Iñaki Uria. Hamaikako zuzendaria

«Gasteizko taldea datorren astean hasiko da lanean»

Hamaikaren fundazioa aktibatu dute, edonork proiektua diruz babestu dezan. Gasteizko egoitza martxan jarri, eta aurki estreinatuko dute gailu eramangarrietarako aplikazio berria.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Hamaikaren sortzaileetako bat izan zen, eta telebista sortu zenetik zuzendaria da Iñaki Uria Manterola (Zarautz, Gipuzkoa, 1960). Euskarazko kateak Hamabi urte bete ditu aurten.

Bat izan, Hamaika egin leloa duen bideoa zabaldu duzue. Zergatik aktibatu duzue Hamaika fundazioa?

Azken urteetan publizitatearen bilakaera ikusita, beharrezkoa ikusi dugu horren beherakada beste nonbaitetik berdintzeko. Fundazioa sortua genuen aspaldi, eta aktibatu nahi izan dugu jendearen babesa jasotzeko eta diru sarreretan hirugarren hanka bat izateko. Hamaikaren hasieran norbanako dezente akziodun egin ziren, eta planteatu zaie partaide izateko. Eta, gainera, gure bazkide diren hedabide eta enpresen bezeroen artean zozketak antolatzen ari gara.

Hamaika babesten duenak zer jasoko du trukean?

Hamaikan dauden bideoak eta edukiak jaso, eta zenbait kasutan lehentasuna izatea. Garatuz joango gara hori bidean.

Eusko Jaurlaritzak zuzeneko laguntza eman die zenbait irrati eta egunkariri. Hortik kanpo gelditu da Hamaika. Zer esan dezakezu?

Hamaika eta euskarazko hedabide asko gelditu gara kanpoan. Iaz COVID-19a lehertu zenean, Hekimenen bidez txosten bat aurkeztu genuen Jaurlaritzan, eta bertan adierazi genuen koronabirusak eragin handia izango zuela euskarazko hedabideetan. Ondo hartu zuten, Jaurlaritzak azterketa bat egin zuen, baina... Orain Hekimen Jaurlaritzarekin egotekotan da.

Durangoko Azokan iragarri duzue Gasteizko egoitza martxan jarriko duzuela. Noiz?

Datorren astean hasiko da lantaldea lanean. Bulegoa badaukagu jada, eta lauzpabost langile hasiko dira. Gasteizen Bilboko seinalea ematen genuen orain arte, baina hemendik aurrera Gasteizek seinale propioa izango du. Bertan ekoizpen propioak egingo dira. Proiektu garrantzitsua da guretzat: urtearen bukaeran martxan izango da.

Nafarroan nola doa Hamaika zabaltzeko prozesua?

Une honetan ez dugu Iruñerria gainditzen, bertan baitugu lizentzia. Hortik kanpo, zuntz bidez edo Internet bidez ikusten dute Hamaika. Baina, edukiei begira, badugu abantaila, Nafarroako Gobernuak diru laguntzak ematen dituelako proiektu jakin batzuk egiteko. Hiru saio ekoizten ari gara Iruñean oraintxe bertan. Nafar away-ren atal berriak ere grabatzen ari gara.

Sakelako telefonoetarako eta tabletetarako aplikazio berria ere laster estreinatuko duzue, ezta?

Bai, datozen egunetan jarriko dugu martxan. Aplikazio horrek, gainera, erraztu egingo du Hamaikaren edukiak telebista konektatuetan ikustea.

Iaz, 11. urteurrenean, logoa eta irudiak aldatu zenituzten, baina egitasmo batzuk bertan behera utzi behar izan zenituzten.

Aurrez aurreko ekitaldiak utzi genituen bertan behera, bai. Oraintxe bertan ere ez dago egoera samurra aurrez aurreko ekitaldiak egiteko.

Ikus-entzunezkoen kontsumoa asko aldatzen ari da. Nola doaz Hamaikaren sare sozialak?

Eragin ona dugu Interneteko sare sozialetan. Twitterren, Facebooken eta Instagramen ditugun jarraitzaile kopuruei begiratuta, nahiko ondo kokatuta gaude euskarazko hedabideen artean. Ondo elikatzen ari gara sare sozialak, eta ona da guretzat. Erakusten du telebista ikusteko beste modu bat dagoela: 60 urtetik gorakoek telebistan ikusten dituzte edukiak, eta hortik beherakoek, ordenagailuan edo telefonoan.

Hartzaile gazteak bereganatzea ez da kontu erraza, ezta?

Oso zaila da, gaur egun Interneten dagoen eskaintza sekulakoa delako. Gazteak ohituta daude munduko telebista eta plataforma onenen edukiak ikustera. Beste edozeinek egindakoa kaskarra irudituko zaie askori.

Etorkizunari begira, zer erronka ditu Hamaikak?

Hegoaldeko lau herrialdeetan eta ahal bada Iparraldean ere antenaren bat izatea, osotasunez aktualitatea aztertzeko. Egonkortasun ekonomikoa beharko genuke. Erronka zailak izan daitezke entretenimenduan eta fikzioan diru gutxirekin gauzak egitea, baina talentua badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.