Hasier Etxeberria. ETBko aurkezlea

«Gaurko telebistak ez duen 'tenpoa' du saio honek»

Iazko neguko atal bakarraren ostean, 'Euskaldunak' saioko lau solasaldi grabatu ditu udan 'Sautrela'-ko lantaldeak. Gaur emango du ETB1ek horietatik bigarrena (21:45).

urtzi urkizu
Donostia
2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Laster, ETB1eko Sautrela literatur saioaren denboraldi berriari ekingo dio Hasier Etxeberriak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1957). Horren aurretik, Euskaldunak saioan murgildu da.

Zer nolako ahalegina egin duzu Euskaldunak saioarekin?

Uste dut une honetan Euskal Telebistarentzat interesgarria dela mota honetako produktua ematea. Frantziako telebista publikoan ematen zuten saio batetik hartu dugu ideia [La Parenthèse inattendue]. Kendu egin zuten, oso garesti ateratzen zitzaielako. Interesgarria da ETBrentzat hiru pertsona nabarmen biltzea, haien biziera, sentimendu eta lana euskaraz adierazteko gai direnak, eta saio amable baina ez tuntuna egitea. Orain arte, atal bakoitzeko hiru pertsonak ez dira inoiz izan elkarrekin espazio berean.

Zer garrantzi du pertsonaiak landa edo nekazaritza giro batean kokatzeak?

Intimismo baten bila ere bagabiltza, nahiz eta ez izan saio hori bat. Euskaldunak ez du ohiturarik lehen amodioez edo homosexualitateaz hitz egiteko. Horren bila ere bagabiltza. Hori egiteko, leku zaindua behar da, eta denbora bat eta konplizitate bat ere bai.

Iaz ETB1ek eman zuen atalaren ostean, zer erantzun izan zuen telebistaren zuzendaritzak?

Beste lau atal eskatu zizkiguten; grabatu ditugu, eta horiek ari dira ematen. Ez dakigu hortik harago zer gertatuko den. Aurreko igandeko ikusle datuak, berriz, ez ziren onenak izan, baina ETB1en oso behetik gentozen.

Gogoa izango zenuke atal gehiago grabatzeko?

Ikusi beharko litzateke. Lan handia da horrelako saio bat egitea. Lantalde txikia gara, eta diru gutxi dugu. Orain, nahiago dut ikusi ea eskaera dagoen ala ez, eta, eskaera badago, orduan erabaki.

Telebistako emanaldiaz harago, saioak Interneten ikusteko moduan geldituko dira.

Iruditzen zait ETBk saio hauek behin eta berriz emango dituela. Gremioan libreria izenburupean sailkatzen diren horietakoak dira. Gaurko telebistak ez duen tenpoa du saio honek. Hori guri eta zenbait jenderi gustatzen zaigu.

Aurki, Sautrela itzuliko da. Aldaketarik egingo duzue denboraldi honetan?

Ez, bat ere ez. Betiko ildoari jarraituko diogu.

Nola dator udazkena euskal liburuei dagokienez?

Durangoko Azoka iritsi arte, orain dator sukarraldia. Xabier Olarrak egin duen Ulises-en itzulpena aipatzeko modukoa da.

Zer garrantzi du euskal literaturak telebista publikoan bere txokoa izateak?

Telebista publiko batek nahitaez behar dio literaturari erreparatu, are gehiago ETBk euskararentzat duen garrantzia ezagututa. Hizkuntzaren ikuspegia gordetzeko egin den telebista publiko batek lekua eskaini behar dio literaturari, hori guk egin ala ez.

Euskaldunak bildu dituzu Euskaldunak saioan. Atzerriko zer hiru pertsonaia bilduko zenituzke mahai baten bueltan?

Fidel Castro, Barack Obama eta Angela Merkel edo Vladimir Putin, baina ahal dela ez politikaz hitz egiteko baizik eta norberaren izaera eta damuak ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.