Komunikazioa

Galiziako TVGko langileek greban jarraitzen dute

Saio berri baten azpikontratazioak eragin zuen greban hastea, urriaren 7an. Harrezkeroztik, hainbat lanuzte eta mobilizazio egin dituzte, eta bi langilek salatu dute zuzendaritzaren errepresaliak jasan dituztela.

TVGko langileen manifestazioa, azaroaren 30ean, Santiagon. CIG
TVGko langileen manifestazioa, azaroaren 30ean, Santiagon. CIG
urko iridoy alzelai
2024ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Galiziako TVG telebista publikoko langileek hilabeteak daramatzate greban. Hasieran mobilizazioak egin zituzten, eta urriaren 7tik aurrera lanuzteak egiten hasi ziren, eta greba mugagabe bat iragarri. TVGko langileek salatu dute saioak azpikontratatzen ari direla, eta horren aurka 24 orduko lanuztea egin zuten abenduaren 13an, grebaren lehen zatiari amaiera emanez. Orain, Gabonetan, tarte batez bertan behera utziko dituzte protestak. Horrez gain, azken urteetan, langileek salatu dute botere politikoek hedabide publikoetan esku hartzen dutela eta galegoaren aurkako erasoak izan direla.

Lanuzteak direla eta, azken hilabeteetan bertan behera utzi behar izan dituzte hainbat saio. Greba O termometro saioaren kontratazioak eragin zuen, hein handi batean, lehen aldia baita TVGk izaera informatiboa duen saio bat etxetik kanpo ekoizten duena. Azpikontratazio hori dela eta, langileek zuzendaritzarengana jo zuten, elkartuta. Papaventos ekoiztetxeak egiten du saio hori, eta Rosa Maria Diez Fernandez da haren zuzendaria: Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren aholkularia izandakoa. Saioa kontratatuko zutela iragarri zutenean, langileek adierazi zuten telebistako arduradunek diru publikoa erabiltzen zutela interes pertsonalen mesedetan.

O termometro saioko bi langileren aurkako jazarpena ere salatu dute protestan diharduten langileek. Haien esanetan, saio horren argiztapena kudeatzen zuten bi langileri mehatxu egin zien zuzendaritzak zigor espediente bat jarriko ziela, greba tarteko behin baino gehiagotan eten baitzen saioa. Protestan ari diren langileek salatu dute bi argi teknikariak «grebaren pagaburuak» direla zuzendaritzarentzat, eta «onartezina» dela jasan duten erasoa.

Espedienteen mehatxu horretaz gain, bi langile horiei lanorduak aldatu zizkieten, eta goizeko txandatik arratsaldeko txandara aldatu zituzten; greba egitea oztopatu nahi zieten horrela, langileen hitzetan. Zuzendaritzak adierazi zuen ordutegi aldaketa hura «antolaketarako kudeaketa hutsa» izan zela, baina Santiago de Compostelako gizarte arloko epaitegiko epaile batek agindu zuen langileek goizeko txandara itzuli behar zutela, zuzendaritzak neurri hori zigor gisa ezarri zuela ebatzita.

Orain, garestiago

Saio berria kontratatzeak 1.040.000 euroko kostua izan zuen. Haren aurretik, bazen beste saio informatibo bat, A revista, eta TVGko baliabideekin egiten zuten. Protestan ari diren langileek eman dituzten datuen arabera, O termometro saioa egiteak hilabetean 5.000 euro gehiagoko kostua du telebista publikoarentzat. Gainera, Galiziako hedabide publikoen legediak dio TVGk ezin dituela informazio saioak etxetik kanpo ekoiztu, baina, hori jakinda, zuzendaritzak entretenimenduko saioen barruan sailkatu du O termometro.

Langileek adierazi dute grebak aurrera jarraituko duela, eta mobilizazio eta lanuzte gehiago egingo dituztela. Horrez gain, iragarri dute grebak aurrera egin ahala beren neurriak «are eta latzagoak» izango direla, «telebista publikoa botere politikoen eskuetan eroriko den» beldur direlako. Azaroaren 30ean manifestazio bat egin zuten Santiago de Compostelan, eta aurrerantzean halakoak berriz egiteko asmoa agertu dute grebalariek.

(ID_17344754838725) (/EZEZAGUNA) TVGko langileen manifestazioa
TVGko langileen manifestazioa, azaroaren 30ean, Santiago de Compostelan. CONFEDERACION INTERSINDICAL GALEGA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.