Badira hilabete batzuk Galiziako TVG telebista publikoko langileek mobilizazioak hasi zituztela, baina beste pauso bat eman dute orain. Joan den astean, lanuzteak egin zituzten hiru egunetan, elkarretaratzeak ere bai, eta gaur greba mugagabea hasiko dute. TVGko langileen ordezkariek nabarmendu dutenez, mobilizazioen arrazoi nagusietako bat da saioak azpikontratatzen ari direla. Hala ere, badituzte kexa gehiago: esate baterako, Galiziako Xuntak —PP alderdiak du gehiengoa— lege berri bat onartu nahi du, eta, horren bitartez, irrati-telebista publikoaren zuzendari nagusia nahieran aukeratzeko modua lzango lukete. Bestelako ondorioak ere izango lituzke legeak galegoarentzat.
Langileen ordezkariek iraileko azkeneko astean iragarri zuten lanuzteak egingo zituztela urrian, esan bezala, saioak kanpora ateratzen dituztela salatzeko, eta, aldi berean, «eztabaida soziala» berreskuratu nahi dutelako. Eztabaida horren bidez, nahiko lukete irrati-telebista galegoko profesionalek parte hartu dezatela langileen baldintzei eragiten dien erabakietan eta zerbitzu publikoaren ereduaren eztabaidan.
Lanuzteen aurreneko egunak urriaren 7a, 9a, 11 eta 14a izan dira. Ez dute akordiorik lortu egunotan, eta, hortaz, greba mugagabeari ekingo diote gaur langileek: lanuzteak tartekatuz joango dira hurrengo asteetan, langileen eskakizunen inguruan akordioren bat erdietsi arte. Lanuzte gehienak eguerdian egiten ari dira, eta horrek eragin zuzena du TVGren O Termometro saioan. Joan den astean, saio hori eten egin zuten langileen mobilizazioaren eraginez; horren ordez, galegozko kateak kanpoko ekoiztetxe baten saioa eman zuen: A Revista.
Langileen ordezkariek esan dute joan den asteko mobilizazio egunetan CRTVGko zuzendaritzak «berebiziko ahaleginak» egin zituela ohiko O Termometro programa ohiko moduan emititu zezaten. «Baina langileen elkartasunaren eta kontzientziaren bidez, zuzendaritzaren helburu hori ez zen bete. Zuzendaritza greba hausteko ahaleginetan ari da». Horren adibidetzat jo daiteke TVGko bi langile eta O Termometro saioaren zuzendaria lan txandaz aldatu dituztela, arratsaldera.
Greba egunekin jarraitu ahal izateko, TVGko langileen ordezkariek elkartasun funts bat abiarazi dute.
PPk gaztelania sartu nahi du
Aste asko dira langileak protestan ari direla. Denbora asko da PPk hedabide publiko horren gain duen «kontrol ideologikoa» salatzen ari direla. Gainera, eragile gehiago sartuko dira jokoan epe laburrean; izan ere, Galiziako Xunta hedabideen lege berri bat ari da prestatzen, eta, horren bitartez, gaztelania sartu nahi du TVGn. Kontuan izan behar da 1985etik hona TVGk galegoz emititu duela. Galegoa da gaur egun TVGren hizkuntza, baina PPk eredu hori aldatu nahi du. Consellor Asesor izeneko erakunde bat sortzeko asmoa du PPk, telebista publikoa kontrolatzeko; erakunde horretako ordezkari izango liratekeen guztiak PPk kontrolatzen dituen erakundeetakoak dira. Interneteko sare sozialetan CRTVGk edukiak nagusiki gaztelaniaz zabaltzea da PPren xedeetako bat.