«Beste ekarpen bat egingo dugu eta ohi baino modu lasaiagoan arituko gara. Zerbait desberdina izango da». Hala definitu du Ainhoa Vitoria esatariak Bitan irratsaioa. EITB taldeko Gaztea irratiak bihar estreinatuko du saioa, eta Sara Alonsorekin batera aurkeztuko du Vitoriak. Larunbatero eta igandero entzun ahalko da, 09:00etatik 11:00etara, Gaztearen FMko seinalean zein webgunean.
Musika izango da irratsaioaren protagonista nagusia, baina ez bakarra. «Musikari dagokionez, Gaztearen zerrendan dauden kantetatik harago joango gara», azaldu du Vitoriak. Alonsok nabarmendu du astegunetan Gaztean entzuten diren saioetatik bereiziko dela Bitan: «Egunerokotasunean entzuten ditugun kantetatik eta edukietatik aterako gara». Erritmoa ere desberdina izango dela gaineratu du esatariak: «Gaztean dauden programen aldean, beste zerbait eskainiko dugu, beste tenpo batean hitz eginez. Ohiko abiadan ez aritzea nahiko genuke».
Bitan irratsaio berriak hainbat kolaboratzaile izango ditu: Amancay Gaztañaga antzerkigile eta idazlea bi astean behin joango da saiora, eta antzerkiaren eta kulturaren alorreko gaiak izango ditu hizpide; zinemaz ariko dira bi astean behin Beñat Uribetxebarriarekin eta Jone Arriolarekin. Bi horiek saiora joaten ez diren asteetan, Benetan Zabiz? saioko Malen Altuna eta Aitziber Grados esatariak gonbidatuko dituzte. «Bizitzako dilema profesionalak eta pertsonalak ekarriko dituzte Altunak eta Gradosek. Haien freskotasuna interesatzen zaigu», esan du Vitoriak.
Gazteako beste esatari bat ere joango da programa berrira: Ibon Fernandez GU saioko kidea. Gazteako erredakzioan hizpide diren gaiak eramango ditu astero Gossip boy atalean. Alonsok nabarmendu du erredakzioan egunero daudela gai batzuk pil-pilean. «Horien inguruan ariko gara Fernandezekin. Baina filtro batekin, noski».
Alonsok berak disko bat hartu eta «disekzioa» egingo dio saioan. Gainera, Ekain Perez kazetari eta musikari adituak musika munduko bitxikerien inguruan hitz egingo du hamabostean behin.
Elkarrizketak, «patxadaz»
Bi astean behin, estudioan elkarrizketa bat egingo dute Vitoriak eta Alonsok. Lehen gonbidatua bihar izango dute mikro aurrean: Idoia Asurmendi musikaria. Musikaren arlokoak izango dira elkarrizketa horietako batzuk, baina beste esparruetako pertsona ezagun batzuk ere elkarrizketatuko dituztela iragarri du Vitoriak: «Elkarrizketa lasaiak izango dira, patxadaz egindakoak».
Alonsok iragarri du entzuleek gozatzeko moduko saioa egiten saiatuko direla: «Larunbat eta igande goizetan, etxean lasai zaudenean, irratia piztu eta saioa entzun daiteke beste zerbait egin bitartean, baina arretaz ere entzuteko modukoa izango da», zuzendu zaio entzuleei. «Beste patxada eta sosegu batekin entzuteko programa izango da».
Vitoria jendaurreko saioak egiten aritu da aurreko hilabeteetan: Yoko Ona podcasta hainbat hiritan egin zuten; azkenekoa, Donostian. Orain badu gogoa irrati formatuarekin gozatzeko. «Baina Bitan jendaurrean egiteko aukera sortuko balitz, polita izan daiteke. Ikusiko dugu ea saio berri hau jendaurrean egin dezakegun txokoren batean. Hala ere, hori guk ezin dugu erabaki».
Horrez gain, Gaztea irratiak asteon iragarri du martxoaren 6an banatuko dituela Gaztea Sariak. Bilboko Euskalduna jauregian egingo dute sariak banatzeko ekitaldia. Kategoria berri bat sortu dute aurtengo sarietarako:elkarlan onenaren garaikurra. Sari horrekin, 2024an bi artisten artean egindako lan bat nabarmenduko dute.