Komunikazioa. Ioritz Berra. 'Hizkamizka' saioko lehiakidea

«Galtzekotan, merezita gustatuko litzaidake izatea, ez nire akatsengatik»

34 saiotan irabazi ostean, 9.900 euroko zakua pilatu du Berrak. Kultura orokor zabala izateaz gain, euskara menderatzea eta azkarra izatea ezinbestekoak dira lehiaketan aurrera egiteko.

EITB.
Adrian Garcia.
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Interneten ikusi zuen Hizkamizka saioko lehiaketan parte hartzeko aukera, eta, langabezian zegoenez, ez zuen zalantzarik izan. 34 saiotan irabazi ostean, lehiaketako marka apurtu du Ioritz Berrak (Donostia, 1984). Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen Iruñean, eta Ingurugiroko Nekazaritza Biologikoa masterra egin zuen ondoren. Gaur izango du berriro zakua puzteko aukera, ETB1en, 18:45ean.

34 saiotan, inork ez du lortu zu garaitzea. Zein da zure sekretua?

Ez dakit. Alde batetik, memoria ona eta jakituria izan daiteke. Baina gauza asko asmatzen ditut, ez berez dakizkidalako, baizik eta hizki nahasi horietan nahiko erraz antzematen dudalako erantzuna. Ez dakizkidan gauza asko daude. Adibidez, aktoreen aurpegia ikusita, ez nuke jakingo haien izena esaten; hizkiak hor ikusita, ordea, buelta eman eta erraz aurkitzen ditut.

Azkartasuna ere ezinbestekoa izango da, ezta?

Erreflexuak behar dira, bai. Lehiaketaren dinamika hartzeak ere asko laguntzen du. Badago jende asko erantzunak jakin bai, baina erantzuteko orduan horren azkar ibiltzen ez dena. Gainera, asmatu behar den azpiko esaldiari ez diote begiratzen oso berandu arte. Teknika horiek barneratuak dauzkadanez, errazagoa egiten zait.

Benetan zaila izango da orduan zuri irabaztea?

Orain konturatu naiz gai naizela galderaren erantzunari begiratzeko eta era berean azpian ezkutuan dagoen esaldian ere pentsatzeko. Azkarrago noa orain, eta aurkari ona beharko da ni botatzeko.

Horrenbestetan platoan, saioko langileek beste baten modura tratatuko zaituzte.

Ematen du programaren parte naizela. Ez dakit ona edo txarra den hori. Azkenean, baten batek botako nau, eta kolpea handiagoa izango da.

9.900 euroko zakuarekin, kolpea ez da horren handia izango.

Bai, sos batzuk irabazita joango naiz. Galtzekotan, merezita galtzea gustatuko litzaidake, ez nire akatsengatik.

Prestatu al zara lehiaketarako? Nola presta daiteke horrelako saio baterako?

Nik ez dut ez dut ezer prestatzen. Agian presta daiteke, Euskal Herriko geografia edo gauza zehatz batzuk begiratuz.

Zein ezaugarri izan behar ditu lehiakide on batek?

Kultura orokor zabala, gai askotan azaleko jakituria. Ez da zertan aditu bat izan gauza guztietan, baina gauza askori buruz jakin behar da, bai. Gero, euskaraz ondo jakin behar da; batzuei gazteleraz ateratzen zaizkie termino asko. Eta, batez ere, azkarra izan behar da.

Zeintzuk dira zure indarguneak lehiaketan? Zein motatako gaiekin moldatzen zara hobekien?

Geografiako kontuekin, agian. Esparru askotan molda naiteke ondo, azaletik, baina denetatik pixka bat dakit. Beste askok, agian, ez dute asmatzen beren espezialitatetik ateratzean. Zientzialari batek, esaterako, ez ditu asmatzen literaturari buruzkoak. Zalantzarik gabe, perretxiko kontuetan dakit gutxien. Askotan atera zait gaia, eta ez dut erantzunik izaten.

Nekazaritza ingeniari teknikoa, eta perretxikoei buruz ideiarik ez?

Perretxikoak jan zalea banaiz, baina ez zait sekula gustatu perretxikotan ibiltzea, eta ez dakit ezer horri buruz. Unibertsitatean ez genuen horri buruz ezer eman.

Beste lehiaketaren batean parte hartu al duzu noizbait?

Ez, lehenengo aldia da telebistan. Mihiluze-n nahi nuen parte hartu lagun batekin, baina, deitu genuenerako, berandu zen, saioa amaitzear baitzegoen.

Zer moduz kamera aurrean?

Askotan eman dezake lasai nagoela, baina tentsio puntu batekin eta urduri egoten naiz. Nahiz eta batzuetan erraz irabazten joan, tentsio hori ez zait joaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.