Ainhoa Vitoria. Gazteako podcasten arduraduna

«Gazteak ez zaizkigu etorriko gu ez bagara beraiengana joaten»

Vitoriak musikarekin lotutako askotariko gaiak lantzen ditu Gaztearen podcastetan. Sare sozialetan zabaltzeko eduki egokitzat ditu. Haren ustez, podcastek aukera polita ematen dute euskal edukiak sortzeko.

EITB.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
2010. urtetik da Gazteako esataria Ainhoa Vitoria (Arrasate, Gipuzkoa, 1987). Makina bat saiotan aritu da, eta iazko udatik irratiko podcastak egiten ditu.

Zer moduzko harrera izaten ari dira Gaztean egiten dituzun gaikako podcastak?

Oso ona. Instagram bidez zenbait entzulek idatzi izan didate. Jendeari gustatzen zaio beste eduki bat izatea eskura, edonoiz entzun ahal izateko.

Zertan bereiziko zenituzke podcast horiek Gaztearen ohiko irratsaioetatik?

Batez ere, eskaintzen diegun denbora. Gure irratiak erritmo oso bizkorra dauka, eta edukiak berehala eman behar dira. Asmoa zen patxada hartzea eta beste gai batzuk jorratzea, musikari lotutakoak izanda ere. Badira zenbait kontu ez direnak irratiko programaziora iristen, ez dugulako astirik eta baliabiderik. Gainera, irratia entzuten ez duenak sarean topa dezake gure eduki hori.

Azkeneko asteetan musika jaialdiak ari zara aztertzen. Jaialdirik ez da izango udan, eta horien zaleentzat aukera ona izan daiteke podcastak entzutea?

Bai, helburua hori zen. Jakinda ez dela musika jaialdirik egingo, ekar ditzagun gure podcastetara, eta, behintzat, ikusi zer egon den nazioartean eta Euskal Herrian. Euskal taldeak ere ikusi izan ditugu jaialdietan sekulako kontzertuak ematen, eta horiei balioa eman nahi diegu.

Nolako erreferenteak dituzu podcastgintzan?

Oso umorezalea naiz, umorearekin lotutakoak bilatzen ditut gehienetan. Azkenaldian entzuten ditudanen artean Barbijaputa-rena dago [Público]. Musikari buruzko podcastetan, BBCk gai zehatzei buruz egiten dituenak oso interesgarriak dira.

Euskal Herriko beste hedabide batzuetan ari dira euskarazko podcast batzuk sortzen. Nolako kalitatea ikusten duzu?

Ikusten dut batez ere ilusioa dagoela, eta hori nabari da. Zerbait berria da, eta formatu atsegina da egiteko. Elkarrizketa sakonak entzun ditut euskarazko podcastetan, eta gizarte gaiak oso ondo lantzen dira. Euskadi Irratian ere helburutzat dute hemendik aurrera podcastak lantzea.

Zuzeu Podcast-eko arduradunek esan izan dute euskarazko audiogintzak eremu oso baliotsua duela, herritarrak ohituta daudelako irratia euskaraz entzutera. Ados al zaude?

Bai, euskarazko irratien entzule kopuruak handiak dira; telebistarenak, ez horrenbeste. Podcasten kasuan oso aukera ona da hartzaile horiek berreskuratzeko. Gazteak berreskuratzeko ere bai: gazteak sare sozialetan daude, eta, haiengana iristen bazara, emaitza ona izango da.

Sare sozialetan zabaltzen dituzue Gaztearen zenbait bideo. Maddalen Arzallusen bertsioek, adibidez, harrera beroa dute.

Primeran funtzionatzen dute. Beste formatu batean eskaintzen baldin baduzu, eduki bera beste publiko batengana iristen da. Badakigu gazteak sare sozialetan daudela, eta haiek ez zaizkigu guregana etorriko gu ez bagara beraiengana joaten. Gaur egun, Instagram erakusleiho oso interesgarria da. Arzallusen bideo bat bertan igotzen den bakoitzean sekulako harrera dauka. Nire podcastak zabaltzeko ere modu egokia iruditzen zait.

Tik Tok sare sozialean ahaleginen bat ere egin duzue.

Bai, Tiktok nerabeen artean oso zabaldua dago, haien erreinua da, baina azkeneko asteetan helduen artean ere hedatzen ari da. Aztoratuta gabiltza denok Tiktok aplikazioarekin. Irratia jada bisuala da, eta hori da beste herrialdebatzuetan ikusten ari garena. Irratia bere horretan bakarrik ezin duzu eskaini, beste eduki batzuk eman behar dira publikoa asetzeko.

Gazteen artean ehuneko txiki batek entzuten du gaur egun irrati konbentzionala. Adin batetik beherakoak beste toki batzuetatik harrapatu behar dituzue orduan, ezta?

Instagramen gure target-a 25-35 urte artekoa da. Are gazteago direnek ez dute irrati tradizionala askorik entzuten. Horrenbestez, geure burua beste modu batean aurkeztu behar dugu.Gazteako saio asko Spotifyn daude podcast eran, adibidez. Argi dago irratian bakarrik ezin garela gelditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.