Olatz Arrieta. ETBko berriemailea Bruselan

«Gaur egun, beldurra dago edukiak luze emateko»

Kazetaritzako X. EuroBasque saria emango diote gaur Arrietari, 'Trump, amesgaizto amerikarra' liburu kolektiboko 'Europa, lehen egunen ezinegona' artikuluagatik.

BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kazetaritzan lizentziaduna da, eta nazioarteko politikan master bat egin zuen New Yorkeko Unibertsitatean Olatz Arrietak (Astigarraga, Gipuzkoa, 1971). EITBko berriemaile aritu da bi urtez Errusian eta hamahiru urtez AEBetan; orain, bost urte daramatza Bruselan. Emmy sarien epaimahaiko kide izan da bi urtez, dokumental eta albisteen kategorian.

Zer pasatu zitzaizun burutik Eurobasque saria jaso behar zenuela jakin zenuenean?

Sekulako ezustekoa izan zen. Artikuluak herrialde zehatz batzuk aipatzen ditu, eta AEBekin duten harremanak azaltzen ditu. Ez neukan oso argi sarirako parametroak betetzen ziren ala ez, baina gaia egunekoa zela pentsatu nuen. Zaila izaten da analisi bat idaztea zerbait gertatzen ari denean. BERRIAtik proposamena jaso nuenean erreparoa eman zidanpixka bat, ikusita zer aldakorra den Trumpen gobernua. Baina orduko kontu asko Bruselan gertatu zirenez...

Europa, lehen egunen ezinegona artikuluan kontatzen duzu Europak «sustoa» hartu zuela Trump agintera iristean, eta, ondoren, «lasaitua». Nolakoak izan ziren Europarentzat Trumpen agintaldiko lehen egunak?

Sustoa izan zen, kontuan hartuta Trumpek, hautagai zela, Europako Batasunaren aurka hitz egin zuela. Kargua hartu eta gero, esan zuen NATO zaharkituta dagoela. Ematen zuen aldatu egingo zela itsasoz besteko harremana bat-batean. Harreman horiek ez dira beti izan idealak, baina hor mantendu dira. Lasaitua etorri zen gero, ikusita AEBetako Gobernuko kideek esaten zituztenak ezberdinak zirela Trumpek aurretik esandako batzuen alden. Gobernuaren barnean, bi korronte daude atzerriko politikari begira, eta ez dago argi etzi zer gertatuko den.

Artikuluaren amaieran hala idatzi zenuen: «AEBen jarrerak eragin zuzena izango du Europan, baina ez da aldaketa eragin dezakeen faktore bakarra». Zer faktore gehiago daude?

Segurtasunaren alorrean, AEB oso garrantzitsuak dira. Baina beste gauza batzuk gertatzen ari dira munduan. Xenofobiaren gorakadak hor jarraituko du, AEBek edozer eginda ere. Txinak eta Errusiak, bestetik, gorantz egin dute. Errusia mahai gainean kolpea ematen hasi da. Txinaren botere ekonomikoa ere aintzat hartzekoa da. AEBen eragina ez da faktore bakarra Europan zer gertatuko den jakiteko.

Trump, amesgaizto amerikarra elkarrekin argitaratu zuten iaz BERRIAk, Jakin-ek eta Elkarrek, Aleka bildumaren barne. Zer iruditu zitzaizun liburu osoa?

Oso interesgarria iruditu zitzaidan, oso ikuspegi ezberdinak dauzkalako. Irakasleak, idazleak eta AEBetan bizi diren pertsonak daude artikuluen egileen artean. Trumpek hauteskundeak zergatik irabazi zituen ulertzeko gakoak aurki daitezke. Liburuan ondo esplikatzen da AEBetan zer giro dagoen, eta zer aldaketa gertatzen ari diren.

Gero eta kazetaritza saiakera gehiago argitaratzen dira euskaraz. Jasotzen al dute merezitako arreta?

Irakurle gutxi daude, eta euskaraz, are gutxiago. Ematen du egun joera dela dena bizkor egitea, albisteak bi pintzelkadatan ematea. Badirudi azken unekoa dela garrantzitsuena, eta hori ulertzeko testuingurua behar da. Ezinbestekoa da analisiak eta saiakerak egotea. Ikus-entzunezkoetan presazko kazetaritza egiten da, eta badirudi gaur egun beldurra dagoela edukiak luze emateko. Kezkagarria da, azalean gelditzen baikara.

Trumpen eta komunikabideen harremanaren inguruko berriak iristen dira tarteka. Adibidez, amaitutzat eman dute berriemaileekin egin ohi duten afaria —1921etik egiten zuten—. Zeren seinale da hori?

Oso seinale txarra da. Komunikabideak eta haien askatasuna ezinbestekoak dira edozein demokraziatan. Hedabideak Etxe Zuriarengandik jasaten ari diren erasoak ez dira sekula ikusi, eta kezkagarria da. AEBetako hedabideek ondo erreakzionatu dute, ordea, eta auzitara jo beharko lukete Etxe Zuritik esaten ari diren gauza batzuengatik. Harpidetzak eta audientziak asko hazi dira, eta hori ondorio ontzat jo daiteke. Hedabideek egin duten autokritika ere garrantzitsua da.

Europara etorrita, joan den ostegunean Genevan (Suitza) izan zinen, ETAren amaieraren albistea ematen. Nola bizi izan zenuen hori, kazetari gisa?

Han zaudela, esaten duzu: «Egun hau historia liburuetan egongo da». Alde batetik, kazetaritzan horrek sortzen duen sentsazioa oso ona da. Bestetik, pentsatzen duzu: «Orain arte, zer gertatu da 60 urte hauetan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.