Nahiz eta ez den izango aurreko urteetakoa bezalakoa, Joseba Fiestras zuzendariak nabarmendu du «ilusioz» eta «gogoz» egingo dutela Gasteizko FesTVal telebista jaialdia. Gaur hasiko dute jaialdia —tapiz gorririk ez da izango estreinaldietan—, eta larunbatean amaituko dute, ohiko galarekin —aurreneko aldiz, modua izango da Internet bidez ikusteko—. Antolatzaileek iragarri dutenez, zenbait ekitaldi Internet bidezkoak izango dira, eta beste batzuk, aurrez aurrekoak.
Hasteko, Ene kantak saioko kideek bigarren denboraldia aurkeztuko dute gaur; hilaren 7an itzuliko da saioa ETB3ra. Ikuskizun bat eskainiko dute gaur, Europa jauregian, eta neska-mutikoen aurrean azalduko dituzte denboraldiaren berrikuntzak. Nerea Urbizu Ene kantak saioko arduradunak azaldu duenez, Lorez lore tarte berria jarriko dute martxan. «Euskal Herriko hainbat txokotara joango gara, eta han dauden aberastasunak eta bitxikeriak erakutsiko ditugu». Iaz bezala, abesti berriak sortuko dituzte, eta dagozkien bideoklipak egingo dituzte neska-mutikoekin. Atxa mitxa irakurzaletasuna sustatzeko tartea haurren laguntzarekin egingo dute aurten. «Ahal den neurrian, Euskal Herriko ikastetxeetara joaten jarraituko dugu», azaldu du Urbizuk.
Bihar gauean, berriz, ETBk Vamos a hacer historia saioa aurkeztuko du Europa jauregian—gonbidapenak jaialdiko webgunean lor daitezke—. Ane Lizarralde kazetariak eta Juan Manuel gonzalez Cembellin historialariak Euskal Herriaren historiaren pasarteak aztertuko dituzte saio berri horretan. Hilaren 30etik aurrera emango du saioa ETB2k.
FesTVal jaialdiko sarien artean, Dani Alvarez kazetariari Constantino Romero saria emango diote. Larunbateko galan, hainbat saiok jasoko dituzte sariak: esate baterako, ETBko programen artean, Herri txiki, infernu handi sarituko du FesTValek. EITB taldeak eman ohi duen saria, berriz, Galder Gaztelu-Urrutia zinemagilearentzat izango da (El hoyo filmarekin arrakasta handia lortu du nazioartean).
Madrilen egoitza duten telebistek telesail eta saio berriak aurkeztuko dituzte egunotan Gasteizen: RTVEk Hit telesaila; Atresmediak Ellas, transexualei buruzko saioa, eta Movistar Plusek Miedo saioa —Jon Sistiagak zuzendua— eta Nasdrovia telesaila. Movistar Plusek Caramelo programa ere Gasteizen aurkeztu behar zuen, baina lantaldeko batek positibo eman du PCR proban, eta bertan behera utzi dute ekitaldia.
Conecta Fiction, Iruñean
Beste telebista jaialdi bat egingo dute asteon, Iruñean: Conecta Fiction. Europako eta Amerikako koprodukzioak sustatzen dituen topaketa da hori. Era berean, sektorearen bide berriak aztertuko dituzte egunotan. Gaur, bihar eta etzi, solasaldiak egingo dituzte Baluarte jauregian. Lehen egunean, Kate del Castillo aktore eta ekoizlea elkarrizketatuko dute.
Gasteizko FesTVal jaialdia gaur hasiko da, Ene Kantak taldearekin
ETB2ko 'Vamos a hacer historia' saioa aurkeztuko dute bihar. Dani Alvarezek sari bat jasoko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu