Seriesland ikus-entzunezko eduki alternatiboen nazioarteko jaialdia egingo dute aurten, bederatzigarrenez, Bilbon. Jaialdia hasteko, Euskal Herriko sortzaileen lanak aurkeztuko dituzte gaur, 18:00etan, Bilborock aretoan. Euskal Saila kategoriaren barruan lehiatuko dira sei ekoizpen, eta horietatik lau euskarazkoak izango dira. Oskola; Belarri bero, bai esan?; Beita; eta Tanit ilargikar erregina, hain zuzen. Horrez gain, lehiaketatik kanpo dauden beste hiru websail ikusteko aukera ere izango da: Lurra gu gara, Cementerio de historias podcasta eta Nada de nada, hain zuzen. Hilaren 11ra arte iraungo du jaialdiak.
Rose of Dolls Seriesland lehiaketako zuzendariak azaldu duenez, euskarazko edukiak nazioartean zabaltzea da jaialdiaren asmo nagusia. Izan ere, streaming plataforma handietan lekurik ez duten edukiak hedatzea eta sortzea sustatu nahi dute jardunaldi horien bitartez. Euskal Sailean, zehazki,atal horretako serie onenaren saria jasotzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Ondoren, irabazleak Die Seriale Alemaniako websail jaialdirik zaharrenean aurkeztu ahal izango du bere lana, eta, gainera, ez ditu bidaiako gastuak ordaindu beharko, horiek ere sariaren parte izango baitira.
Ekoizpenak, labur
Sail onenaren izendapena jasotzeko ez ezik, bestelako sariak eskuratzeko ere arituko dira lehian Euskal Saileko hainbat lan. Descubriendo el norte eta Oskola, esaterako, dokumentalik onenaren saria jasotzeko hautagaiak dira. El último mono eta Beita lanek, bestalde, Amets sailean eta Independente sailean sartzea lortu dute. Hainbat izendapen lortu dituzte biek: hala nola aktore talderik onenaren saria irabaztekoa, serierik adiktiboenaren saria lortzekoa eta sortzailerik onenaren saria jasotzekoa.
Aurten, askotariko gaiak jorratuko dituzte Bilboko jaialdiko euskarazko grabazioek. Beita-k, adibidez, festa giroan sexu eraso bat jasan duen neska baten istorioa kontatzen du. Haren lagunik onenaren bikotekideari leporatuko diote erasoa, baina Ekik —lagunik onenak— ez du sinetsiko. Gertaerak aztertzeari ekingo dio, eta gainerako lagunen «itzalak» argitara ateratzen saiatuko da. Hainbat egile ditu: Aitor Gomez, Ander Murillo, Danel Teran, Malen Perez de Arenaza eta Sara Arregi.
Belarri bero, bai esan? izango da lehiaketako beste websail baten izenburua, eta, aldi berean, linea erotiko batera deituta bezeroek jasoko duten erantzuna. Arazo bat sortuko da linea erotikoan, eta Axun, Ines, Garazi eta Eider lankideek elkarlanean aritu beharko dute hori konpontzeko. Aitor Altunak, Uxue Amonarrizek eta Uxue Bereziartuak zuzendu dute.
Unibertsitateko ikasle talde batek sortu du Tanit, ilargikar erregina saila. Patxi Urkijo horien irakasleak adierazi duenez, ikerketa sakona egin dute, eta, gainera, gizarte arazoak salatzeko baliatu dute saila. Ibaberen eta Gotzoneren istorioa kontatzen du, eta galdera batzuei erantzuten saiatuko da: «Erakundeetarako arriskutsuak dira Ibabe eta Gotzone? Zergatik?». Patricia Uria da egileetako bat, eta aktore protagonista ere bai.
Oskola, berriz, Gasteizko musikariei egindako elkarrizketak eta euskarazko zuzeneko musika bateratzen dituen telebista estiloko dokumentala da. Urko Saenz de Buruaga da saioaren zuzendari eta aurkezlea, eta musikari moduan izan dituen ezinegonek eraman dute sail hori grabatzera. Aurkezlerik onenaren saria jasotzeko hautagaia da.
Guztira, hogei herrialdetako ehun eduki baino gehiago estreinatuko dituzte jaialdiaren aurtengo aldian. Eta larunbatean jakinaraziko dute sail bakoitzeko irabazleak nortzuk diren eta Euskal Saileko zein lanek lortu duen Die Seriale lehiaketan sartzea. Rose of Dollsek sortzaile guztiei dei egin die, Bilboko lehiaketaz goza dezaten: «Sortzaileen ametsetako jaialdietan oinarrituta sortu genuen guk Seriesland».
Gaur hasiko da ikus-entzunezko lanen Seriesland jaialdia, Bilbon
Euskal Saileko ekoizpenak estreinatuko dituzte Bilborock aretoan, 18:00etan hasita. Eduki alternatiboak eman nahi dituzte jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu