Telebista aspaldiko garaietako kontu bilakatu da belaunaldi berrientzat. Haren ordez, plataforma digitalek eta sare sozialek betetzen dituzte gazteen aisialdi orduak. Netflix, Youtube, Max, Disney Plus, Amazon Prime Video... Gazteek asko erabiltzen dituzte horiek guztiak, baina non geratu dira euskal plataformak? Galdera hori bera egin zion Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak unibertsitateko ikasle multzo bati. Gazteek plataformetan dituzten ohiturak aztertu eta horiek txosten batean irudikatu ditu Behategiak. EHUko eta NUPko ikasleei egindako galderak dira.
Netflix da gazteen artean gehien erabiltzen den plataforma, eta Amazon Prime Video bigarrena. %71k erabiltzen dute Netflix, eta %66k Amazon. Euskarazko edukia sortu eta ematen duen Primeran plataforman, unibertsitateko gazteen %11 erregistratu dira. Nabarmentzekoa da gazteek erabiltzen dituzten plataformen zerrendako doako zerbitzu bakarrenetakoa dela Primeran, baina, hala ere, Netflix eta Amazonetik oso urruti dabil. Primeran-en datu berdintsuekin Anime Flv dago, animeak ikusteko webgune handiena. Sexu gaiei erreparatuz, emakumeak dira plataforma digitalen erabiltzaile gehienak. Salbuespen bakarra Movistar Plus-eko eta DAZN-eko datuetan dago; mutilak nagusitzen dira bi horietan, kirol emanaldiek bultzatuta.
Hizkuntzari erreparatuz, gazteen %66k gazteleraz ikusten dituzte plataformetako edukiak, eta %22k ingelesez. Euskaraz ikusten dituztenen ehunekoa ia hutsala da, %1. Euskara lehen hizkuntza dutenen artean, datua ez da aldatzen: %1 da. Bigarren talde horretan, berriz, gaztelerazko edukiak gehiago dira, %73 —%7 gehiago—. Azpidatziei dagokienez, galdetutakoen erdiek ez dituzte erabiltzen; euskarazkoak, inork ez.
Azken telesail edo filma zein plataformatan ikusi duten ere galdetu diete Ikusikerreko ikertzaileek ikasleei. %1ek erantzun du Primeran izan dela kontsumitutako azken plataforma, eta %46k Netflix izan dela erantzun dute.
Unibertsitateko ikasketen arabera ez dago desberdintasun handirik. Unibertsitateko lehen mailako ikasleen %8k daukate Primeran-eko kontua, bigarren mailako %11k eta hirugarren mailako %12k. Netflixen eta Amazonen kasuan, alderantzizkoa da ohitura; hau da, unibertsitatera sartu berri diren gazteek kontsumitzen dute gehien. Maiztasunari dagokionez, gazte gehienek astean bi eta bost aldiz erabiltzen dituzte plataforma digitalak, eguneko 30 minutuko kontsumoarekin; emakumeek maizago erabiltzen dute.
X-n, edukia gazteleraz
Gazteen %41ek ez daukate X sare sozialeko konturik. Gazteen artean Instagram eta Tik Tok aplikazioek duten nagusitasuna erakusten du horrek. X erabiltzen dutenetatik, %4k euskarazko txioak ikusten dituzte, eta %41ek gaztelerazkoak. Nabarmentzekoa da ingelesezko txioak euskarazkoak baino %1 gehiago kontsumitzen dituztela ikertutakoek. Txioak sortzen dituztenen artean ere gaztelania da nagusi.