekeela. Chromecast bitartez eta Hbbtv-etan ere ikusi daitezke edukiok. Laster gehituko zaio zerrendari Android TV. Doako plataforma da, eta erregistratzea nahikoa da.
Bulego taldeko kantari Tomas Lizarazuk jarri zion musika ekitaldiari.
'El Vasco' filma, urrian
Primeran zabaltzeko autobus bat atondu dute —herritarren zalantzak argituko dituzte bertan—. Tabakaleran egin zuen lehen geldialdia; Zinemaldiko egunetan Donostian jarraituko du, eta ondotik Bilbora, Gasteizera eta Iruñera joango da.
Primeran plataforman estreinaldi gehiago egingo dituzte datozen asteetan: hilaren 28an iritsiko da Itxaso telesaila. El Vasco filma, berriz, urriaren 13tik aurrera egongo da ikusgai. Jabi Elortegik zuzendu du pelikula hori, eta aktoreak Joseba Usabiaga, Eduardo Blanco eta Itziar Aizpuru dira.
Gazteen kontsumo ohitura berriei erantzuteko jaio da Primeran
EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak esan du euskara estrategiaren erdigunean dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu