Hainbat ikerketatan ari da lanean azkenaldian, eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko irakaslea da Xabier Landabidea (Bilbo, 1981).
Nolako aisia esperientzia dute euskaldunek telebistarekin XXI. mende hasiera honetan?
Ezin da gauza bakarrera murriztu edo modu bakarrean azaldu. Esango nuke telebistarekiko aisiaren ereduen elkarbizitza garai batean gaudela. Telebista egin, banatu eta hartzeko modu berriak sortzen ari dira eta existitzen dira gizartean, baina, aldi berean, molde zaharrek oraindik indar handia daukate.
Zer da telebista ikustea? Galdera hori egin duzu liburuan, eta erantzuna ez da beti bera. Telebista ikusteko eta ulertzeko modu asko daude gaur egun.
Oso kuriosoa da pertsona edo talde bati egun, gaur bertan, telebista ikustea zer den serio eta sistematikoki galdetzen badiozu zalantza pizten zaiola berehala. Etxean norberak grabatutakoa telebista da? BERRIAk banatutako Berri Txarrak-en dokumentala telebista da? Whatsappetik bidali diguten Youtubeko bideo dibertigarri hori telebista da? Ia konturatu gabe ikuspegi multimedia batetik transmedia batera pasatu gara, eta kuriosoa da ikustea adin askotako pertsonek zer gutxi hausnartu duten horren inguruan. Telebista berba erabiltzen dugu oraindik praktika sozial eta ikus-entzunezko teknologia konkretu bat izendatzeko, baina uste dut pixka bat fosilizatu egin zaigula hitza ezpainetan.
Telebistak zer eragin du herritarren egunerokotasunean?
Argi dago erreferentzialtasun handia duela eta izango duela hemendik aurrera. Zentraltasunaz eta totem izaeraz hitz egin dut lanean, finean hori ere badelako, gure etxeko plaza intimo, eguneroko horien markadore fisiko eta sozial bat. Denboraren eraikuntza zehatz bat ahalbidetzen duen gailu bat ere bada telebista: geroz eta gehiago denboraren eraikuntza hori konpartitua da beste pantaila batzuekin —tabletak, sakelako telefonoak, ordenagailuak…—, baina aitzakia oraindik ere telebista deitzen dugun artefaktuak ematen digu. Alde horretatik, eta aisiaren esparrutik, garrantzi ikaragarria du gure bizitzetan.
Telebista piztuta dagoela eskaintzen zaion arreta ere aztertu duzu. Zer ondorio atera dituzu?
Ez dela inoiz %100ekoa. Interes handiko zerbait ikusten ari garenean ere, berehala norbaitekin konpartitu nahi izaten dugu —bai ondokoarekin edo bai sare sozialen bidez, adibidez—. Eta batere interesik ez duen zerbait denean, noski, berehala jotzen dugu elkarrizketara. Arretak eta konpainiak binomio bat osatzen dute finean, ezin dira bata bestearengandik bereizita aztertu. Geroz eta gutxiago, Twitter, Whatsapp eta halako fenomenoen eraginez, zeinek beste elkarrizketa geruza bat gaineratzen dioten telebistari.
Gero eta gehiago hitz egiten da bigarren pantailaz. Zer eragin du horrek kontsumoan?
Aldatzen ari da, baina berriro ere, aldaketak gainjarrita daude, ez du batek bestea ordezkatu: aldibereko kontsumoak, aldibereko arretak, espazio mediatiko banatuak... gauza berri-zaharrak bizitzen ari gara. Telebistarengan presio ikaragarria egiten ari gara oharkabean alda dadin. Harritzen nau ETBk fenomeno kuantitatibo eta kualitatibo masibo honen inguruan egoera ulertzeko eta aurrera begira neurririk hartu ez izana. Harritu eta larritzen nau.
Azkenaldian sare sozialetan hainbat lagun kezkatuta azaldu dira euskarazko telebistak dituen ikusle kopuru txikiengatik. Alda al daiteke hori?
Baditugu aukerak. Badugu azpiegitura inportante bat, badugu behar bat, eta badugu une bat gauzak saiatzeko. Euskarazko telebista publikoaren datu eskasek askatasun osoa ematen diote telebista publiko gisa egin beharko lukeena birpentsatu eta planteamendu berri bat egiteko. Bestetik, igarotze une transmediatiko honetan euskal hiztunen komunitateak gauza harrigarriak emango ditu. Telebistak aukera du joko eremu horretan eragile bihurtzeko, edo alde batera gelditzeko.
Xabier Landabidea. Deustuko Unibertsitateko irakaslea
«Gauza harrigarriak emango ditu euskal hiztunen komunitateak»
Euskal Gizartearen Egoera ikerketa saria eman zion Jaurlaritzak Xabier Landabideari 2014ko azaroan, 'Euskaldunok eta telebista XXI. mende hasieran' lanagatik. Urte bat geroago, liburua argitaratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu