Irati Sarasua. Hamaika telebistako aurkezlea

«Gazteen ikuspegiak lekua izan behar du komunikabideetan»

Asteazkenero 'Esatea libre' saioa zuzentzen du Sarasuak (22:00). Solasaldi hutsetik elkarrizketa, tertulia eta erreportajez osatutako formatura egokitu dute. Denis Itxaso elkarrizketatuko du gaur.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Hernani
2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Kazetaritzan urte gutxi eraman arren, kamera aurrean patxadaz eta eroso dabil Irati Sarasua (Hernani, Gipuzkoa, 1990).

Esatea libre saioaren egitura aldatu egin duzue aurten. Zertan saiatu zarete?

Formatu ezberdinetan edukiak emateak aukera ematen dizu publiko handiagoarengana iristeko. Gainera, saioa dinamikoagoa da orain. Hasierako elkarrizketa hamabost minutukoa da, gero eztabaida 30 minutukoa, eta beste gai bat erreportaje baten bidez lantzen dugu.

Elkarrizketa politiko zenbaitek oihartzuna izan dute. Nola lor daiteke elkarrizketa batetik eduki mamitsuak ateratzea?

Zaila da. Gaurkotasuneko gaiak jorratzen ditugu. Gaurkotasuna lantzeko pertsona egokia aukeratzen lortzen dira halakoak. Hortik aparte, pertsona batzuei beti ateratzen diezu titulu on bat, eta jendearengana iristen dira.

Inguruko kate batzuetan gidoilari dezente izaten dituzte lantaldeetan. Nola moldatzen zara zu bakarrik?

Hasieran zail samarra zen, gaia eta gonbidatua aukeratzerako garaian. Gero, ohitu egiten zara. Taldeko bakoitzak saio bat dugu, baina Hamaikan gauza asko komentatzen ditugu elkarrekin.

Tertulian tarteka lau solaskide gazte izaten dituzue. Gazteenalde egiten du Hamaikak?

Bai. Gazteen ikuspegiak lekua behar du hedabideetan. Lau talde egin ditugu, eta gazteen taldean beste modu batera lantzen dituzte gaiak. Gazteengana iristeko ere ona izan daiteke. Gazteen jarrera dinamikoa erakusten da solasaldian.

PPren inguruko kazetaririk, ordea, ez da solasaldi horietan azaltzen.

PPkoak etorri izan dira. Egia da orain ez ditugula. Baina jarraituko dugu saiatzen, eta espero dugu aurrerantzean etorriko direla.

Erabakitzeko eskubidea maiz azaltzen da saioan, baita Pausoan programan ere. Zer behar da Euskal Herriko egoera Kataluniakora gerturatzen joateko?

Kataluniara begiratzea garrantzitsua da. Ikustea zer pauso eman dituzten. Euskal Herrian garrantzitsua izan zen Gure Esku Dago-ren ekainaren 8ko mobilizazioa. Herriarengan asko sinisten dut, eta mahai inguruetan asko galdetzen dut herriaren rolaren inguruan. Katalunian herriak aurrea hartu die alderdi politikoei, eta argi esan du azaroaren 9an botoa eman nahi duela.

Irailaren 11n saio berezia aurkeztu zenuen Diadaren inguruan. Interneten bisita ugari izan zenituzten, ezta?

Ez dakigu telebistan eta Interneten zuzenean ikusi zutenen kopurua. Gero saioa jarri genuen sarean, eta 30.000 bisita baino gehiago izan ditu. Emaitza oso ona da. Aurretik TV3ekin harremanetan jarri ginen, eta Bartzelonako zuzeneko irudiak izan genituen.

Euskal Herri osoan ezin da Hamaika telebistaz ikusi. Internet bidez lortzen al duzue jendearengana iristea?

Pixkanaka ari gara. Sare sozialek aukera handia ematen dute zabaltzeko. Ikusle ezberdina da Internetekoa. Nafarroan ea aukera dugun datozen urteetan telebistaz emititzen hasteko. Nafarroa Oinez-en izan ginen, eta saioa jende askok ikusi zuen sarean. Bide onetik goaz Interneten.

Zer onura eta arrisku ikusten dizkiezu sare sozialei?

Informatzeko eta herritarren iritziak jasotzeko oso tresna onak dira. Baina zeure burua mugatu egin behar duzu.

Jaurlaritzak 40.000 euro murriztu du Hamaikari emandako laguntza. Nola sentitu zara?

Gogorra izan da. Erabakia jakin dudanean sentipen fuerte bat izan dut, iruditzen zaidalako horrelako hedabideei lagundu egin behar zaiela. BERRIAri 210.000 euro kentzea ere izugarria iruditzen zait. Horrelako kolpeekin ez goaz ondo. Espero dut kaltea ez izatea gaur pentsatzen dudana bezainbestekoa.

Zein izan da gehien hunkitu zaituen Hamaikako elkarrizketa?

Abuztuan hiru gazte auzipetu elkarrizketatu nituen. Ibon Estebanen testigantzak asko hunkitu ninduen. Are gehiago nire adin berekoa dela kontuan hartuta. Atxiloketa eta torturak nola bizi izan zituen kontatu zidan, eta gaur egun Iruñeko kaleetan bere torturatzailea ikusten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.