Gazte ahotsari, bide berriak

Hamar urteren ostean, agur esango du Topatuk. Proiektuak komunikazio erronka asko izan ditu azken urteotan, aldaketak azkarrak izan baitira. Erronkez aritzeko mahai ingurua egin dute.

Topatuk antolatutako mahai inguruko parte hartzaileak, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Igandean esango du Topatu gazte proiektu komunikatiboak gero arte. Euskal Herriko gazte mugimenduaren bozgorailu izan da hamar urtez; gazteek eduki dute aukera ahots propioz haien berri emateko. Nostalgiak albo batera utzi eta proiektu berriei bide emateko garaia da. Hamar urteotan aldaketak izan dira, eta komunikazioak ere erronka berriak ditu esku artean. Horiei eusteko asmoz, mahai ingurua antolatu zuen atzo Topatuk, Gasteizen. Hizlari aritu ziren, norbere esperientziatik abiatuta, Ion Telleria, Maider Galardi, Garazi Conde eta Igor Goikolea, Maialen Kortabarriaren gidaritzapean.

Informazioa kontsumitzeko era izan zen mahai inguruaren oinarri nagusietako bat. Goikoleak jarri zuen lehen harria; herri mugimenduko kidea eta komunikazio alorrean aritutakoa da. Haren ustez, orain urte batzuk kontsumitzailea joaten zen informazioaren bila, baina egun hura zuzenean iristen da erabiltzailearengana kanal berrien bitartez. «Horrek arriskua sor dezake», ohartarazi zuen, «informazioa orduz ordukoa baino gehiago, minutuz minutukoa baita; informazioa azkar eman nahi dugu, eta horrek ekar lezake ondo landu gabea izatea». Halere, erantsi zuen kanal berriek aukerak ere ematen dituztela; diskurtso bat eraikitzeko eta gizartean eragiteko, adibidez.

Telleria Naiz.eus hedabideko kazetaria da, eta bat egin zuen Goikoleak esandakoarekin. Azaldu zuen egun komunikabide batek izan ditzakeela oztopoak aurrera egiteko, baina, aldi berean, baduela eragiteko gaitasuna ere: «Bidean aukerak eta arriskuak egon daitezke, baina erraza izan daiteke informazioa ona, landua eta txukuna egitea eta edozein bertsio gezurtatzea».

Proiektu batek aurrera egiteko, ordea, laguntza ere beharrezkoa izan ohi da. Topatuko kidea da Conde, eta laguntza bideak izan zituen oinarri: «Militantziak babesten ditu halako proiektuak, boluntario lanak; babes ekonomikoa, berriz, era kolektiboan eskaini izan da: bazkidetzen bitartez, esate baterako».

Edukiak, sakonago

Bat-batekotasuna eta azkartasuna dira gaur egun nagusi komunikatzeko orduan, nork zer argitaratu lehenago. «Azken ordukoak landu ahal izateko aukera dute hedabideek, baina arnasa luzeko kazetaritza ere garrantzitsua da; beharrezkoa da gaiak sakonago lantzea», esan zuen Galardik; Berria FM podcast feministako kazetaria da. Haren arabera, informazioa azkar zabaltzeak baditu arriskuak. Gaineratu zuen zaila izan ohi dela kazetariaren eta hedabideen artean banaketa bat egitea, eta sarri askotan, espazio publikoan egoteak arriskuak dakartzala kazetariarentzat: «Kazetariok batzuetan ikusgai gara, baina gehiegi, eta ahazten zaigu, bozgorailu izatetik harago, proiektuak direla defendatu beharrekoak».

Hain zuzen ere, geroz eta eduki sakonagoak lantzeko bitarteko bilakatu da irratia; podcastak, bederen. «Irratiak badu abantaila bat, ezer gutxirekin egin baitaiteke puntako produktu bat; etorkizun handia izan dezakete irratiek eta audioek», azaldu zuen Telleriak. Izan ere, geroz eta ugariagoak dira audioak entzuteko plataformak, eta, kazetariak gaineratu zuenez, gehienbat gazteek kontsumitzen dituzte. Gehitu zuen lanketa on bat eginez gero erakargarria bihurtu daitekeela produktua: «Irratia formatu gisa ez dago krisian; alderantziz, aukera asko ditu».

Gazteek kontsumitzen dituzte batik bat podcastak, eta horrek badu harremana kontsumo ohiturekin. Komunikatzeko beste plataforma batzuk agertu dira, eta, Galardik adierazi zuenez, jakin behar da plataforma horietan nola komunikatu. Condek ere bat egin zuen hark esandakoarekin: «Esperimentatzen hasteko aurreiritzi asko ditugu, baina oreka lortu behar da belaunaldien ohituren artean; ezin da ukatu gazteok hor gaudela eta badugula freskotasuna».

Haren iritziz, gazteen espazio propioak beharrezkoak dira oraina lehen pertsonan kontatzeko. Horretarako, ordea, funtsezkotzat jo zuen elkarlana:«Sinergiak sortu behar dira bestelako proiektuekin eta herri mugimenduarekin, baina garrantzitsua da ahots propioa izatea, besteei nor garen eta bagarela azpimarratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.