Garmendiak, Reparazek eta Telleriak emango dituzte kanpaikadak ETB1en

Gasteizko Plaza Berritik egingo dute urte amaierako emanaldia ETB1 eta ETB2 kateetan

Aitziber Garmendia. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jakes goikoetxea
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
EITBk musika eta su festak baliatuko ditu 2022a agurtu eta 2023ari ongietorria egiteko. Aurreko urteetan bezala, Gasteiztik emango ditu urte amaierako kanpaikadak. Zehazki, Gasteizko Plaza Berritik egingo dute abenduaren 31ko zuzeneko emanaldia, bai ETB1en, bai ETB2n eta baita eitb.eus-en ere.

ETB1ek Aitziber Garmendia, Nerea Reparaz eta Julen Telleria aukeratu ditu 2022ari agur esateko eta 2023ari ongietorria emateko, Kaixo 2023 programaren bidez. Aitziber Garmendia aktorea da, eta aurkezle lanak ere egin izan ditu telebistan (Barre librea). Iaz ere hura izan zen urte bukaerako programaren aurkezleetako bat. Nerea Reparaz EITBren Parisko berriemailea izan zen, eta Gaur egun albisteagiaren gaueko saioaren aurkezlea da. Julen Telleria Gaztea irratiko esataria da, eta eskarmentua du telebista programak aurkezten (Gu ta gutarrak,Gure kasa).

ETB2n Africa Baeta, Ane Ibarzabal eta Egoitz Txurruka Txurru izango dira kanpaikaden aurkezleak: Africa Baeta astegunetako eguerdiko Teleberri albistegiaren aurkezlea da; Ane Ibarzabal Nos echamos a la calle magazinarena; eta Txurruka Esto no es normal saioarena.

Iaz bezala, urte bukaerako kanpai hotsen ondotik, ETB1eko eta ETB2ko saioek eta aurkezleek bat egingo dute. Su festa batekin hasiko dute urte berria, eta sei aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa. EITBk esan du ezusteak izango direla. Komunikazio taldeak herritarrei eskatu die bertaratu daitezela Gasteizko Plaza Berrira, Urtezaharra ospatzera.

'Go!azen' eta 'Biba 2023!'

EITBk nabarmendu du Euskal Herriko diseinatzaileek sortutako jantziak eramango dituztela Urtezaharreko programen aurkezleek.

Telebistek saio bereziak egin ohi dituzte Gabon eta Urtezahar gauetan. ETB1en, kanpaikaden aurretik, aurrena Go!azen telesaileko lantaldeak prestatutako musika saioa eskainiko dute; gero, berriz, Biba 2023! gala. Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia Biba zuek! saioko aurkezleek gidatuko dute, ohiko kolaboratzaileen laguntzaz. Galak bi zati izango ditu. Kanpaikaden aurretik «tiktok formatuko klipak kateatuko dituzte». Kanpaikaden ondoren, hainbat musika taldek parte hartuko dute: Albina Stardust eta Yogurinha Borovak, Bengok, Demode Quartetek, Duplak, Gozategik, Janus Lesterrek, Korrontzik, Modus Operandik, Neomak-ek, Sune eta Rikkik, Xabi Solanok, eta Xabier Saldiasek.

ETB2n, kanpaikaden aurretik, Eneflix umore eta esketx programa emango dute. Kanpaikaden ondoren, berriz, Ura bere bidean musika emanaldia: hogei musikarik kanta ezagunen orkestra bertsioak abestuko dituzte —Fernando Velazquez orkestra zuzendariak moldatuak—, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta Bilboko Koral Elkartearen laguntzaz. Parte hartuko duten taldeen eta musikarien artean egongo dira Amak, Anje Duhalde, EH Sukarra, En Tol Sarmiento, Gatibu, Izaro, Mabu, Maren, Mikel Urdangarin, Shinova, Su ta Gar, Urtz eta Zea Mays.

Kanpaikadekin lotuta, Anne Igartiburu telebista aurkezle elorriarrak aurten ez ditu aurkeztuko Espainiako Telebistakoak, hamazazpi urtez jarraian egin eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.