1998. urtean, bortxaz itxi zituzten Egin egunkaria eta Egin irratia. Handik hilabete batzuetara sortu zen Gara egunkaria, herritar askoren laguntzaz, eta 25. urteurrena ospatzeko tartea hartuko dute udazken honetan. Azaroaren 29rako kontzertu berezi bat antolatu dute, Baionako Lauga gelan. Patxarangaren saioarekin hasiko dute jaialdia, 19:30ean; horren ondotik, Errobi taldearen emanaldia izango da, 21:00etan, eta amaitzeko, Xutik taldeak joko du, 23:30ean hasita. Sarrerak salgai daude jada Naiz-en webgunean, harpidedunen txokoan. 2.500 sarrera izango dira salgai. Harmailan, eserita edota pistan zutik gozatu ahal izango da jaialdiaz.
Ospakizun biribila egingo dute jaialdi horretan. Izan ere, Gara egunkariak 25 urte betetzeaz gain, 50 urte beteko dira Errobi musika taldea sortu zenetik, eta, gainera, Mediabask hedabideak hamar urte beteko ditu —urtarrilean beteko dira hamar urte komunikabide hori abiatu zela—.
Jaialdian, bestalde, Errobi taldeko Anje Duhalde eta Mixel Ducauren alboan izango dira beste musikari batzuk ere: Txomin Duhalde, Remi Gachis eta Iñigo Telletxea.