Datorren urteko otsailaren 1ean jarriko dute martxan interneteko www.ehkz.eu ataria. Gazteek egin dute, gazteentzat pentsatua. Horrelaxe izango da ehKz hedabidea. Lankidetzan eta parte hartzean oinarritutako proiektua da, eta horretarako, hainbat arlotan interesa duten gazteak elkarlanean arituko dira. «Duela lau edo bost urte hasi ginen pentsatzen Ipar Euskal Herrian gazteentzako komunikazio arloko proiektu bat sortu behar genuela. Topatu.info eta Gaztesarea atarien gisako proiektuak ezagutzen genituen, eta horrelako bat behar genuela erabaki genuen guk ere», dio Ekhi Erremundegi ehKz-ren sortzaileetako batek.
«Ipar Euskal Herriko hedabideetan lan egiten duten hainbat pertsonarekin bildu ginen aholkuak eskatzeko, eta hortik abiatuta hasi genuen gure proiektua», azaldu du.
Elebiduna da proiektua; euskaraz eta frantsesez irakurri ahalko da. Hedabide horren bitartez,gazteei helarazi nahi dizkiete gaur-gaurko gaiak. Erremundegik horrela laburbildu du helburua: «Ipar Euskal Herriko gazteen egunerokotasuna lantzeaz gain, gaurkotasun orokor eta politikoa lantzea da xedea, gazte ikuspegi bat emanez». Politika, kultura, kirola eta gizarte gaiak landuko dituzte, besteak beste.
Webgunearen bitartez, Ipar Euskal Herriko gazteen arteko sare bat osatu nahi dute: «Ipar Euskal Herrian egitasmo ugari dago gazteek antolatuta, arlo politikoan, sozialean, kiroletan eta abar. Gure helburua, alde batetik, horiei ahotsa ematea da. Bestetik, nolabaiteko truke bide edo zubia eraiki nahi dugu gazte guztien artean». Ipar Euskal Herriko gazteek elkarren berri edukitzea nahi dute. «Elkar ezagutzea»,azaldu du Erremundegik.
Beste atal batzuk
Gaurkotasunaz gain, beste hainbat atal ere izango ditu proiektu komunikatiboak: erreportajeak, blogak eta elkarrizketak. «Erreportajeei dagokienez, atenporalagoak izango dira; gai jakin batzuei buruz gazteek gaur egun dituzten arazoak jorratuko ditugu». Blogarien kasuan, berriz, astero zortzi gazte bilduko dituzte gaurkotasunari buruzko iritziak emateko. Elkarrizketen atalean, Ipar Euskal Herriko gazte ekintzaileak ezagutzeko aukera emango dute. Gainera, sortzaileen txokoa ere izango dute. Nahi duenak bertsoak, margolanak eta bestelako sormenak bidaltzeko aukera izango du.
Proiektuaren izena Euskal Herria Zuzenean festibalean kaleratzen duten berripaperetik hartu dute. Halere, jaialdiarekiko independenteak dira. «Euskal Herria Zuzeneko hiru egunetan sortutako proiektua urte guztiko proiektu izateko proposamena egin genuen, festibaletik abiatuta, baina proiektu autonomoa bilakatuz».Proposamenari baiezkoa eman zieten, eta ehKz ataria sortzeari ekin zioten.
Sarrerako webgunea martxan jarri dute,dagoeneko bisita daiteke,www.ehkz.eu helbidean. «Bertan nor garen eta gure helburua zein den azaltzen dugu». Webgunearekin hasi aurretik, lan ildoa hiru ataletan banatuko dute. «Batetik, eragile politiko, sozial eta instituzionalekinbilduko gara, haiekin lehen harremanak izan eta eurek ere proiektua ezagut dezaten. Bestalde, bazkidetza kanpaina bat abiatuko dugu, eta, azkenik, kolaboratzaileak aurkitzeko lana egingo dugu», azaldu du Erremundegik.
Otsailaren 1ean jarriko dute martxan webgunea, eta ospakizuna antolatuko dute. Goizean, zenbait hitzaldi eta eztabaida antolatuko dituzte. Ondoren, bazkaria eta tailerrak izango dira, eta gauean, kontzertuak.
Komunikazioa
Gazteek gazteentzat egina
Gazteen arteko harremanak saretzeko xedez sortu dute 'ehKz' ataria. Datorren urteko otsailetik aurrera izango da martxan. Proiektua lankidetzan eta parte hartzean oinarrituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu