Garai berrietara egokitzeko urratsa egingo du urtarrilean Oarso Bidasoko Hitza-k. Hitza-ren ardatza Internet eta teknologia berriak izango dira. Horrez gain, ostiraletan 32 orriko astekaria jasoko dute harpidedunek postontzian.
Izan ere, egitasmoa bideragarri egiteko bidean, zenbait erabaki hartu behar izan ditu Oarso Bidasoko Hitza-k. Hala, papereko egunkaria astean lautan ateratzeari utzi, eta astekari bihurtuko da: ostiraletan Oarsoaldeko eta Bidasoko informazioarekin sakon landuta, hamasei orriko astekaria banatuko zaie harpidedunei. Horrez gain, Gipuzkoako Hitza ere jasoko dute urteko kuota ordaintzen dutenek; herrialdeko Hitza-n ere Oarsoaldearekin eta Bidasoarekin lotura duten gaiak argitaratzen dituzte astero. Boga astekaria, aldiz, desagertu egingo da.
Internet izango da euskarazko hedabidearen ardatza urtarriletik aurrera. Izan ere, orain arte Oarsobidasoa.hitza.info webguneak nahiz bi eskualdeetako herri bakoitzeko atariek ematen zuten informazioa askoz ere osoagoa izango da datorren urtean. Horretarako, teknologia berriek eskaintzen dituzten hainbat baliabide erabiliko dituzte: bideo gehiago, irudien tratamendu berezia, bi eskualdeetan gertatzen direnen gaineko erreportaje bereziak, irudi eta ahots bidezko eguneroko albistegia... Gainera, sare sozialen bitartez egitasmoa askoz gehiago zabalduko dute.
Egitasmoa sendotzeko asmoz
Krisi egoera orokorrak eta prentsaren krisiak eragina izan du Oarso Bidasoko Hitza-ren aldaketetan. Hori horrela, 2013rako helburua euskarazko informazio ekoizpenarekin jarraitzea da, baina era bideragarrian jarri da Hitza. Neurriak ez du zentzurik izango egitasmoa herritarrek babesten ez badute eta harpidedun gehiago lortzen ez bada. Hala, 2013ko asmoen berri emateko herriz herri batzar irekiak egingo dituzte harpidedun eta eragileekin.
Komunikazioa
Garai berrietara egokitzeko urratsa egingo du 2013an 'Oarso Bidasoko Hitza'-k
Internet izango da urtarriletik aurrera euskarazko hedabideak egingo duen komunikazio aukeraren ardatza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu