San Sebastian jaia gauez nolakoa den eramango du telebistara gaur Ibon Gaztañazpik (Orio, Gipuzkoa, 1977).
Zuek hor saioan platoko esperientzia izan eta gero, zer moduz Herri People-ra itzulita?
Ezberdina da oso. Zuek hor amaitzeak pena handia eman zidan, kategoriko lantaldea baikenuen, eta gero eta erosoago nengoelako. Herri People-n dena kalean da, gauzak ondo nahi ditugu egin, eta behartzen gaitu batetik bestera ibiltzera. Aberasgarriagoa da, baina deserosoagoa.
Zer nahiago duzu, platoko lana ala kalekoa?
Kazetari batek biak egin beharko lituzke, kalea eta platoa.
Herri People-ko atal sorta berrirako zer eskatu dizu ETBk?
Herri People sortu zenean, Euskal Herria zuzenean saioko elkarrizketak hartu eta puzzle moduko bat egiten genuen. Orain hobeto jositako zerbait da, gehienetan gai baten inguruan.
Gaurko saioa Donostiako danborradaren ingurukoa da. Nondik nora joango da?
Ordubeteko saioa da, eta lehen hogei minutuak aurretik egindako grabazioekin osatu dugu: musikariak azalduko dira, Tolosako danbor egile batekin izan gara, Imanol Artolak historia kontuak azalduko ditu, eta Gaztelubide eta Kresala elkarteen entseguetan izan gara. Gainontzeko 40 minutuetan Donostiako gauan grabatutakoak bilduko ditugu: elkarteetan afaldu, Gaztelubidekoak Konstituzio plazako oholtzara lagundu, Euskal Bilerako danbor nagusiaren hitzak entzun, gaueko giroa ezagutu, eta saioa amaituko dugu 07:30ean Kresalako elkartekoekin danborra joz. Erronka handia da taldearentzat gau osoan grabatzen aritzea.
Dena esana al dago danborradaz?
Ez, dena ez. Danborrada, sanferminak edo estropadak gutako bakoitzak modu desberdin batean bizi ditu. Gure helburua da jendearengana iristea, eta jendeak festa nola bizi duen agertzea.
Inauterietan zer asmo duzue?
Ez dakigu saio bat ala bi egingo ditugun. Zubietan eta Iturenen, Lantzen eta Tolosan izango gara. Inude eta Artzainak, Santa Agedako koplak eta maskaradak ere grabatu nahi ditugu. Oraingoz, denboraldi honetan hamar atal egingo ditugu.
Zer gai landuko zenuke orain arte jorratu ez duzuna?
Jendearekin sentitzen naiz eroso. Gustatuko litzaidake kaleko jendearen kezkak politikariengana eramatea. Ahotsa ez duten herritarren kezkak plazaratu.
Ibon Gaztañazpi. Kazetaria
«Gau osoan grabatzen aritzea erronka handia da»
ETB1ek, haur danborrada eta banderaren jaitsiera zuzenean emateaz gain, Donostiako danborradaren inguruko 'Herri People' berezia emango du gaur (22:35).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu