Azkeneko urteetan gertatu den moduan, Arabako hiriburua telebista munduaren erdigune bilakatuko da aurten ere iraileko lehen astean. FesTVal jaialdiaren hamaseigarren aldia irailaren 2tik 8ra egingo dute, eta hainbat telebista katek beren berrikuntzak aurkeztuko dituzte hartan. ETBk, esate baterako, denboraldi berria aurkeztuko du datorren asteartean hiriaren erdigunean; era berean, Makusi haurrentzako egitasmoak presentzia berezia izango du Gasteizen, eta festa handi bat antolatuko dute Potx eta Lotx pailazoekin —asteazkenean, irailak 4, Andre Maria Zuriaren plazan, 17:00etan—. Hilaren 5ean, berriz, Generación Click dokumental saio berria aurkeztuko du ETBk. Hilaren 6an, saio baten aurrestreinaldia egingo du Euskal Telebistak Europa jauregian.
ETBk azkeneko egunetan zabaldu dituen iragarkien artean, Vaya semanita umore saioaren itzulera aipa daiteke. ETB1ek, bestetik, Ametsen arbola saio berria estreinatuko du hilaren 15ean —Xabier Madariaga kazetariak aurkeztuko du—.
Telebista kate konbentzionalek ez ezik, hainbat plataformak ere lan berriak aurkeztuko dituzte: Disney Plusek Regreso a las sabinas eguneroko telesaila aurkeztuko du, Max plataformak Pekin Express abentura lehiaketaren bertsio berria eramango du jaialdira —Miguel Angel Muñoz aktoreak aurkeztuko du—, eta Movistar Plusek Rapa telesailaren azkeneko denboraldia aurkeztuko du.
Bestalde, TVEk Las abogadas telesailaren aurrestreinaldia egingo du jaialdian —1970eko hamarkadan emakumezko abokatu batzuek Madrilen egiten zuen lana kontatzen du fikzioak, benetako gertaerak ardatz hartuta—. Mediaset taldeak Entrevías telesailaren laugarren eta azken denboraldia estreinatuko du Arabako hiriburuan. Atresmediak, berriz, XIII. mendean girotutako Beguinas telesaila estreinatuko du —protagonistak Amaia Aberasturi eta Yon Gonzalez euskal aktoreak dira—.
Gainera, RTVEk Masterchef Celebrity saioaren bederatzigarren aldia aurkeztuko du jendaurrean. Eta Tele5k Gran Hermano-ren denboraldi berriaren aurkezpena egingo du, reality-aren 25. urteurrena dela eta.
Jaialdian parte hartuko dute Amazon Prime Videok, AMC Networks-ek eta Calle 13 gaikako kateak ere.
Sari banaketaz beteko den gala bereziak itxiko du jaialdia hilaren 7an, Europa jauregian. Jaialdiak, besteak beste, ETBko Joseba Argiñano Sukalerrian eta Porno Belaunaldia saioak sarituko ditu.