Game Erauntsia elkarteak irratsaio bat sortu du Naiz irratirako

Bi astean behin bideo jokoei buruz arituko dira. Twitch bidez zuzenean ikusi ahalko da saioa

Irratsaioa Naiz irratira heldu aurretik, Twitch plataforma bidez egiten dute. GAME ERAUNTSIA.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Bideo jokoei buruz egiten den euskarazko lehen irratsaioa argitaratu da aste honetan: Game Erauntsia. Izen bereko elkarteak egingo du programa, bi astean behin. Lehenbizi, ostegunetan egingo dute, Twitch plataformaren bidez, zuzenean, 18:30ean. Eta, editatu ostean, Naiz irratiak asteartetan emango du, 19:00etan. Podcast plataformetan ere zabalduko dute.

Game Erauntsia elkarteko honako kide hauek egingo dute irratsaioa: Eider Zabalegi, Damian Madinabeitia, Goizane Terreros, Haritz Odriozola, Lander Unzueta eta Maitane Junguitu. Saioaren errealizazio lanak Garikoitz Larrañagak egingo ditu.

Bideo jokoen zaleen euskal komunitatearen ingurukoak jasoko eta aztertuko dituzte irratsaioan hamabostean behin. Unzuetak zera iragarri du: «Gure asmoa da denetarik lantzea: bideo jokoen aktualitatea, albisteak, sektoreko gertakizunak, jolasten garen jokoak komentatuko ditugu, zertan ari garen azaldu... Erreportajeak eta elkarrizketak ere egingo ditugu bideo jokoekin harremana dutenekin». Halaber, Retro atala egingo dute, bideo joko zaharrak komentatzeko. «Aspaldiko» obra klasikoak gogoratzeko asmoa dute. Eta «zeharkako gaiak» ere aztertuko dituzte.

Unzuetak gogorarazi du lehendik podcast «txikiago bat» egiten zuela Game Erauntsiak. «Naiz irratikoak hurbildu zitzaizkigun proposamen batekin, eta irratsaio hau aurretik genuen podcastaren nolabaiteko garapena litzateke».

Game Erauntsia elkarteko kideek nabarmendu dute bideo jokoen zaleentzako ez ezik herritar guztientzako irratsaioa izango dela. Euskarazko irratigintzan ez da zaletasun horren inguruko saiorik egin orain arte. Beste irrati batzuetan halako gehiago sortzea ontzat joko luke Unzuetak. «Telebistan txoko bat izatea ere itzela litzateke». EITBn ez dago bideo jokoei buruzko saiorik, esate baterako.

Elkarteak uste du «benetan garrantzitsua» dela bideo jokoen zaleen komunitateak euskarara itzultzen dituen lanen berri ematea. Lehen atalean, zaleek euskarara itzulitako Super Woden GP eta Return of the Obra Dinn bideo jokoez hitz egin dute, baita Main Loop estudioaren Itadaki Smash jokoaz ere. Klasikoetan, The Legend of Zelda aztertu dute.

Game Erauntsia elkartea 2014. urtean sortu zuten, eta, oraingoz, bideo jokoak euskaraz lantzen dituen elkarte bakarra da. Bideo jokoen inguruko euskal komunitatea sustatzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.