Gazteak, gazteen kezkak, gazteen gaiak eta gazteen hizkera. Gazte hitza izan zen atzo gehien erabilitako bat ETBko Miramongo estudioetan, Gure kasa saioa platoan bertan aurkeztu zutenean. Gaztea irratiaren arintasuna eta freskotasuna ETB1era eraman nahi du saioak. Astelehenetik ostegunera emango dute saioa, 21:30ean, urriaren 2tik aurrera.
«Aspaldi gabiltza gazteen aldeko apustua egiten, etorkizunean horien artean egongo direlako geure ikusleak», esan zuen atzo Xabier Aurrekoetxea ETB1eko programa zuzendariak. Gaztea nor den galdera arantzatsuari ez diote heldu nahi, ordea, telebistako arduradunek. Gure kasa saioaren edukiak «gaztetxoentzako» egokiak izango direla esan zuten, baina baita «helduxeagoentzat» ere. «Eta gurasoentzat ere aukera da, ikusi nahi badute zertan dabiltzan seme-alabak».
Saioaren ardatza entretenimendua izango dela nabarmendu zuen Zaloa Mendez zuzendariak. Estudioaz harago, sare sozialak eta Youtuberen mundua erabiliko dituzte eurengana berez hurbilduko ez liratekeen gazteen bila joateko. Saioak «estilo arina» eta «mugimendu asko» izango duela esan du zuzendariak. Gidoi bat izango dute, baina leku asko utziko diote bat-batekotasunari. Gaztea irratiarekin «sinergia» landuko dutela gaineratu du zuzendariak.
Lolita gotiko bat
Ikusleak ez dira atrezzo hutsa izango saioan. Aitziber Garmendia aktorea arduratuko da haiek dinamizatzen. Horretarako pertsonaia bat sortu du: Zurine. Japoniako gazte kulturako lolita gotikoen moduan jantzita, umore puntua jarriko dio saioari. «Grabaketetan ikusi dugu pertsonaiak gazteak harrapatzen dituela, eta uste dugu funtzionatuko duela», esan zuen aktoreak atzo.
Aurpegi zurbilez makilaturiko Zurineren gazte hizkera lantzeko, bideo joko dendetan ibili da azken asteotan aktorea. «Belarria jarrita egon naiz, nola hitz egiten duten ikertzeko. Iturria oso garrantzitsua da», esan zuen atzo, adierazpenetan sin mas eta buah txabal esamoldeak tartekatzen zituen bitartean.
Gazteako hiru esatari arituko dira saioa aurkezten. Julen Telleria izango da aurkezle nagusia, eta Antton Telleriaren eta Ainhoa Etxeberriaren laguntza izango du. «Julenek badu esperientzia telebistan, Gu ta gutarrak saioa aurkezten», esan du Aurrekoetxeak. Gaztean, besteak beste, Akabo bakea saioa aurkeztu du esatariak, eta saio horretan ere aritu da Antton anaia. Ainhoa Etxeberria El conquistador del Caribe saioaren ondorengo eztabaidan aritu izan da, sare sozialetan gertatzen denaren berri ematen. «Ez dugu arazorik izan irratitik telebistara igarotzen, irratian isilik ez egoten ikasi dugulako», esan zuen atzo Telleria bietako Julenek.
Laguntzaile talde zabala izango du Gure kasa saioak; gehienak blogen, sare sozialen edo Youtuberen mundutik heldutakoak.
Horietako bat izango da Iban Garcia youtuberra. DespertaVlogs kanalarekin 55.600 jarraitzaile pasatxo lortu ditu. Gure kasa saioaren atal bakoitzean, erronka bat jarriko diote Garciari: Monica Bellucci aktoreari musu ematea lortu beharko du, esaterako, eta hamabost gonbidatuko ezkontza batean isilean sartu beharko du. Garciaren ama ere agertuko da saioan.
Kontrako bidea ere eginaraziko diote ETBko hainbat aurkezleri: hau da, youtuber bilakatuko dituzte.
Ana Goitia aitzindaria izan zen Euskal Herrian, eta harago ere. Neurri handiko jendearentzako lehen moda bloga zabaldu zuen duela hamar bat urte. Gaur, 31.000 jarraitzaile inguru ditu Instagramen. Modaz mintzatuko da Gure kasa-n, baina neurri guztietako ikusleentzat. «Esaterako, jai batera joateko jantzia bat-batean sortzen irakatsiko dut», adierazi zuen atzo. Horiez gain, Itxaso Paia, Jon Gomez Garai, Xabi Elizalde eta Ekhi Arrieta arituko dira Gure kasa-n.
Saioari izena ematen dion kaxa beltz erraldoi bat jarri dute aldameneko estudio batean. Saioaren arduradunek esan dutenez, horretan, saioz saio, zortzi neska-mutilek «gazteen unibertsoarekin zerikusia duten gaiak eta esperientziak biziko dituzte».
Gaztea irratiaren espiritua ETB1era eraman nahi du 'Gure kasa' saioak
Sare sozialak erabiliko dituen gazteen inguruko saioa emango dute euskarazko kateko gauetan, astelehenetik ostegunera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu