Xaloa telebistak Nafarroa osoan emititzeko lizentzia eskuratu bazuen ere, uko egin behar izan dio azkenean. Kostata hartutako erabakia izan da, azken unera arte zalantzaz zipriztindutakoa. Hala azaldu dio Xaloako zuzendari Joseba Igarabidek BERRIAri. «Gisa honetako erabaki batek erresumina sortzen du barrenean, konbentzituta nagoelako aukera polit bat galdu dugula euskarazko beste hedabide batek espazio garrantzitsu bat okupa zezan Nafarroan», nabarmendu du tristuraz.
Izan ere, Nafarroa osorako lizentzia lortzeko ahaleginik ez dute xuhurtu Xaloa telebistako langileek, nahiz eta jakitun izan diren uneoro erronka horren zailtasunaz. Aurrez aurre izan dute harresia ekonomikoa; 140.000 euroko langa, alegia. «Seinalearen kostua 140.000 euro da. Guk hasieratik geneukan gorriz markatuta zifra hori. Horrelako ahalegin ekonomiko batek pikutara bota zezakeen gure proiektu osoa. Saiatu gara handik eta hemendik inbertsio hori berma zezakeen norbaitekin akordio bat lortzen, baina ez dugu mailegurik lortzerik izan», kexatu da Igarabide.
Muga ekonomiko horrek behartuta, Xaloak utzi duen hutsune hori Vaughan Radio SLk beteko du, zeinak ingelesez eta gazteleraz emitituko dituen bere saioak. Igarobidek aitortu du albiste horrek samintasuna sortzen diola. «Hasieran, hitzekin animatu gintuzten erronka zail honetan pausoak ematen hasteko. Hitzak, bai, baina zailtasun ekonomikoekin topo egin dugunean bakarrik geratu gara. Nafarroan borondateak batu behar ditugulakoan nago, indarrak metatu. Akaso, erakunde ahaltsuren batek har zezakeen parte proiektu honetan», gehitu du.
Herri katea
Oinak lur gainean dituzte, ordea, Xaloa telebistak aurrera egitea posible egiten duten zazpi langileek, eta ilusio handiz ekingo diote esku artean duten proiektuari. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Iruñerrian emititzeko lizentzia eman zion Xaloa kateari joan den uztailean. «Guk lurrari erabat lotuta jarraituko dugu. Espezializazio garbia dugu: gurea hurbileko telebista da. Gai orokorretan gehiegi zentratu beharrean, herri kate bat osatu nahi dugu, jendearen parte hartzea lortu nahi duena. Informatiboak, noski, katearen oinarri ere izango dira; baina, esan bezala, gai lokalei egingo erreparatuko diegu», argitu du Xaloako zuzendariak. Xaloa 1997an sortu zen, eta, orduz geroztik, antenan izan da Baztan-Bidasoako eskualdean, euskara hutsean. Katearen estatutuetan azalatzen denez, euskararen estimu soziala berreskuratzeko eta euskaraz hitz egiteko ohiturak indartzeko helburuarekin jaio zen Xaloa proiektua.
Oraingoz, aurreko urteetako saioekin jarraituko du Xaloa Telebistak, urtarrilera arte itxaron beharko baita denboraldi berriko estreinaldiak ikusi ahal izateko: «Une honetan, hausnarketa prozesu sakon batean gaude, erabakitzeko zer bideri jarraitu beharko diogun. Hala ere, gurekin izango ditugu Lamien artean, Lur eta ur, eta Handik eta hemendik saioak. Oraintsu arte bezala jarraituko dugu».
Euskarazko hiru proiektu
Nafarroako Gobernuak, bestalde, berretsi egin du Hamaika Telebistari Iruñerrian emititzeko emandako lizentzia. Guztira, euskarazko hiru katek emititu ahal izango dute Lurreko Telebista Lokalean beren edukiak: Abian Komunikazioak, Xaloa elkarteak eta Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak. Xaloak bere lizentziari uko egin ostean, Abian Komunikazio Taldea da Nafarroa osorako emitituko duen euskarazko kate bakarra.
Komunikazioa
Garestiegia, arriskutsuegia
Nafarroa osoan emititzeko lizentzia eskuratu zuen uztailean Xaloak, baina, inbertsio horri aurre egiteko modurik aurkitu ez duenez, uko egin behar izan dio. Iruñerriko lizentziari, ostera, eutsi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu